Baskaranen adierazpenen harira, Arretxeak eta Bereziartuak

Baskaranen adierazpenen harira, Larretxeak eta Bereziartuak –

Lucia Baskaranek Hasier Etxeberria zenari buruz esandako gordinkeriei Santi Leonek gurean emandako ihardespenak erantzun gehiago eragin ditu. Kontrakarrean jarriko ditugu bi:

.

«Kosta egiten zait»

Zaila zirudien, baina gertatu da: Sautrela literatur saioa albiste da berriz, bere ibilbidea amaitu zenetik bi urte joan direnean. Bestela ezin zenez, aurpegiratze segida bat tarteko. Danele Sarriugarteren Erraiak eleberriaren itzulpenaren aurkezpena zen, Katakraken; eta saioa gidatzen zuen Lucia Baskaranek 2014an Hasier Etxeberriak Sarriugarte elkarrizketatu zuenekoa hartu zuen hizpide. Gordintasunez salatu zuen Baskaranek Etxeberriak orduan izandako jarrera, —umore tonuan— haren heriotzaz pozten zela iradokitzeraino. Santi Leonek erantzun dio Zuzeun, estilo zalantzagarriko beste salaketa batekin, Baskaranen kontrako mezu zaparradari bidea eginez.

Nik ezagutu nuen Hasierrek dohain asko zituen. Zalantzaezina da euskal kulturarekiko konpromisoa, sustatzaile nekaezina izan zela, eta han eta hemen lanean egin zuen ekarpena. Niri, plano pertsonalean —eta beste askori bezala— euskal komunikazioaren mundutxoko ateak zabaldu zizkidan, lehen kontratu ordaindua eskaini baitzidan. Baina besteon moduan, atzean zuloa hark ere: bazituen errespetuaren izenean esan gabe geratu diren jarrera zalantzagarri zenbait. Danele Sarriugarterekin egindako elkarrizketa horretan azaleratzen dira horietako batzuk.

Baskaranen hitzak gustu txarrekoak irudituko zaizkio askori: lekuz kanpokoak. Niri ere ez zaizkit atseginak egin. Hasier lagun, kide edo tribu bereko zutenak mindu daitezke, nola ez. Baina norberak hautatzen du nork irabazi duen bere errespetua eta nork ez. Nor kokatzen duen etsaien bandoan eta nor babestu beharrekoen artean. Nork bere irakurketa politikotik eta bizi-esperientziatik. Nik —eta zuotako gehienok— ez ditut Baskaranek edo Sarriugartek izan dituzten bizipenak izan. Asaldatzen gaituenak eta ez gaituenak esaten du zerbait gutaz. Isilik geratu nintzen (artean nire nagusia zen) Etxeberriak telebista publikoko literatur saio bakarrean zuen espazio pribilegiatutik (artean laguna nuen) Danele Sarriugarte idazlea deseroso sentiarazi eta bere lana zein iritzia gutxietsi zituenean. Barkatuko didazue Hasierren lagunok: kosta egiten zait gaur Lucia Baskaranek testuinguru nabarmen partikularrago batean elkarrizketa hark (eta horrek ordezkatzen duen guztiak) eragindako amorrutik esandakoak moraltasunetik epaitzea.

Lander Arretxea

.

Baskaranen adierazpenen harira, Arretxeak eta Bereziartuak

.

«Judith Butler berrirakurtzen eztabaida ilun baten erdian»

Santi Leonéren “Erraietarik idatzia”, Lander Arretxearen “Kosta egiten zait” eta Twitterren ikusitako zenbait txioren harira.

Printzipio orokor gisa, XXI. mendeko Mendebaldeko gizarteetan, pertsona baten heriotza ekitaldi publiko batean ospatzea ez da jarrera onargarritzat hartzen. Salbuespenak egon daitezke, hildakoak krimen izugarriak egin izana adibidez, baina hau ez da kasua. Norbaiten heriotzaren aurrean jarrera hori hartzea ez dago debekatuta, baina egiten duenak ezin du espero hildako pertsona ezagutu zutenek, lagunek, senideek eta are, hildakoarekin kritiko izan zitezkeenek jarrera hori besterik gabe onartuko dutenik –ez dut uste esplikatu behar denik zergatik–. Printzipio hori eztabaidatu daiteke, noski, baina horrelako jarrerak onargarritzat jotzen hasteak sortuko lukeen gizarte mota egun ezagutzen duguna baino okerragoa izango litzatekeela uste dut, konbikzio handi samarrarekin gainera.

Ez dut uste hori pentsatzen duen bakarra naizenik. Eta ez dut uste, halaber, Lander Arretxeak Lucía Baskaranen adierazpenen harira Berrian argitaratu duen artikuluaren amaieran seinalatzen duen bidetik, gai hau kontu morala denik. Sakoneko gaia da nola hautematen dugun bestearen bizitza. Zer balio aitortzen diogun bizitza horri bere horretan. Judith Butlerrek Frames of War. When is Life Grievable? liburuan esplikatzen du modu aski egokian: “Bizitza batzuk ez baldin badira bizitza gisa kalifikatzen edo hasieratik ez badira bizitza gisa ulergarriak zenbait marko epistemologikoren barruan, bizitza horiek ez dira inoiz bizitutzat joko, ezta galdutzat ere hitz horien zentzu osoan”.

Horretatik zerbait sumatzen dut Katakrakeko liburu-aurkezpenaren audioan. Ez da bakarrik, Leonék zioen bezala, Hasier Etxeberria ez dagoela hemen horrelako zerbaiten aurrean bere burua defendatu ahal izateko. Inpresioa daukat “hilda eta ondo hilda” dagoela dioenak ez duela zentzu oso batean haren bizitza bizitutzat jo eta, beraz, ezta galdutzat ere.

Gauzak ulertzeko marko hori terriblea iruditzen zait.

Adierazpenari nahi besteko justifikazioak jartzen ahal zaizkio.

Zuhaitz baten inguruko eztabaida baso osoarekin estaltzen saiatzea da.

Gorka Bereziartua

Baskaranen adierazpenen harira, Arretxeak eta Bereziartuak Baskaranen adierazpenen harira, Arretxeak eta Bereziartuak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Baskaranen adierazpenen harira, Arretxeak eta Bereziartuak”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2019-06-26 09:53

    Kanpotiko iritziez gainera, gogoratu “Erraietarik” artikuluaren iruzkinen atalean, Miren Iriarte Erraiaken itzultzaileak erantzun laburra utzi duela. Baita ere, Lucia Baskaranek artikuluari erantzun dio twitterretik.

    Iriarteren erantzuna, interneteko oihanetik kanpo diskretuki elkartu eta mintzatzeko gonbidapena da.

    Baskarani dagokionez, harropuzkeria eta bokatxanklismoan darrai, koherentzia eta konbentzimendu harrigarri batekin. Antza, umea zelarik ez zioten esplikatu tarteka “Jaun-andreok, gaizki egindakoak barkatu” esateak ez duela ahuldadea adierazten, heldutasuna eta jendetasuna baizik.