Debatik Reusera, eta Reusetik Gernikara
Debatik Reusera, eta Reusetik Gernikara –
Duela hiru bat aste, supituki, Reusen (Herrialde Katalanak) amaitu nuen Debako koadrila handi batekin. Trobada-Topaketa egin zuten asteburuan, eta adiskidantza ezberdinak tarteko han amaitu genuen bi lagunek, tarinez (debarrez) betetako bi autobusetan joanda, 75 lagun inguru orotara.
Gauza asko egin genituen, tartean jan, edan eta dantza egin. Baita Korrika ere. Baina badira bidai azkar hartatik nabarmendu nahiko nituzkeen kontu gutxi batzuk:
Jorrai dantza
Urtean behin, San Roke jaietan, Jorrai Dantza egiten da Deban (aitzurren dantza). Dantza honek lana eta jaiaren errepresentazioa egiten du: dantzariak aitzurrekin eta erdian parrandazalea, zahagiarekin. Azken honek enbarazu egiten die beharrean dabiltzanei, eta makilkadaka lurrean uzten dute tripaz gora, zahagiaren gainean.
Castell-a
75 lagun ez dira edonon sartzen, eta Reuseko castell taldeak entrenamenduak egiten dituen egoitzan pasa genituen bi gau. Castell tailer bat egiteko aukera izan genuen, zati batean sabairik ez zeukan eraikin hartan.
Gutako gutxi igaro ziren gazteluan beheko solairutik lehenengo pisura, izan beldurraren erruz, edo kiloen ondorioz. Neroni basean geratu nitzen, piñan. Berezia da oso. Goizean entsegu txiki batzuk egin eta gero arratsaldean plazan egin genuen castell bat, jende dezenteren aurrean, gu beti ere basean. Sentsazio gozoa da, betegarria, norberaren suen betagarria; sokatiran ezinbestekoa sentitzen zarenean bezala, baina arrisku puntu handiago batekin. Ederra zinez.
Bonbardaketen aurkako babeslekuak
Reusek 100.000 biztanle inguru dauzka gaur egun, eta 1936ko gerra hasi zenean ere hiri esanguratsua zen: industria sare zabala, merkatu garrantzitsuak eta langile mugimendu bizia. Gerrak aurrera egin ahala, frankismoaren hegazkinek ere ikasi zuten bertarako bidea. Hegazkin italiarrak Balear Uharteetatik irtetzen ziren, tarte txiki baten buruan lehergai guztiak jaurti eta arriskurik gabe basera itzultzen ziren, kataluniarrek ez baitzuten hegazkinik botatzeko tramankulurik.
Hirian, gaur egun, bonbardaketen aurkako hainbat babesleku mantentzen dira, tartean Reuseko historialari batekin bisitatu ahal izan genuena. 1500 pertsonentzako tokia zegoen babesleku hartan, 9 metroko sakoneran, Reus erdian, eta bikain mantentzen da. Pasadizoak estu samarrak ziren, sabaia ez zegoen oso altu, eta hunkitu egin nintzen bertan bonbetatik ihesi ezkutatu zitezkeen 1500 lagunen arnas hotsa irudikatzean.
Irteeran zapore gazi-gozo bat neukan. Bertan geunden guztion artean ez ginen gai izan Euskal Herrian ea gerra garaiko babeslekurik zegoen esateko, ez genekien, eta noski, bazegoen ez genuen sekula bisitatu.
Bonbardaketa askoren 80. urteurrena betetzen den honetan, jakin dut Gernikan badirela bi babesleku, oraindik ere bisitarientzat zabalik: bat Pasialekua, zaharren egoitzaren tabernatik sartuta; bestea, Astra fabrikan. Astrakoa 1936ko irailean eraiki zuten, “Talleres de Gernika” eta inguruko lantegiko langileei babesa ematearren. Ahaztuta zegoen historiaren lekuko hau, eta 2005. urtean “Astra, Unceta eta cia” lantegiko pabiloi zaharra bota zutenean berreskuratu zuten. Hormigoizko eraikuntza gezurrezko sabaipean “ezkutaturik” zegoen, beraz, bonbardaketan parte hartu zuten hegazkinek, airetik ikusita, etxebizitzatzat har zezaketen.
Pena da, tronpatzen ez banaiz, Eibarren, Durangon, Elorrion, Bilbon… eta bonbardatu zituzten beste herrietan horrelako tokirik ez geratzea. Reusen adiskide batek esan zuen, erdi txantxetan, upategi bezala erabiliko dituztela batzuek gaur egun.