Denbora galtze alderako deia (Bitoriano Gandiaga)

Denbora galtze alderako deia (Bitoriano Gandiaga) –

Denbora galtze alderako deia (Bitoriano Gandiaga)Etekin, utilitate arrazionaltasunaren aurka altxa zen Franz Hinkelammert, eta, horren harira, Lo indispensable es inútil izenburu duen bere liburuan hain justu horretaz aritu zen; “ezinbestekoak ez du ezertarako ere balio”. Balioa, betiere aipatutako etekin arrazionaltasun hotz eta kalkulatzaile gupidagabearen argitan, zera baino ez da; helburu ekonomikoek, errentagarritasun irizpideen aldetikoek, geure bizitza, bizitzatik bainoago, gure curriculumetik eta gure karrera profesionalaren arabera ulertzeak, eta, oro har geure denbora zertan okupatu horren guztiorren arabera antolatzeak… horrek guztiorrek ebatzaraziko digu zer egin eta zer ez une oro, zer hautatu eta zer ez, zertan igaro gure denbora eta zertan ez, noiz aprobetxatzen dugun denbora eta noiz, aldiz, alperrik galdu berau…

Esandako honen baitan, ezinbesteko eta “inultila” omen den horren baitan, Bitoriano Gandiagaren Denbora galdu alde obrak askorik digu kontatzeko eta zertaz hausnarturik ere asko emateko. Hinkelammert-ek “ezinbesteko eta alperrikako” horren aldezpena, filosofikoki, politikoki, eta finean maila teoriko batean, egin bazuen ere, Gandiagak, aldiz, bere gainontzeko obretan bezala, oso beretik egin zuen, bere hezur-haragizko bizipen pertsonaletatik. “Ezinbesteko alperrikakoaz” ezin adierazgarriagoki mintzo zaigu Bitoriano “Denbora galdu alde” liburuan, oso zintzoki hitz egin ere, eta euskara ezin ederragoan, bide batez esanda.

Bitoriano Gandiagak, bere bizialdi aberatsean zehar,  makaldiak ere, bere barne ahuldadeak ere eduki zituen eduki, zeharkatzen zuen fede sakona tarteko ere. Izanez ere, berrogeita hamaka urteko zelarik, bihotzeko modutsuko batek jo zion; gerora baina, bihotzetik ezer izan edo ez, antsietate gorabeherak zirela dardaraldi fisiko horren eragileak esan zion argi sendagileak eta, hartaz, kardiologia konturik ez zegoelarik,  psikologiatik edo psikiatriatik tratatu beharrekoa zela berea.

Eskuarteko liburu honek egin behar izandako psikiatria kontsultak eta izandako harako terapia sesio horiek zabaldu zioten barne hausnarbidea du oinarri eta inspirazio iturri. Bada, kontsulta horietan izandako hitz-aspertu horietan, hasiera-hasieratik agertu zena, gerora ere terapiaren xede nagusi bilakatuko zena, eta liburuari berari izenburua emango ziona, denbora galtzen ikasteko agindua zen, agindu terapeutikoa. Hein horretan, ederki antzeman zion sendagileak Gandiagari hasieratik bertatik bere estualdiaren zergatikoa: perfekzionismo itogarri bat, dena txukun-txukun egin beharraren presioa, dena eta denon begi-belarrien pean ezin hobeto egin behar izatearen presio eta estutasuna. Horratx, hortaz, medikuak luzatutako errezeta-aginduak betekizun zuen efektua, perfekzionismo horren, eta beti dena eta denontzat ezin hobeto egin behar izate horren presio itogarriari “kontrapisu” edo “konpentsagarri” izatea. Liburuak ere, hartaz, hari beretik, beste horrenbeste luzatuko digu; hasieratik sendagilearengandik jasotako diagnostikotik abiatuta, bere lumaz berau testuratu eta hortik emango dio abiagune liburuari:

“Tira ba, eta horra, azaldu dizkiodanen ondoren egin didan karikatura. Zeure nagusien kuttuna zara zu, hala izan behar duzu nahitaez. Begi-belarriz bizi zara erregelamenduen xehapen bakoitzera, zure nagusiek konfiantza guztia dute zuregan, denean zara zintzo eta aurretiaz dakite agintzen dizuten guztia ondo baino hobeto egiten saiatuko zarena… zu han arituko zinateke eginkizunen martxa ondo eta hobeto eraman beharrez lehertzen. Mila torloju baldin badira egin beharrekoak, ehun gehiago aterako zenituzke…”

Diagnostiko gogorra gero Gandiagaren belarri-zuloentzat! Gogortxoegia gero! Ez zekien, dena den, zer ere zen gogorragoa bere psike-arimaren nortasun perfekziozalearentzat, bere buruaren gaineko honelako argazki gordina, edota, berorrek eskutik zekarren “bizitza lasaiago hartzeko” sendabide-errezeta? Hasiera batean, nekoso egin zitzaion zinetan horrelako hitzei harrera on egitea. Handik gutxira baina, pixkan-pixkana beratu-samurtuz joango zen bere adimena eta eme-emeki bat egiten sendagileak ziotsonarekin. Halere, prozesua ez zuen kolpe bakarrez egin, eta, aldiz, joan-etorrika ibili zen, onartu, ez onartu artean ibilita: “medikuak arrazoirik ez zuen faltako” zioen bere artean, baina, horrekin batera, halaber horren aurrean ondo ernegatu ere, eta “zabarkeriaren etsaitzat” jo bere burua, eta bera inguru guztitik fantasma hori uxatzen aritutako txakurra izan dela aitortu ere.

Joan-etorri hauek zer pentsaturik asko eman zioten, eta, azkenerako, bere nortasun eta  izan molde hori onartzera guztiz errenditu zenean, haren zergatiak non ote zeuden beure buruari asko galdegin ere. Nekez onar zezakeen jatorria berez berarengan zegoenik; kanpoan, kanpo testuinguruan, eta bizitako hezkuntza, haurtzarotik, txiki-txikitandik lanaren kulturan ikusi uste zuen horren guztiorren iturria:

Zabarkeriaren etsai izan nauzu eta fantasma hori ingurutatik uxatzen zakurra izan naiz. Bego hori hor eta natorren neure haurtzaroan inguratu ninduen giroari begiratu bat ematera. Bizibeharrak ondo zaildutako jendearen artean iratzarri nintzen. Inondik inora eta inoiz geldi ez zegoen jendearen erdian. Lanak, eginbeharrak, arazoak betiko menpetasunean zerabiltzan gizon eta emakumeen tartean. Dena zuten haiek morrontza. Obligazioa zuten lanaren jaun, erlijioaren jaun, ohitura eta usadioen jaun. Eta txikitatik ikasi behar izan genuen, ahal genuen neurrian, berak zanpatzen zituen zeregin etengabekoetan laguntzaile izaten. Jolasa, olgeta, denbora iturrira bidean, dotrinara edo eskolara bidean galtzea erru bezala ikusten irakatsi ziguten. Behiak zaindu behar genituen larrean, itaurrean egin behar genuen, eskolatik bukatzen zenerako zuzen eta bizkor etxeratu behar genuen…”

Berarengan, edo kanpo testuinguruan, zein bietarik izan, oso berez-berezkoa zuen perfekzionismo eta azkenerainoko bete behar izate hori. Betekizunerako konbentzimendu guztizkoa izan du beti eta horren adierazgarri-edo zera diosku; betitik entzun ohi duela zintzotasuna genuela bertutetan bertute, eta berorren isla lana zela, lan betean aritzea, eta hortaz denbora galtzen, alperrik sekulan ez egotea.

Alabaina, guztiarekin ere, azkenerako bere burua bizi duen izan molde honen ohartun egiten denean, onartze horrekin batera eta berehala ustezko bertute horren atzealde beltza ikusi ahal izan zuen:

“Bizitzako dohain nagusi den bizitza bera, bizitzaren berezko poza, bizitzaren ditxa dastatzeko astirik gabe bizitzeak, ba al du zorioneko zintzo izatearen eta izan beharraren gustozko konpentsaziorik? Inoiz irratiz edo, halako mutikori zorion emanez “txintxo” izateko kontseilua aditzen dudanean, tristura halako bat dut nabari ohi. Txintxo izate hori agindu, ohitura, usadio, inoren komodidade edo erosotasunkeriaren morrontzapean bizitzeko inbitazio, dei eta kontseilu bezala aditu ohi dut. Nik ez dakit zer behar litzaiekeen haurrei opa, baina ez genituzke alferrik kezkatuko dituen ezertara erakarri behar, bizipozaren poza saltari ospa dezaten lasaitasunera baino.”

Azkenik, azkenerako, Gandiagak birjaiotze moduko bat izan zuen bere berrogeita hamaka urterekin, bizitza-ikuskeraz bederen, berak berez horrela deskribatu ez bazuen ere; aipatutako joan eta etorri askoko barne hausnarbide horretan aurreratuxea jada zegoenean, argi ere argi ikusi zuen azkenerako zinetan non zegoen berarentzat eta gizakiarentzat oro har, bizipoza. Bizitza gogorraren eskola zaharrak ekarri zuela gerorako erosotasun material guztia onartzen zuen Gandiagak, baina, horrekin batera, aitortu ere erosotasun eta konfort material horren guztiorren ordaina garestiegia izan dela, eta, azken buruan, “gaurko gure soseguaren odol freskoa xurgatzen duen lilurazko erakargailu maltzurra dela”. Bizitzaren gozapen sinpleari leku gehiago egin behar zaiola aitortuko du eta “bizitza lasai bizitzeko alferriko diren kontsumokeriaren mila eskainkizun lortzen saiatzeari ere utzi”, alferrik estutzen gaituzten helburuei bizkarra emanez, eta, hortaz bizitza soilari atxikiz, lasai bezain sakon bizitzen ikasi behar dugula esan zigun.

Honetaz guztionetaz zegoen konbentziturik oso azkenerako Gandiaga. Gogorra egiten zitzaion baina praktikara eramatea konbentzimendu hori. Berak zioen moduan, oso minbera zuen artean azala, egindako hausnarketa guztiek ezin beratuzko azal minbera zen berea, kanpoko ardurekiko minberegia. Bere ezina aitortu beharrean sentitzen zuen bere burua; ezin egunerokoa lasai hartu, gauzak ez estu hartzea zailsko, eta ezin egunerokoan “denbora galdu behar hori” inondik txertatu. Horregatik agian genuen Gandiaga horren bakartia, horren bakardade zaletua: “ez nauzu lagunarteko, ez nauzu berritsu ere. Bakardadeak, isiltasunak egin naroe libere”. Denbora galtzea kasik ezinezko zitzaion, lasaitzea nekosoa eta, bien bitartean, bakardadean ikusten zuen ihesbide bakarra. Bizitzan zerk distraitzen zuten, zerk eragozten berorretaz zinetan gozatzea, gozatzeko paradak zerk alperrik zapuzten, zerk estalarazten begi aurretik pasatako hori garaiz ikusi ahal izateko… hori guziori bakardadean sikiera ikusten  zuen argi. Inflexio puntu berebizikoa Gandiagak bizitakoa, inflexio puntu bat bere pertsona berez eraldatuko ez duena, baina bere begirada edota, oroz gain, bere begiradaren gainean geroztik izango duen kontzientzia errotik eraldatuko duena:

“Ai, presentearen presentzia guztia ikusiko bagenu, gauza bagina presentearen presentzia orokor eta zabala ikusteko! Baina batez ere presentearen aurrean aukera egokirik egiteko gauza bagina! Baina presentea konplexuegia izan ohi da eta orduan, bakoitzak nolakoa den, nolako joera eta gustoak dituen, horrela egin ohi ditu bere aukerak”.

Denbora galtze alderako deia Denbora galtze alderako deia Denbora galtze alderako deia

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude