Desiraren beldur
Desiraren beldur –
Batzuetan nostalgia sentitzen da, ametsak hatzen muturrarekin uki zitezkeen garai haien nostalgia. Ematen zuen zernahi lor zitekeela, aski zela gauza bat desiratzea, huraxe merezi izateko. Ez dakit ikusia duzuen Patrice Leconteren Le mari de la coifeusse film frantziar ederra, espainolez El marido de la peluquera izenarekin eman zutena. Han esaten denez, zerbait ez baduzu lortzen, behar beste ez duzulako desiratzen da. Eta proposamenari atzekoz aurrera emanda: zerbait ez baduzu merezi duen adina desiratzen, ez duzu sekula lortuko.
Bai, nostalgia sentitzen da. Dena posible zeneko garaiena, milaka pertsona kaleratzen zen une haiena: ETAren alde, ETAren kontra, presoen alde, biktimen alde, Egunkariaren itxieraren kontra… Gizarte bizia izan zen noizbait geurea, ez hain aspaldi, gainera, amets egiten zekiena, bere desira zein zen esatera ausartzen zena: OTAN ez, nuklear indarrik ez, Bai euskarari…
Gaur, frontoietan korredoreak bezala, geuk ere tartekariak ditugu, geure izenean negoziatzen duten profesionalak. Amets berdintsuak ditugunok elkartu ondoren izendatzen dugu tartekari bat, eta han joaten da beste amets berdintsu bat duten talde baten ordezkariarekin mintzatzera: mahaia behar dela, holakoa eta bestelakoa, honekin eta harekin, halako egunetan…
Gaur badakigu manifestazio batek ez duela mundua aldatuko. Gutako bakoitza eta denok kalera irten arren, Bushek hortxe jarraituko duela Iraken edo berak nahi duen lekuan. Manifestazio eta mobilizazio erraldoiek, soilik auzoak ere baditugula egiaztatzeko balio dute, ez gaudela bakarrik sentitzeko. Erlauntza bihurtu gara, globalizazioarekin batez ere, eta norbanakoaren neurriaren gainetik daude multzoari dagozkion lege ulergaitzagoak. Erlauntza badoa eta badoa, zibilizazioaren olatuan eta inork ez dakigu nora.
Beldurrak jota gaude, Mendebaldea eta Ekialdearen arteko talkak izutzen gaitu, Iparra eta Hegoaren artekoak kezkatzen… Handiegiak dira problemak, geure auzoko arazoak konpontzeko gauza ez garen honetan, mundua konpontzea egokitu zaigu, txikiagoa eta eskuragarriagoa baita gaur mundua lehen baino. Desaktibaturik gaude, ez gara gauza Irakeko arazo handia konpontzeko, ez gara gauza De Juana, Parot edo 18/98 kasua bezalako bidegabekeria hurbilagokoak gera arazteko… Inpotentzia dugu lagun.
Erlauntza norantz doan ez dakigun arren, konturatuta gaude epelago egiten duela erlauntzaren barnean kanpoan baino. Ez gara hortik mugitu behar, arriskutsua da nabarmentzea. Askotan pitzatu izan zaigu esperantza, ez dugu min gehiagorik nahi. Izan beharrekoa izango da. Ez gara desiratzera ausartzen. Zertarako? Aipatu filmaren alderantzizkoan, irudipena daukagu aski dela guk zerbait desiratzea, bete ez dadin sekula. Hobe, beraz, desira itota, hobe esperantzari puzten ez utzita, hobe bidegabekeriari geure mahaian platertxo bat jarrita.