Artxipielagoak

Artxipielagoak –

Hainbeste “conquis” ikusi ondoren irletara ohituak ginen, eta ezin genuen pentsa gure irlak eta besteenak artxipielagoa osa zezaketenik. Irla ginen, eta irlak gintuen. Uhartea izaki ezin genuen ur-artea baino somatu, ezker eskubi eta aurre-atze. Ekialde zein mendebalde, ipar eta hego. Urez inguratutako taldeak ginen. Irlak.

Artxipielagoak

Halako batean sumendi ezberdinek su hartu zuten, eta geografia eraldatzeaz gain, mugiarazi egin gintuen, lekualdatu; edo orain modan dagoen bezala: gure konfort egoeratik atera gintuen, erauzi.

Irla txikiak dantzan jarri zituzten sugarrek eta su-mingainek; bertako biztanleak aldaketak eta gizarte berdinzaleagoak izan daitezkeela pentsatzeko bidean jarri zituzten abian jarritako proiektu eraldatzaileek eta gure oinazpiko lurrak dardarka jarri zituzten egitasmo ausartek.

Bapatean, artxipielago izan gintezkeela pentsatu genuen, irla izatetik irla-multzo izatera pasa gintezkeela otu zitzaigun.

“Mugitzen ez den balea bat ez da bere isla, irla bera da” xuxurlatu zuen norbaitek lau haizetara.

Eta guk, mugimendua aldarri eta giltzarri, irlak batuz eta artxipielagoak osatuz ozeanoan aurrera egin nahi dugu; eta horren ondorioz, inguratzen gaituen gizartea eraldatu, amesteko faktoriak lanean ipini eta errealiate berriak sortu.

Esku-ahurrez ureztatzen nauzu

eta arrainez betetzen didazu barrua,

sinesten duzalako hainbat gauza arinek

mugi dezaketela handi bat.

 

Artxipielagoak

Oihaneder Euskararen Etxeko kultur teknikaria ofizioz, kultur-xaxatzaile afizioz