Gizalegearen garaia

Ez nuen gaiaren inguruan ezer esan nahi. Isiltasuna babes ederra da sarri, ez duzu lagunik galtzen eta hartara ez duzu katakumeak hiltzen zertan ibilirik. Gainera, nahikoa zalaparta eta iritzi-miritzi badabil berez-berez ETAk azkenekoak jakinarazi zituenetik. Nola asmatu bestek esan gabekorik idazten?

Baina neure sorterriko BARREN astekaritik, zerbait idazteko eskatu didate aspaldiko partez eta ezin esan ezetz. Harako egina duzu, beraz, honako idatzi hau irakurle. Barkatuko didazu, bada, gaurko honek blogera dakarren ohigabeko tornuia, ez baita berdin idazten papererako eta sarerako; zeuretzat —interneten ibili zale zaren (seguru asko) gazte horrentzat—, edo nire izeko Natik edo osaba Jose Migelek ileapaindegian eta edononon irakurriko duten astekari batentzat.

cc-by-ElBibliomata

Gizalegearen garaia

Geure arazoa ez da uste dugun bezain apartekoa, ez behintzat munduko beste zenbait herrialdetara begiratuta: Kurdistan, Sahara, Eritrea… Eurak ez bezala, Mendebaldeko herri zaharra gara, ez da horretan zalantzarik, baina geu ere horietako beste herri bat gara, bere buruaren jabe ez den horietako beste bat, eta alde guztietatik mendetako presioa jasan arren, oraindik ere hemen gaudenak geure hizkuntza, kultura, nortasun eta desirekin. Miraria dirudi.

Ez da dudarik, ETAren desagerpenak, gauza asko ekarriko ditu berarekin: Lehenbailehen konpondu edoeta eztitu beharko dira biktima guztien minak, preso eta iheslarien kontuak, elkarri egin dizkiogun zauriak…. Modu berean, bukatu da ETAren aitzakian oinarrizkoenari ere uko egiten zion polikakeriaren garaia, baina era berean amaitu da euskaldunok helburu zentzuzko baten inguruan ez batzeko genuen betiereko aitzakia…

Esango nuke, orain artean aurrera eraman ezin izan den diskurtso zibila erneko dela gugan. Eskubide zibilak defendatzeko garaia datorkigu eta horrexetan izango ditugu arazo handienak, zeren nola bizi daitezke elkarren ondoan bi (edo hiru) komunitate berdintasunean, bata besteari gailendu gabetan?

Grafikoki esan ohi dut txinatarrak eta tibetarrak bizi garela elkarrekin. Batzuek aberria Txinan dutela eta beste batzuek dugula Tibeten. Gustatu ala ez, horrela ikusten dut nik hori —batez ere Iparraldean bizi naizenetik—, historiaren emaitza da errealitate hori eta denok behar dugu hemen leku, hala ere. Baina nola egiten da hori? Flandiarrek eta waloiek ere ez dute samurra eurena antolatzen… Asmatuko ote dugu geuk?

Euskal gatazka deitu izan den hori politikoa baino arazo apurtxo bat zailagoa dela uste dugunok —linguistikoa, kulturala, identitarioa…—, badakigu elkarbizitza bermatuko duten arauak eta legeak beharko ditugula eskuratu. Txikiak beti nahi izaten du hori handiak irents ez dezan: legearen babesa. Baina emango al du handiak horretarako aukerarik?

Hasieran behintzat,  sedukzioaren bideari heldu beharko zaio, norbanako eta herri bezala geure eskubideak zein diren argiki agertu eta dialektikari irmo eutsiz. Demokraziaren izenean esango digute statu quo delakoa aldatzeko ez dela aski  populuaren erdia gehi bat (p+1). Geuk ere demokrazia benetakoaren izenean erantzun beharko dugu orduan statu quoari eusteko aski ote den populuaren erdia ken bat (p-1)… Etc. etc.

Hortik aurrera ukazioa baldin badator, bi aukera bakarrik daude: etsi ala eutsi. Hau da, geure eskubideetan etsi, ala aukera bakar gisara, erresistentzia zibil baketsua antolatzen hasi.

Norberak beharko du erabaki. Nik zer egingo dudan badakit.

 

 

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)