Badute biek dir-dir eztia

Badute biek dir-dir eztia –

Badute biek dir-dir eztia

Nire lagun min bati –barkatu izenik aipatzen ez badut– kataratak harrapatu dizkiote. Haren begien goxoño hori egon dadien eder ta garbi, bada, aste honetan berean operatu behar dute. Biziki kezkatua dago. Inguruko zenbaitek, nik neronek adibidez, errana diote oraindik gazte dela horrelako gauzekin hasteko. Hasi aditzaren erabilerak kezkatzen du batez ere, fitekara etorriko diren oinaze eta eritasun zerrenda beldurgarria iragartzen duen neurrian.

Ni, berriz, bertze zerbaitekin nabil arduratua: sekulan ez gaitu lehenagoko begi berekin ikusiko. Haren begikoak –barkatu, berriz ere–izanen gara oraindik? Orain artio bezala, larunbateko zutabegileak gogaituko du eta Argiako humanitatearen une gorenek aseko, edo gustua ere aldrebestuko zaio? Begietan paratuko dizkioten lenteek ñir-ñir eginen dute bihurrikeriaren bat bururatzen zaiolarik, zinemako gaiztoei bezala, edo gauzen alde bihurria ikusteko ahalmena galduko du?

Baina, hain zuzen ere oraindik horrelako gauzekin hasteko gaztea delako, beharbada zahartzaroaren estreinaldia den hasi aditz horrek lagunduta hasi zaio gauzen gaineko ikusmoldea aldatzen. Auskalo. Gaur gaizki ibiliko da naski zernahi ikusteko, baina espero dut astero bezala nire predikua aditu izana.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021ko maiatzaren 17koa]

Badute biek dir-dir eztia

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.