Desirak eta nahiak

Desirak eta nahiak –

Garazi Aizpurua, Filosofian graduatua eta irakaslea, NAIZen.


Gizakiak etengabe gabiltza hau nahi izaten edota hura desiratzen. Are gehiago, ausardiaz esango nuke batzuetan gizakiak giltzapeturik gaudela ez dugun horretan pentsatzen, ez garen horretan gure indarrak xahutzen. Nerabe ilehori eta begiurdinak ile beltz eta begi berdeak nahi ditu; Nike Airforce zapatillak erostea lortu duenak azken puntako Vans modeloa nahi du orain, eta Medikuntza atzerrian ikasteko aukera duenak Filosofia ikasi nahi du eta ez daki nola esan.

Desirak eta nahiak
Karolina Grabowska

Zalantzarik gabe, geure buruari eta, gizarte gaixotu honi berari, galdetu beharko genioke zergatik daukagun begirada ez dugun edo ez garen horretan. Hala ere, nik hemen nahiaren eta desiraren izaeraz galdekatuko dut gaurkoan: gauza bera al da zerbait desiratzea eta nahi izatea? Zein da, bestela, ezberdintasuna? Nahi gehiago al ditugu desirak baino? Nahiak gureak dira (indibidualak) ala gizartearenak?… Galdera horien inguruan jirabiran aritu ginen duela bizpahiru aste Filosofiako hainbat irakasle Pentsatu 2022 jaialdian. Bada, etxera eraman nituen zalantza horiek eta hona, zuengana, ere ekarri nahi izan ditut.

Esango nuke, oro har nahiak eta desirak une honetan ez dugun baina noizbait izatea nahiko genukeen zerbaiten esperoa adierazteko erabiltzen ditugula biak. Hala ere, intuizioz ezberdintasunen bat badutela iruditzen zait: nahiak lorgarriagoak dira epe motzera, desirak, ordea, urrutiago ikusten ditugu, epe luzera lortzekoak agian edota ezinezkoak kasu batzuetan. Haatik, lagun min batek, nire ikuspegiarekiko desadostasuna adieraziz, zoriontasunaren adibidea jarri zidan, esanez, berak «zoriontsu izan nahi duela» ez duela desiratzen; beraz, nahiak lorgarriagoak diren ideia baztertu zuen horrekin. Hor, hasteko behintzat, nire ustez ikusi behar da nola ulertzen duen hark (norberak) zoriontasuna. Izan ere, esaterako, zoriontasuna hedonismotik ulertuta eta, beraz, epe laburreko plazerekin, hots, bizitzan une eder, alai eta pozgarriak pilatzearekin ulertzen bada, orduan zoriontasuna nahi bat izan liteke, bai. Gakoa, beraz, zoriontasunaren ulerkeran dagoela iruditzen zait kasu horretan, horren arabera erabiliko baita «nahi izan» edo «desiratu».

Halaber, elkarrizketarekin jarraitzeko desira sexual-afektiboez galdetu zidan, orduan. Izan ere, bere aburuz desira sexual-afektiboak epe laburrean lorgarriak dira, baina desirak izaten jarraitzen dute; hortaz, ideia honek ez luke bat egingo nik arestian emandako definizio xumearekin, ezta bien artean eginiko bereizketarekin ere. Ados nago zerbaitekin: ez ditugu pertsonak nahi, pertsonak desiratu egiten ditugu eta, egia da, oro har desira mota horiek asetzea azkarra eta erraza izaten dela. Alabaina, nik komenigarria ikusten dut «desira» kontzeptuaren erabilera zehaztea. Nire irudipena da, desira kontzeptuak bi erabilera edo adiera dituela; bata, orain arte azaldu dudana, hots, guk ez dugun baina, epe luzera bada ere, lortzea espero dugun hori adierazteko eta, bestea, pertsona batekiko sentitzen dugun bulkada sexuala adierazteko; hau da, funtsean, atrakzio sexual-afektiboari erreferitzeko. Nire irudipena da, laguna desiraren bigarren adieraz ari zela eta azken batean, pertsona hau edo bestea desiratzen dugula diogunean, gure grina sexual horri modu eder eta sexy batean adierazteko dela. Dena den, bigarren adiera horrek ez du ukatzen neuk nahia eta desira ulertzeko zein bereizteko eman dudan ikuspegia… ala bai?

Edonola ere, agian hizkera kontu bat ere egon daiteke hor eta, hizkeraren atzean, gizarte mota jakin baten isla. Gure eguneroko hizkera arruntean desira kontzeptua gutxi erabiltzen dugu, eta nahiak nagusitzen dira; aitzitik, batzuetan ez al dira nahietan ezkutaturiko (mozorroturiko) desirak? Nahiak erabiltzen ditugu, agian, noizbehinka bada ere, desirak adierazteko. Bizi dugun gizarte kapitalista eta teknologiko honetan, balioa ematen zaie objektuei eta bat-batekotasunari: gauzak nahi ditugu eta azkar gainera. Nerabe gazteei nahiez edo desirez galdetuz gero, hasiera batean behintzat, gehiengoak objektu materialen zerrenda luzea egingo dizu, baina denbora apur bat eskainiz gero, orduan hortxe irteten dira denok barnean iltzaturik dauzkagun kezkak eta desirak, denborarekin, geure burua ezagutuz, geure ingurukoak baloratuz baina haiei beharrezko mugak jarriz, eta geure bizitza nahi dugun bide hartatik bideratuz, agian lor daitezkeen horiek; bat-batekotasunik gabe, denboraren joanean nabigatuz.

Desirak eta nahiak Desirak eta nahiak Desirak eta nahiak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Desirak eta nahiak”-ri buruz

  • Benat Castorene 2022-12-25 10:12

    Nahia eta desira inguruko burutazio hau ez da bakarrik interesgarria errango nuke gaia erabakigarria dela.
    Desira nahia baino gutiago baliatzen dugu behar bada nahia kontzeptua modu endekatuan baliatzen baitugu beraridesira erranarazteraino.
    Ebe iduriko bi kontzeptuak desberdinak dira oso edo behintzat ezberdinak izan beharko lukete. Eta ezberdintasuna borondatearekiko haien erlaziotik dator..
    Batek, nahiak, suposatzen du barne-erabaki bat hartua izan dela. Beraz nahiaren erabakiari jarraitzen dio ekintza bat, bestela esanda nahia gauzatzen da ekintza batean. Beraz nahiak bi galdera dakarzka noiz? eta nola? eta bi erantzun eskatzen ditu.
    Aldiz, nahia izaiteak ez du eskatzen aurretik jakin dezagun lortuko dugulako segurtamen osoa, ehun ehunekoa.. Justu horretan datz koska bat. Horretarako egiazko nahiak eskatzen du segituan preparakuntza konkretu batean ekitea. Azkenean hau da egiazko nahia, preparakuntza alegia. Preparakuntzak erranen digu noiz eta nola. Edo… sekula zeren preparakuntza saioak erakuts baitiezaguke lorpena ezinezkoa dela. Eta orduan nahia abandonatu egin behar dugu. Momentuz behintzat edo betiko batzuetan.
    Laburbilduta nahiak engaiatu beharko gintuzke preparakuntzak hastera bestenaz ez da egiazko nahia.
    Aitzitik desirak ez du suposatzen ez barne-erabakirik ez noiz-nola galderak ezta preparakuntzarik ere. Desira estatu begetatiboagoa da zeinean bizitza guztia pasa baiginezake beti desiratzen.
    Nahiaren kontzeptua baliatzen dugularik ezinbestekoa da jakitea zinez nahiaz ari garen edo desiraz.
    Erran nezake nahiaren kontzeptua barnatzea eta desiratik bereiztea euskal filosofiaren gai erabakigarria izan behar litzatekeela.
    Milesker Salabardoa eta Zuzeu testu interegarri eta apropos hau gur oparitzeagatik.
    Pesta on zuzeukide guziei eta filosofia maita.