Berriro jaioko banintz

Berriro jaioko banintz –

Azken urteotan asko igo da galtzerdien suizidio-tasa. Kaleetan, patioetan, plazatan… edonon topatzen ditugu bere buruaz beste egin duten galtzerdiak; hantxe, lurrean botata, bakar-bakarrik, nork erreskatatuko zai.

Berriro jaioko banintzTristea da gaur egun galtzerdia izatea. Garai batean bederen, zulatu eta etxekoandrea etortzen zen zulotxo hori konpontzera; gaur egun, ordea, zulatu eta zakarretara botatzen zaituzte. Pantyekin aldiz, ezta holakorik pasatzen, jabeak primeran zaintzen ditu zulotxorik ez izateko, eta okerreneko kasuetan, zakarretara botatzen bazaituzte, beti duzu zure aldamenean begi-bistatik galduko ez duzun bikotea, eta gaur egun, bikote leiala izatea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.

Erotismoari begiratzen badiogu, argi dago pantyek erotiko puntu bat badutela, eta galtzerdiak, aldiz, kasu askotan antierotikoak izatera iritsi daitezke, eta unerik beroena ere izotz bihur dezakete. Hau frogatzeko, irudikatu zure buruan gustoko norbait pantyak besterik ez dituela soinean, eta orain egin gauza bera galtzerdiak besterik ez dituen beste batekin, zer iruditzen zaizu? Niri behintzat, bigarren egoerak ziztu bizian alde egiteko gogoa ematen dit.

Beste ezaugarri garrantzitsu bat elegantzia da. Pantyen elegantziak begiradak erakartzeko gaitasuna dauka, eta gainera, limurtzaileak dira; haragirik lasaiena ere haragi estu bihurtzeko ahalmena dute. Galtzerdiak, berriz, oina estali eta kitto!, beste haragi guztia hortxe geratzen da biluzik, lasai lasai, inongo estutasunik gabe.

Beraz, nik argi daukat, berriro jaioko banintz, eta galtzerdia edo pantya izatea erabaki beharko banu, bigarren aukera hartuko nuke; dotorea, limurtzailea, erotikoa, begiraden iturri eta piropoen eragile, haragia estutzeko aukera, bikote leiala… zer gehiago eskatu diezaiokegu bizitzari?

Berriro jaioko banintz