Asteazken madarikatu hartan. PART II( Gertatu ez diren gertakizunetan oinarritutako ipuina)

….

Tomasen kontuek, baina, pixka bat ez, puska bat irauten dute. Bere amaren istorioa bukatzerako Argiñano telebistan zegoen. Tabernako erlojuan eguerdiko ordu biak jo zuten. Hiru ordu neramatzan taberna zuloan sartuta, eta dena sartu bezain ilun ikusten nuen. Tomasek ezer gutxi argitu zidan. Berriro saiatzea erabaki nuen. Patxaran botila eskatu eta Tomasi aurrean jarri nion. Begiak argitu zitzaizkion, alperra bestea baino gutxiago, noski. Galdera errepikatu nion: auto-fikzioa? Fikzioa?

Tomasek bi hitzak errepikatu zituen, hurrenez hurren, bere egin nahian edo. Postontzia ireki eta bazirudien azkenean zer edo zer erantzutera zihoala, baina halako batean eztanda izugarri batek eguerdia urratu zuen, tabernako paretak dardaraziz. Denak ala denak Tomasi begira geratu ginen. Haren susto aurpegiak argi utzi zigun bere esfinterrak ez zuela lurrikararekin zerikusirik izan. Are gehiago, bazirudien zarata kanpotik zetorrela. Leihoetara hurbildu eta kanpora begiratu  genuen. Herria zeharkatzen duen errepidetik ke adar trinko eta beltza  zetorren, zurrunbilo etengabean. Bakoitzak bere hipotesia plazaratu zuen: Udaletxeko langileak Udaletxearen aurkako kale borroka aipatu zuen. Bere ustez normala, “ ematen duten zerbitzua kaka zaharra da eta. Alfer putakumeok”. Tomasen aburuz, aldiz, ekintza hark atentatu terrorista baten zantzu guztiak zituen . “ Guardi Zibilaren kuartela hurbil dago, gainera. Bertakoek prestatuko zuten”. Tomasek bere konspirazioaren teoria plazaratzen zuen bitartean nik istripu bat izan zitekeela iradoki nuen. Inork ez zidan kasu zipitzik egin. Kafesne koloreko ardiaren hipotesia ere berehalakoan baztertua izan zen. Banekien horrek nire etsaien susmoak areagotu zitzakeela, eta apartheidaren teoria indartu, baina ardi haren hipotesiak ez zuen ez hanka ez bururik, bee luze batera mugatzen baitzen. Gure peskizetan galduta, ez ginen atetik sartzen zen usteldutako haginaren presentziaz ohartu. Hiru puntako kapela kendu eta euskara jatorrean agurtu gintuen. Leihoetan pilatuta geundela ikusita usteldutako haginak gertatutakoaren berri eman zigun. “ Kamioi baten istripua. Zirkuko kamioi bat. Kontrola galdu eta udaletxearen kontra joan da. Gainera…”. Istripua izan zela entzutean ingurura begiratu nuen, kamaraden onespena jaso nahian, nire zioa egokia izan baitzen, baina ez zen halakorik gertatu. Usteldutako haginaren kontakizuna moztuz, bakoitza bere iritzia ematen hasi zen. “ Istripua? Laguntzera joan behar dugu. Baliteke zaurituak egotea”. “ Edo hildakoak”. “ Hildakoei laguntzea zailagoa izango da”. “Beeeeeeeeeeee”. “ Hildakoen kasuan onena baliozko zer edo zer duten bilatu eta hartzea izango da”. “ Hildakoei lapurtzea etikoa da?”. “ Hildakoekin etikak ez du zentzurik, hilda daudelako”. “ Hori berpizten ez diren bitartean”. “ Noski, Tomas, noski”.  “ Orduan…  guk orain lapurtzen badiegu…”. “ Ez da lapurreta izango, hilda daudelako”. “ Baina… etorkizunean berpizten badira…”. “ Egia! Badakit zer egingo dugun. Bisita txartelak sartuko dizkiegu poltsikoetan, gure datu guztiekin. Berpizten badira, nora deitu izango dute, euren gauzak erreklamatzeko. Ados?”. Denok baietz adierazi genuen. “ Goazen orduan” esan zuen Tomasek.

Irteerako bidea hartuta, kafesne koloreko ardia ezker-eskuin saihestuz, atea zeharkatzekotan geundela usteldutako haginak etendako kontakizunarekin aurrera jarraitu zuen. “ Esaten nuen bezala, gainera… lehoi batek bere kaiolatik alde egin du”. Atean izoztuta geratu ginen. “ Lehoi batek?”. “Bai”. “ Agian ezer egin baino lehenago onena larrialdi kabinete bat sortzea izango da, horrelako kasuetan guk egiten dugun bezala” iradoki zuen udaletxeko langileak.  “Gauzak a lo loco egitea ez da inoiz ideia ona izaten” baieztatu nuen nik. “Eser gaitezen orduan”. “ Beeeeeeeeeee”. Mahai baten inguruan jarri, eta ezer baino lehen, larrialdi kabinetea osatu behar zuten pertsonen inguruan eztabaidatu genuen.  Bob Dylan, Charlize Theron eta Isabel Pantoja-ren aukerak baztertu ondoren, agenda arazoak zirela medio,  zentzuzkoena larrialdi kabinetean gu geu egotea zela deliberatu genuen. Taldearen antolaketari zegokionez, hierarkikoa izan behar zuela iradoki zuen Tomasek, egolatriak baztertze aldera, gehitu zuen, eta denok ados egon ginen. Utikan asanbladak eta hippie-jolasak! Egun edozein kaka-kontainerri bere iritzia plazaratzeko aukera eman eta bukatzerako bolbora asmatu zuen tipoa dela usteko du. Beraz, gauzak horrela geratu ziren: Tomas lehendakaria izango zen. Udaletxeko langilea, idazkaria. Usteldutako hagina, tabernaria eta hirurok bokalak. Kafesne koloreko ardia taldean sartzekotan egon ginen, baina azkenerako zeregin garrantzitsuago bat egokitu zitzaion: momentua heldutakoan lehoia ehizatzeko amua izango zen. Ados zegoen galdetu genion, baina bere erantzunaren zain geratu gabe aurrera jarraitu genuen. Egoera larri hartan ez  zegoen luzamendu alperretan galtzeko denborarik. Erabakiak modu erraz batean hartuko ziren: Lehendakariak 2 boto, idazkariak 1, eta hiru bokaletako batek (nik) boto bat. Berdindutako bozketetan lehendakariak erabakiko zuen.

Teorian dena argi zegoen. Lanean hasi orduko, baina, arazoak odoluzki desatseginen gisara loratu ziren. Hasteko, zein zen eman beharreko lehen pausua? Nik argi nuen: larrialdi zerbitzuetara deitu behar genuen, egoeraren berri emateko. Baina horrek, Tomasen aburuz, lehen eskumen arazoa planteatzen zuen: Foru Aldundiko larrialdi zerbitzuei deituz gero egoeraren ardura haiek hartuko zuten, eta ondorioz  gure larrialdi kabinetea jaio berritan hilda zegokeen! Tomasen argudioak ulertzen nituen arren, ez nuen berehalakoan etsi. Agian onena eskumenak partekatzea izan zitekeen. “ Noren gidaritzapean?” galdetu zuen Tomasek destainaz. “Nik ez dut Foru Aldundiko putakume horientzat lan egingo. Gure herrian guk agintzen dugu!” gehitu zuen udaletxeko langileak oilo sopa baino berotuago. “Beno, eurekin hitz eginez gero, baliteke…” hasi nintzen gero eta fede gutxiagorekin.  “Lagunok, ez daukagu mokoka hasteko denborarik. Onena bozkatzea izango da. Foru aldundiko larrialdi zerbitzuei deitzearen alde?” galdetu zuen usteldutako haginak. Besoa altxatu nuen. “ Kontra?”. Beste guztiek besoa altxatu zuten. Porrotaren zaporea dastatzekotan nengoen. “ Nola nahi duzu?” galdetu zidan tabernariak.  “Tonika, limoi eta izotzarekin, mesedez”. Trago luze bat eman nion, edalontzia berehalakoan hustuz. Ez zen uste bezain garratza suertatu. Bukaeran bazuen halako zapore gazi-gozo bat:  Momentu hartatik aurrera hartuko ziren erabakiak ez ziren nire erantzukizuna izango. Hori zen ene kontsolamendua. Hala ere, desadostasun hura ez zen hasiera besterik izan.

JARRAITUKO DU…

MARTITZENA 13