Denboraren taupadak
Denboraren taupadak –
Ulertu uste dugu denbora gure mendebaldar kultur ezin garatuago honetatik. Zertu dugu berau, ezin xeheagokiro ondo zehaztu ere, mende, urte,… segunduka… ederki askoan neurtuz, berau zin-zinez objetiboki hautemana dugula usteta bizi gara. Oso bestela da baina benaz denboraren kontuaz dugun barne ulermena, sinismena; delako objetibotasuna plaza publikoan ezin zalantzan jarrizkoa dugun bitartean, gure golkoan, gure baita baitakoenean, ez dugu baina halaxe sinesten. Nork du denboraren irudipen objetiborik? Denbora, finean, bizitzaren misterio misteriotsuenetako bat baitugu, ezinezkoa baitzaigu berorren berri ematea. Itxura batean, kontrolpekoa, gerora, eta zinetan, zeharo arrotza zaigu denbora.
Denboran barrena gara, eta ezin deboratik kanpo izan. Ezin geure burua denboraren aurrez aurre jarri, ezin berorri buru egin…nola hartaz berorren berri eman? Azkenean, finean eta buruan, zer gara bada denbora baizik? Ez al gaitu denborak izanarazten? Garen horrexetik bestetik ez baitugu denboraz hitz egiterik. Nola gara orduan denboraz arituko berorretik kanpo hitz egiterik ez badugu? Begiak dakusa baina ezin du beure burua ikusi; belarriak, entzunaz, ezinezko du berau entzutea…denborak ere, horiek antzo, izanarazten gaitu baina ezin berorren joan-hariari inondik erreparatu. Ezin denbora inondik begiztatu, ezin. Denbora bizi egiten dugu, berorren taupadak atergabe sentitu. Horrelatsu segundu bati ordubete deritzogu, instant bati betierekotasuna eta, bizitza bien bitartean badoakigu; hau badoa, badoa gure inongo kontrol objetibo gutxienekotik erabat kanpo, badoakigu azkar-motel, ezin antzemanda, ezin kaotikoagoki.
Noiz diozu denborari buru egingo?
“Ne differas de die in diem…” (GERO, Pedro Axular)
…
Denboramina
Minbera zitzaizkidan denborarenak,
hainbatzutan berak zekarzkidanak,
minbera zitzaidan denbora…
Minbera denboraren joan-haria,
berorren joan azkar bizia,
ezin a(n)tzemanezko eran,
zitzaidan minbera.
Egun, aldiz, entzungor naiz bilaka,
itsu, denboraren aurrez aurre,
ezikusia diot egiten egun,
ezentzuna,
ezhautemana…
Ez dakit nondik nora doan,
nondik doakidan…
Eta halan orain bai,
orain bai zinez minberatua.
Denborari ezikusia eginez
Gaurkoaz zabilzkit galdezka,
eta ni, berriz, biharkoaz erantzunka,
Etengabe gaurkoaz galdegin zuk,
eta beti biharkoaz arrapostu eman nik.
“Ne differas de die in diem…” (GERO, Pedro Axular)
Gaurtik biharrera…
Atzoko urratsek bultzaturik,
ditut gainean jada biharkoak,
gaurkoak kasik ezin ikusirik.
“…ez dugu bizitza laburra hartzen, geuk egiten dugu labur; ez gara
haren eskeko, hondatzaile baizik. (BIZITZAREN LABURTASUNAZ, Seneka)
Igor Goitia
Denboraren taupadak II