Denbora

Denbora –

Bilbon euskara egunean egin zen Bertsolari Txapelketako azken finalaurrekoan banaka aritzeko eman ziren puntuetan agertzen zen gaiarekin ibili naiz pentsatzen azken egun hauetan. Lehenak horrela zioen:

 

Beti korrika eta 

presaka gabiltza?

 

eta besteak berriz:

Zertarako hartu nahi 

zenuke denbora?

 

Denbora

Bertsolari gehienek haien eguneroko zerbaitekin erantzun zien lehenari. Abiadura handian bizi garela aipatu zuten denek. Estres handiarekin bizi garela. Egiteko hainbeste gauzekin airean joaten dela bizitza. Zail dela aurrera eramatea erritmo hori. Bizitzeko modu horrek ez dakarrela zoriontasunik zion bertsolari batek. Kapitalismoaren eragina dela zioen beste batek, berriz, etekina eta lana bakarrik duela honek helburu. Bazen bizitza mantsoago hartu beharko genukeela erantzun zuena edota lasaiago eta bizitza luzeago bat izatea hobea dela ere erantzun zuen beste batek. Badakit gaiari erantzuten ari zirela momentuan bertsolariak eta horrek ez duela nahitaez horrela korrika eta presaka bizi direnik izan behar, baina itxura batean haien errealitatearekin bat datorrela zirudien eta nik inguruan bizi dudanarekin ere bai. 

Bigarren puntuaren erantzunean, berriz, carpe diem aipatu zuen batek eta baratzean aritzea hiriak duen erritmoaren aurka. Lasai egoteko eta lagunekin egoteko aipatu zuten gehienek. Lasai egotea aipatutakoan erretiroa hartzearekin konparatu zuen besteak eta azken batek oporretara joateko eta egin ezin dituen gauzak egiteko erabiliko lukeela denbora zioen, baina beste bizitza batean izan beharko dela. Tristura eman zidan erantzun zaparrada honek. Oso oinarrizko eta beharrezkoak diren gauzak egiteko denborarik ez dugula adierazi zutelako denek. Lagunekin egoteko denbora esaterako, bakoitzak nahi duen hori egiteko denborarik ez dugula. 

Beste bizitza batean izan beharko da esaldiak eman zidan tristurarik handiena, ordea. Etsipenez onartzen ari garelako daramagun erritmoa eta bizitza. Kapitalismoak ekarri digu hau guztia, lana eta etekina bizitzaren erdigunean jartze hori. Benetan horrela bizitzea onartu behar ote dugu? lagunekin egoteko ere denborarik gabe bizi behar ote dugu? sofan lasai gora begira egoteko denborarik gabe? dena korrika eta presaka bizitzen denbora nola pasatzen ari den konturatu gabe? Uste dut tarte bat hartzea komeni zaigula pentsatzeko eta elkarrekin aldaketari ekiteko. Bestela…airean joango zaigu bizitza!

 

Denbora

Irakaslea Gasteizen. Internazionalismoa eta euskalgintza.