Arrisku
Arrisku
Hiru aldiz jo nau auto batek bizikleta Iruñean ibiltzeko ohiko ibilgailu bilakatzeko erabakia hartu nuenez geroztik. Bat zebrabide batean izan zen. Egun argia zen, barearen abiaduran nindoan eta hala ere ez ninduen ikusi. Bertze batean, baterian aparkaturik zegon ibilgailuak harrapatu ninduen atzeraka ateratzen ari zenean. Orduan ere ikusi ez ni. Egun hartan ikasi nuen galtzadara jalgiz gero, seguruena erdi-erditik joatea zela. Joan den astean ere, aitzinean eta gibelean neramatzan argiengatik ere ikusezina izan nintzen biribilgunean sartu zen kotxeko gidariarendako. Hirugarrenean behin betikoa, erran ohi da. Baina orduan ere kale. Saihetsa, aldaka eta besoa urdinduak izan arren, aste honetan bi gurpilen gainean abiatu naiz berriz. Hori bai, txaleko erreflektantea erosi dut eta neoizko iragarki baten itxura ematen didate erosi ditudan argi osagarri guztiek. Bai, tematia naiz eta, seguru aski, ez hagitz zuhurra. Iruñeko Udalak iragarri duenez heldu den urtean espaloietatik galtzadara jaitsi beharko dira tirripita edo txirringa guztiak. Jadanik bi ohiko erabiltzaileri aditu diot bizikleta traste gelan sartuko dutela ordenantza berria indarrean jartzen den egunean.
Nik arrisku-kirolak maite ditut, baina hori ezin zaie txirrindulari guztiei eskatu.
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko azaroaren 28koa]
Kotxez ibiltzeko inon kale desastrerik bada, hori Nafarroako hiriburuan da. Ba pentsa zer izan daitekeen hor bizikletaz ibiltzea. Bizi luzea nahi baduzu utzizazu bizikleta. Gainera hiru abisu jaso dituzu… zer uste duzu, kasualitatea dela, ala? Hiru aldiz gauza bera… laugarrena gertatzen bazaizu “merezita zenuen, horren bila zenbiltzan” esateko moduan.
Arriskua hor izanen da beti. Baina zer euskaldun klase da hori arriskuak etxean gordearazten duena?
Beinke!!! Aingeru.