Bostehun gau

Bostehun gau –

Astelehena. Zergatik hemeretzi egun? Zergatik zehazki hemeretzi? Sabinaren abestian, diot. Bostehun gauekoarena argi samar geratzen da: gauez buelta asko ematen dizkiegu arazoei, doluari; bihozminari. Gauez ahulagoak gara; hauskorragoak, tematiagoak.

Bostehun gau
Arg: Sergio-sq

Joaquin Sabinaren abestiak ikasgelara eramaten ari naiz baliabide literarioak -soneto batean baino metafora gehiago aurki ditzakegu- lantzeko, eta lerro horretan –«diecinueve días»- trabaturik geratu naiz eskola saioa prestatzen nagoelarik. Agian ikasleei horren arrazoia bururatuko zaie edo agian ez dute Sabinaren musika entzuten… «Hemeretzi». «Hogei» zenbaki biribilagoa izango litzateke… Ez dakit. «Y el portazo sonó -símil- como un signo de interrogación». Danbatekoarena… Ateena. Ateak. Badago -badatorkit burura- ate hizkuntza bat.

«Ate hizkuntza» modu autodidaktikoan ikasten dugu. Kode konplexua da, baina, aldi berean, intuitiboa: ate ireki bat, hermetikoki itxitako ate bat, ate erdi ireki bat. Segun eta nola zabaldu edo ixten dugun, mezu ezberdinak bidaltzen ari gara. Segun eta nola topatzen ditugun mezu ezberdinak helarazten dizkigute. Ateak… Batzuetan espazioen barruan aurki dezakegunaren aurrerapena dira; beste batzuetan, ordea, ez dute zerikusirik barnekoarekin. Atea itxiko dugu gure atzean sartu berri den pertsonari konfidentzialtasuna transmititzeko. Irekita utziko dugu, sartu nahi duena gonbidatzeko. Portzierto, badirudi Assangek ate txiki bat aurkitu duela estradiziotik eskapatzeko.

Asteartea. Nire koadrilako batek, Bartzelonatik Aste Sainduan ibili dena, bere oporretako argazki batzuk erakutsi dizkit. Familia Santuaren tenpluaren itxurak kezkatu nau: irudiek erakusten dutenez basilika ia amaituta dago. Bisita egin nionean, duela hogeita hamar urte, ez zeukan ezta aterik ere, barruan hormigoi-makina bat baino ez nuen topatu eta dorretako bakar bat altxatuta zegoen. Pentsatu nahi dut denok jakin badakigula eraikuntza hori ez dela inoiz amaitu beharko; tenplu hori, hain zuzen ere, prozesu horri, amaigabetasunari monumentua delako. Aldamio edo eraikuntza-material baten bat egon beharko da beti inguruetan, beraren esentzia, funtsa gal ez dezan. Beti falta beharko dela zerbait. World Central Kitchenaren kontrako erasoa… Gazarena. Gudak, gaur egun ez dira bukatzen, izoztu egiten dira… Ez daukate aterik.

Asteazkena. Beste zerbaiten bila dabilela, aitona (aita-ona) eta amona (ama-ona) hitzen etimologiarekin topo egin dut. Bitxia da, askotan zerbait izaten dugu aurrean eta ez dugu ikusten: «ona» horretan dago aitona-amonen figura, muina; gurasoek bezain gogor zuzendu behar ez dituztenak, bilobak lainezaz betea dauzkatenak. Maitatzeko beste era bat, beste ate bat. Zabalagoa, errazagoa. Kurt Cobain… 30 urte dira joan zela. Presaka; larrialdiko atetik.

Osteguna. Egunkariak dio Agirrezabala izango dela Errege Kopan gure atea defendatuko duena. Ez dakit nola ez dagoen ikasgairen baten bat: norbaitek irakatsi beharko liguke ateak irekitzen eta ixten, fisikoki eta metaforikoki. Gaizki itxitako -metaforikoki edo fisikoki- ate batek arazo asko ekar diezazkiguke.

Ostirala. Tenperaturak gora. Normalean konbentzionala da, baina batzuek badute merezi duten izena. Eunate bat aurkeztu didate, irekia eta kanporakoia, ehun ate dituen neska bat. Bankman-Friedaren kriptotxanponak…

Larunbata. -El inglés te abre muchas puertas -dio telefonoz metroan nire ondoan eserita dagoen gizonak. Sevillarena.

Igandea. «Zergatik hemeretzi, maitea?», galdetu diot nire emazteari. «Nola hemeretzi?», galdetu dit berak. -Sabinaren abesti horren «tardé en olvidarla diecinueve días y quinientas noches» zenbaki horiek? Zergatik justu hemeretzi…?

«Bada zenbaki xume bat baino ez», argitu dit berak. «Baina zergatik ez hamazazpi edo hogeita hiru…?», nabarmendu diot logelako atea geldoki, pentsakor, erdi itxi dudalarik. «Edo hirurogei… Zergatik ez, esate baterako, hirurogei…?».

«En fin», xuxurlatu du berak sabaira begira.

AsteRkaria

ABostehun gau  Bostehun gau

Irakaslea, idazlea; hurrenkera ez daukat batere argi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude