Covid-29

Covid-29 –

Hamar urteko salto bat baino ez. Covid-19a nola edo hala gaindituta, birusaren mutazio berri batekin topatzen gara. Covid-29a deituko diogu, originalegiak ez izateko. Gaixotasuna oso kutsakorra da eta jada bizitako egoerara bueltatu gara. Baina ez gaude puntu berean. 2029an ahoko seguruagoak dauzkagu, ospitaletan sorrera berriko arnasgailu gehiago daude eta testak azkarrago garatzen dira. Hala ere, gaixotasunak hedatzen darrai eta neurri murriztaile berriak gehitu dira aurreko pandemiatik mantentzen zirenetara. Berriz etxetik lanera/eskolara eta handik etxera. Aurreko esperientzia izanda, ez du hain traumatikoa ematen, baina oraingoan nahiko ezberdina izango da. Hamar urte oso denbora emankorra da teknologiak perfekzionatzeko eta aplikazio anitz zabaltzeko. Eta ez bakarrik medikuntzan edo immunologian. Era berean, osasun-larrialdiei erantzuteko babespean, lege-aldaketak gauzatu dira, populazioarekiko neurri berriak ezartzea ahalbidetzen dutenak.

Covid-29

2029an, itzalita egonda ere sateliteei kokapen zehatza ematen dieten sakelako telefonoak baino ez daude salgai. Baina, mugikorra izan ala ez, NAN berriak txip-igorle bat integratzen du kokagune jakitea bideratzen duena. Salbamendu kasuetarako oso lagungarria izan daitekeen gailuak jakinarazten du ere nor dagoen erroldatze-etxetik kanpo ez baimendutako orduetan. Gainean ez eramateak isun handia ekartzen du, baina oraingoan isuna ez da heltzen kaletik pasatzen den polizia-patruilaren eskutik. Lurralde osoa kontrolatzen duen lokalizatzaile-sistema baten bidez informazio hori erregistratu eta isuna automatikoki tramitatzen da. Mugikor zein dokumentu txipadunek elkarrekin dauden gailuak ezagutzea errazten dute ere, bizikideak ez diren lagunen elkartzeetarako disuasio-elementu bezala.

Eta antzekoa autoekin. 2027a baino lehen matrikulatutakoak libratu baziren ere, data horretatik aurrera guztiek daramate gidatze-ordenagailu bat, ezinbestez posizioa ematen duena. Satelite-sarearen bidez auto berrien kokapena monitorizatuta dago beti, eta ezarritako zirkulazio-zonaldetik ateratzekotan oharpen-mezu bat heltzen da momentuan. Zabaldu berria den 7G teknologiak operazio hauek guztiak sinestezinezko azkartasun eta doitasunarekin egitea bideratzen du.

Hala eta guztiz ere, posiblea da oraindik aparatu igorle guztiak etxean utzi eta kontrol-saretik ihes egiten saiatzea. Oso gutxi ausartzen dira jada, batzuk “ehizatuak” eta hedabideetatik oparo zabalduta izan ostean. Izan ere, lehen poliziak era puntualean erabiltzen zituen droneak hiriko zeruaren elementu ohikoak dira orain. Egun, ezarritako mugaketak inork ez apurtzea kontrolatzea askoz sinpleagoa da. Gutxiagotan ateratzen da polizia korrika eta presaka norbaiten atzetik. Komisaldegitik edo, etxetik bertatik tele-poliziarena eginez, esleitutako dronekin aritzea estres gutxiagoko aktibitatea da. Drone hauek hiritar bakoitzaren telefonoa eta NANa identifikatzeko gaitasuna daukate, kaletik dokumenturik gabe nor dabilen detektatuz. Dronearen bozgorailutik identifikatzeko eskaerari muzin egitekotan, orduan bai hurbiltzen dela patruila, droneak iheslariaren kokapena ematen dion bitartean. Droneak beste funtzio askorekin ekipatu dira, besteak beste, aurpegi-miaketaren bitartez bidezkoen artean ahokorik gabekoak hautemateko edota errepideetatik doazen kotxe zahar guztien matrikula irakurtzeko eta dagokien eremutik kanpo dauden antzemateko. Polemikoagoa da dronen beste erabilera bat, kalean zalaparta handia eta parlamentuan ika-mika nabaria sortu zuena baina, azkenean, gobernu eta oposizioko alderdi batzuen hitzarmenaren ondorioz onartu zena: manifestazioak airetik kontrolatzea eta, beharrezko ikusten dutenean, jendea sakabanatzea gas narritagarriak jaurtiz eta kanoi sonikoak erabiliz. Dronen teknologia asko hobetu da EEBBetako armada Afganistanen erasotzeko elementu bezala erabiltzen hasi zenetik, gerra-agertoki ezberdinetan probatuta: kurduen kontrako eraso turkiarrak, erresistentzia palestinarraren jazarpena okupatzaile sionistengandik, edota ejertzito azeriak armeniarren posizio eta gerra-ibilgailuetan erraztasun handiz eragindako suntsiketa. Erabilera militarretik erabilera polizialera pausu bat zegoen eta negozio-lerro hau oso garapen handia izan du. Aldi berean, Estatu batzuek manifestazioak erreprimitzeko eta terroristatzat hartuak kalean bertan neutralizatzeko erabilera legeztatu dute.

Gailu eta aplikazio hauen garapenak inpaktu ekonomiko nabaria dauka Euskal Herrian. Izan ere, telefono berrien osagai batzuk, txip igorleak eta euskal kaleak eta zeruak kontrolatzen dituzten drone asko hemen bertan ekoizten dira. Unibertsitate, ikerketa-zentro eta enpresa teknologiko ezberdinez osatutako klusterrak hartzen du parte aspaldidanik kontrol-elementu hauen garapen zein ekoizpenean ere. Hain zuzen ere, abiatu berri den Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Euskal Planaren ardatz nagusietako bat da, diru publikoaren injekzio nabaria jasoz. Ekonomia suspertzen duela eta aitzindari garela esaten digute buruzagi politikoek, eta langile askok itxaropentsu hartzen dituzte mezuak lan ugari eta kalitatezkoak sortuko direlakoan. Garapen teknologiko berriak Garapen Jasangarrirako 8., 9., 11. eta 17. helburuekin bat datoz eta aplikazio guztiek euskarazko bertsioa daukate. Gainera, Europan homologatutako Kode Etikoa betetzen dute. Hemen, momentuz, dronek ez dituzte pertsonak hiltzen. Bakarrik gure aingeru begirale dira, une oro gure onerako gu kontrolatuz, hiritar batzuen amorrurako, beste batzuen miresmen eta txaloen artean, eta gehiengo baten ustezko halabeharrezkoarekiko onarpenez.

Hamar urte falta dira Covid-29aren agertoki horretaraino. Fikzio-zientzia? Inondik inora. Aipatutako teknologia eta azpiegitura errealitatea da 2020an. Garatze pixka bat, zabaltze masiboagoa eta aldaketa legal batzuk baino ez dira falta 2029an egi bihurtzeko. Txertoekin bezala, asmoak errealitate bihurtzeko epeak asko labur daitezke interes eta finantzaketa nahikorik egonda. Eta, salbuespeneko egoera argudiatuta, jendartean indartutako boterearekiko permisibitatea oso lagungarria izango da laburbideak hartzeko. Ez, ez da testu honen xedea norabide horretan ideiak ematea. Botere guneetan eta teknologia berrien industrian mugitzen direnen buruetan aspaldidanik daude. Noraino helduko dira/gara? Utziko ditugun punturaino. Horregatik ez dago soberan 10 urteko salto bat egitea eta ekarriko digutena aurreikustea. Gertuegi dago.

Covid-29  Covid-29  Covid-29

Internazionalista. EHUko irakaslea