Ateoak edo paganoak?

Ateoak edo paganoak? –

Umeek euren fantasiak bertan behera uzten dituzten bezalaxe, geure iraganeko fede eta espiritualtasunari utzi izan bagenie, benetan eta zinetan utzi ere, ez soilik itxura batean, eta, hori eginda, geure buruak zinez mugatasunean kokatze aldera egin izan bagenu, orduantxe agian, akaso, nondik ikusten den, esan genezake askatasun eta heltze prozesuan ganorazko urrats bat emana genuela. Oso besterik da, baina, kontua. Mintzaira informatikoaz esanda, gure existentzia, aurreko programa kendurik, bestelako programak baliaturik baino ez dugu zer-nolakotu. Orain asko ez dela, Jainkoaren baitan ardazturik zegoen giza existentzia, orain “idoloen” inguruan dago eratuta.

Ateoak edo paganoak?

Geure bizitza, geure existentzia, jada gainezkatzen gaituen indar des-arrazionalizatuek hartuak eta bultzatuak bizi ditugunero ari gara zinetan hautu erlijioso baten alde egiten , izan inoiz eta inolaz ez zahartzeko obsesio ezin temosoagoaz ari garelarik, izan egunetik egunerakoa ezin sorgorrago plazerretik plazerrera igarotzen ahalegin itsu eta itogarriaz ari garelarik, izan geure egoa puzte alderako zenbait eta zenbait bideri ekiten diogunean (boterea dela tarteko, estatusa, dominazioa, zein norbere burua nabarmentze alderako ezin zenbatu ahala forma direla tarteko), izan aberria edo erlijio formetatik oso gertu dauden ez dakit zenbat ideologia eta “ismo” aldeztera lerratzen garenero.

Aberriari edo zeinahi ideologiari, gorputz eta arima, bere burua entregaturik bizi den edonor, ezin dugu inolaz ateotzat jo, inondik ere ez; erlijiosoa dugu oso, guztiz paganoa eta idolatra, baina orobat oso ere oso erlijiosoa. Beste horrenbeste estatusari edo bere burua nabarmentze alderako bestelako bideei ekinda oso itsuturik bizi den edonor. Gure kultura mende(baldar)tuan emandako igarobidea, hortaz, kristau fedetik paganismo oso gordin eta transzendentziarik gabekora emandako horixe baino ez dugu.


Adio egin genien aspaldi zaharrean jainkoei,
hil omen Jainkoa,
hil omen sekula guztirako…

Askatasuna, antza, zerumugan,
eta baita mutur aurrean ere.
Arintasuna alderik alde giroaren alaigarri
zama kendu berritango lasaitua, nonbait, denon bultzagarri,
libro izateko aukera, antza, genuen aurrez aurre betekizun.

Askabidea genuen handik hara lorkizun.
Askabidea bera aurrerantzean gure urrabide,

Bidean baina, berriro itsuturik,
edo bideak itsuturik,
bidea berriz jainkotu,
eta bidea bera jainko bilakarazi,
eta bidea jainko bihurturik, berau sutsu gurtu itsuturik.

Askatasun gaizki ulertuak itsuturik,
esklabo berriz bihurturik,
jainkorik gabeko erlijio batetik bestera iheska,
konbertsio batetik bestera…

Bien bitartean, gure bila dabilen HORI zain-esperoan,
eta gu HARENGANDIK ohi bezain urruti-galduak

Ateoak edo paganoak?

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

3 pentsamendu “Ateoak edo paganoak?”-ri buruz

  • Ez nago batere ados. Azken batean, esaten zaigunean erlijio sinestun izateari uztearen ondorioz beste “jainko” batzuk ditugula gaur egun (dirua, edertasuna, aberria, norberekoikeria,…. nahi duzuna), ez zaigu esaten erlijio sinestu diren horiek ERE badituztela beste “jainko” horiek ERE. Ze dirua goiburu duten “sinestun” eta “ateoak” daude, eta boterea goiburu duten “sinestun” eta “ateoak” eta abar.

    Beraz, “jainko” guzi horien artetik, “jainko” klasikoak baztertzen bagoaz pixkanaka, ondo doa kontua. Bereziki, erritualizazio huts batean geratu direnean gehienetan jainko erlijio klasiko horiek.

  • Ados diozun askorekin, batez ere gure belaunaldian gehienok askotan, agerian edo ezkutuan, fedea utzi dugula “Umeek euren fantasiak bertan behera uzten dituzten bezalaxe”.
    Baina hala ere ez duzu erraiten badela ateismo egiazko eta onesta bat ere, fedetik beretik sorturiko dudatik datorrena eta morala ez-transzendantala etsituki eraikitzen xerkatzen duena. Artetik erraiteko ez dakit posible den. Pentsatzen dut Albert Camus bezalako bati. Horrelako ateoaren eta kalitatezko fededunaren artean egiazko aldea dago baina zubi segeretua ere. Ez ote?

  • https://youtu.be/CZGTD6Ryyfs?si=2tS7T-JensqzCSDA
    Neronen aitatxik zioen bezala, uste dut ez zela sinistuta, “Jainkoa hain ona bada zergatik gertatzen dira putakeria hauek guztiak?”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude