Diafanoa

Diafanoa –

Diafano deitzen duten horrek erakarri nau betidanik, betitik izan dut horrekiko jakin min eta interes berezia. Ez dakit zin-zinez eta zehatz mehazki zertaz ari naizen. Izan ere, desberdin ikusten dut egunean-egunean, desberdin sentitzen dut diafanotzat-edo jo litekeen huraxe. Hasteko eta oroz gain, horren gaineko ziurtasuna edo ziurtasun eza joaten zait labaintzen egunetik egunera, egunetik egunera eraldatuz doakit horren gainean dudan ulerpena;  baten batzuetan diafano delakoaren izana, bere izatasuna, ezin duda-mudatan jarrizko sumatzen dut erabat; bestetzuetan, aldiz, ez dut horren garbi ikusten bere ezin zalantzan jarrizko izatea, nire irudipena izango ote, ez dakit. Azken honaino ailegatu gabe ere, sikiera pentsatu ohi dut sarri diafanotasun ustezko horrek ez duela zertan derrigor eta ezinbestez beti ere errealitate guzti-guztian txertaturik egon, ez duela zertan errealitate guztia zeharkatu, nahitaezko segidako era jarraitu batean, errealitatea erreal izan dadin.

Gaizki ulertu, edo gutxienez ez bere sakonean, izan da maizenean diafano delako hori. Berorretan gaindi batere trabarik gabe ikusi ahal izatearekin besterekin ez da lotu diafanotasuna; halako era garbi eta gardenean, non zeharkagarri den delako diafano hori berori ez dagoen inondik ikuste-antzematerik. Filosofian baina, diafanotasunaren irismena aipatu horretaz askoz harago doa. Beratan gaindi, beratan zehar, ikusi edo antzeman ahal izatea du ezaugarritzat diafano den delako horrek. Honetan bat egiten du filosofiak ulerpen arruntetik esan genezakeenarekin. Badago, halere, beste ezaugarri bat filosofiak diafanoari aitortzen diona; diafanoa berez ikusezin, antzemanezin, egiten zaigu; ezin dugu berorren berri eman. Hor dago, eta berari esker hain justu hau eta beste hauteman ahal izaten dugu, baina gainontzeko beste guztia ikusgarri izatea ahalbideratzen duen hori, hori berori hain justu, ezin dugu antzeman.

Ikusezin egiten zaigu, hortaz, diafanoa. Diafanoa baina ez zaigu hautemanezin ezkutuan dagoelako, estalita, edo errealitateak gordeka atxikitzen duelako, ez, horren kontrako muturreko egoeran egoteagatik egiten zaigu hautemanezin diafanoa; diafanoa ez dugu antzematen ageri-agerian dagoelako, ziurrenik inoizkorik agerien, inoizkorik begi-bistakoena delako. Honen gainean jarraiko hauxe esango digu Xavier Zubirik: han-hemenka, tokian toki, eta erreal den orotan, edo ororen baitan, dagoen hori, errealitate osoan eta une oro dagoen hori geneukake diafanoa. Den-dena, alderik alde, zeharkatzen duen hori geneukake diafanoa, denean dagoena, eta dena blaitzen eta bustitzen duena.

Zer izango da, bada, den orotan dagoen hori, den guztia hautemangarri bilakarazten duena, ez argiak bezala, ez isiltasunak bezala, askoz ere harago ere, are ilunpe bete-betean ere diharduena, are zarata jasangaitzenean murgilduta ere diharduena? Antzeman ahal izango al dugu inoizko batean beti hain mutur aurrean izateagatik guztiz oharkabean pasatzen zaigun hori?

Igor Goitia

Diafanoa

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude