Bihotz bakarra daukagu

Duela hilabete pare bat bihotzekoa eman zion lagun bati. Gaztea da eta bortitz eman bazion ere, ederki osatu zen hartatik. Alta eman behar ziotenean, kardiologoak serio hitz egin zion beste horrelako krisi bat saihesteko. Izaeraz eta osasun-ohituretaz galdetu eta zenbait jokabidez ohartarazi zion.

Laguna zuzena da, langile fina, hitzordu guztietara garaiz iristen dena, iluntzeko orduetan bizilagunak ez gogaitzeko telebistaren bolumena jaisten duena, semaforoa berdez dagoenean soilik igarotzen duten eta hartutako konpromezu guztietan zintzo konplitzen duten horietakoa. Medikuak lagundu nahi dio, bihotza ahal den osasuntsuen zaintzeko jarraibideak eman. Eta aldatzeko eskatu dio: ingurura begiratzeko eta haiek bezala egiteko; axolagabeago izan behar dela esan dio, ez hain puntual, ez hain zuzena, ez hain fina.

Lagun gaixo gizajoak erantzunkizun bikoitza dauka orain. Bere bihotz-gaixotasunaren erruduna da. Nola izan liteke hain zintzo, hain arduratsu? Ez daki nondik hasi: tabernetan pintxo gutxiago ordaindu, zaborraren bereizketa ez egin, errentaren aitorpena datorrela eta gutxiago deklaratu… Orain arte zerbait gaizki egin du eta hemendik aurrera konpondu beharko du. Bihotzarengatik.

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz