Charlotte eta John
Charlotte eta John –
Sarritan gertatu zait. Sarean datu edo albiste baten bila abiatu eta… tartean hainbat iragarki, laster-leiho, edota “babestutako edukiak” saihestu behar eta, hala ere, amaitzen dut nahi ez nuena irakurtzen. Horretan espezializatu dira hainbat enpresa. Horretaz bizi dira. Internet-en nabigatzea eragozpen lasterketa bihurtu da. Egia da iragarkien blokeatzaileek beren lana egiten dutela, baina hala ere, eduki horiek, nola edo hala, lortzen dute zirrikitu batetik edo bestetik zure intimitatera iristea.
Joan den astean gertatu zitzaidanak zurt eginda utzi ninduen. Arabako gaztelaniazko bigarren kazetaren edizio digitalean sartu nintzen. Sakeletik. Albiste batek arreta piztu zidan. Honela zioen, euskarara ekarrita: “Neska bat laguntza eske sartu da Gasteizko udaletxera bere bikote ohiarengandik ihes eginez”. Irakurri eta gero, urdailean zimiko bat sentitu nuen. Justu bere azpian, beste batek atximur egin zidan bihotzean. Honela zioen: “50 urtez maitatu zuen eta, gizona zendu eta gero, honelako egia ikaragarria deskubritu zuen”. Nire alerta guztiak aktibatu ziren. Gerora konturatu nintzen albisteak “babestutako edukiak” etiketa zuela goialdean. Hala ere, jarraitu nuen. Hariari tiraka, beste lerroburu are sentsazionalistagoa topatu nuen: “Emazte batek, margolan baten berniza kendu eta gero, bere gizonak 50 urtez gordetako sekretua deskubritu du”. Sasi-albisteak ez zeukan nondik heldu. Ez zeukan egiletzarik. 2021eko ekainaren 25ekoa zen. Protagonistak: Charlotte eta John. Nongoak? Auskalo.
Kosta egin zitzaidan albistearen amaierara iristea. Gaizki idatzita zegoen, ikuspuntu erabat tradizionala —heteropatriarkala noski—. Ez zituen errespetatzen albistearen urrezko arauak. Paragrafoen artean makina bat iragarki… 80tik gora zenbatu nituen. Albistearen bukaeran, Charlottek deskubritu omen zuena ez zen batere beldurgarria: John-ek kutxa gotor batean utzitako herentzia bat omen zen. Kasu honetan spoiler-lana egitea eskertuko didazue.
Galdera: Nola liteke prestigiozkoa omen den kazeta batek horrelako edukiak argitaratzea? Kexatuko al dira gero komunikabideetako jabeak beren medioen sinesgarritasuna maldan behera doalako?
Zorionez, tipo horretako edukiak ez dituzue hemen topatuko. Ez idatzizko bertsioan, ezta bertsio digitalean ere.