Ardi deslaiaren ezinak

Ardi deslaiaren ezinak – 

Norbere identitate indibiduala, bere-berea izanik ere, osagai kolektibo ugarien konstelazio batetik sortuz joaten da. Tadelkotasuna hortaz ezin da ekuaziotik erauzi. Besterik da, gero, norberak, bere nortasuna zer-nola, taldekotasun delako edo direlako horiekiko zer nolako harreman emozionala izango duen. Batetik, eta esan ohi bezala, inor ez da bere baitako, baina, besteko, ezin uka, nork bere baitaren alde egin beharko luke. Hau da, taldekotasunak (familiatik hasi eta hedaduraz, bestelako mailaz mailako talde handiagoetara igaro…) ekarri, kokatu eta izanarazi gaitu, baina, besteko, senak norbanakotze aldera egitea eskatzen digu. Geora, kasuan kasu, orekak alde batera edo bestera egingo du, baina, aldeak alde, horrelatsuko tirabira egotea giza bizitzaren patua dugu.

Niri halabeharrezko aipatu “factu” hori bainoago, berau zer nola bizi duen norberak, zait oroz gain interesatzen; hau da, baten batek taldekotasunetik gehiago edo gutxiago izan, ardi deslaia izatetik zenbateraino duen edo ez, “factu” horrekikoan zer nolako sentipenez bizi den, edo zer nola bizi duen “factu” hori norberak, zait bereziki interesatzen. Norbere egoera pertsonalak askotan gehiegitxo baldintza dezake, eta, maiz askotan nor bakoitzak nahiko lukeen baino askoz-askoz gutxiago egin ahal izango du bere kautan, bere kaxaka, ibiltze aldera-edo. Gerora, noiz talerako eta noiz, aldiz, gu-geu garen horren alde, ari garen ebaztea, zedarritzea, zehaztea, egia esatera, ez dakit posible ote den, ez dakit ez ote den finean falazia bat baino ez. Izanez ere, gu geu, oso gu geu izan uste dugun horietan, baliteke, bertatik bertara eta aurrez aurre dugun talde horri kontra edo muzin egiten aritzea, baina, finean eta buruan, geuretik ari garelako ustetan, aurrez jada gure baitan ondo errotuak ditugun besteen eskemetatik argi gara. Esatekotan, diogun hortaz, gehien-gehienera jota, noreberetik aritze delako hori, finean, nork bere ekimenez eta bere nahiararen arabera azken orduko norbere gatzpipertze beste ezer ez dela.

Taldekotasunetik jaio gara, eta, zindo izanik, ezin zinetan berau gainetik kendu, ezin berorretaz libratu norbera, bera berau izateko. Ardi deslaia izateko gogoak baina, desira soil huts gisa sikera besterik ez bada, non aurki dezake bere burua agerarazteko zirriztua. Posible al da? Mereziko al luke? Ez dakit nik bada. Bestetik, anarkia eta taldekotasuna berez eta derrigor elkarren etsai ez badira ere, finean, ez dakit zapal-zapala litzatekeen berdin-berdinen arteko taldekotasunik posible ote den, ez dakit. Edota, hala posible izanez gero ere, nire ikusian, taldekoa izateak nolabaiteko hierarkia, edo sikiera hau edo beste bete behar izate bat, zer edo zer inposatua, dakar berekin, bete beharreko zerbait taldea apurtuko ez bada. Oinarri-oinarrizko taldeei dagokienean, ahalbait zapalen, berdin-berdinen artekotik sortuta, eta, hortaz, “norberanismo” inposible delako hori nola edo hala erraztuko duen eredurik balego, zein eredu-motak eta anarkismoak izan beharko luke. Bada, anarkismoaren aldeko hautuaz, honatx, adibiderako, gure Krutwig-ek zioskuna:

Ondorioz, hezkuntzari buruzko theôria anarkhistêen zenbait fallacia agerian geratzen dira. Theôria horiek, gazteei hezkuntza frustratzaile bat ez imponetzearen aitzakipean, gazteria imitatzen saiatzekotz eredurikan gabe uzten dute. Jakina, hori une jakin batetan gertatzen da: jendailatiartze baten ondoren (berori Naturarekiko suntsitzailea izanikan), guraso hezitzaileak inorentzat eredu ez direnean. Alde batetatikan, gurasoen ergelgeria propriuarengatikan… Zalantzarikan gabe, berak beurak ez direlakotz ezein ahalegin egitekotz gai. Horrela, egoera paradoxiko batetarat iristen gara. Ahaleginaz askatuta, guraso horiek bertze zerbaitez ere askatzen dira, eta, izatez, berori suntsitu egiten dute: ahalegin orok eta lan baten bururatze desiratu orok sortzen duen gozamena” (F.KRUTWIG, Computer Shock-a Euskari-a +2001. Urtea, 186).

Orain, Anarkismoarekiko Krutwig-en ezinikusia bazter utzita, eta berorren ahalbidegarritasuna balizkoa posibletzat jota ere, esanda moduan, are berorrek ere ez luke “norberanismo” askerako bide librerik utziko. Beti izango genuke gain-gainean taldeak ezarritako betebehar nolabaiteko bat, beti. Irteerarik gabeko ataka batean gaudela uste dut nik; hortaz, agian ezta atakarik ere ez geneukake. Hemen ezina ezin ekinez egin. Ezintasun horren gaineko geure begirada aldatzea beste ezer ezin egin hortaz, zerbait egin nahi izatekotan.

Horri dagokionean, nire ikusi apalean bederen, ez da komeni tadearekiko betebehar horiei, ezinbestez irentsi behar ditugun obligazio horiei, sobera begiratzea, ez da komeni, ez bete behar dugun horri guztiorri, ez eta egitea debekatzen zaigun guztiari ere. Kontrakoa egiteari ere ez deritzot oso gomendagarri, hau da, legeek, arauek, txartzat duten hori guztiori xedetzat hartzea ere pitokeria hutsa litzateke, are aurrekoak baino auzo-lotsa handiagoa eman beharko lukeena. Ez dakit, bada, zer nola mugitu gintezkeen egin ezin eta esan ezin hauen guztien artean. Eta kasik batere ezin egin eta ezin esan horien aurrean, orain artekoan esandako guztia esanda ere, badago zerbait  oraindik esan gabe dagoenik eta, Lieizarragarekin esanda, badago sikera  taldekotasunaren onura bat oraindik aipatzeke, eta, hortaz, berorren infrentzu moduan, badago taldekotasunetik kanpo bereziki periltsu eta arbuiarri deritzodan zerbait:

Guk ditugu abhorritzen, gehientasunak eta superioritateak kendurik, eta iustitiaren politia eta ordenanza guzia erauzirik, gauza guziak komun eta konfus egun nahi litukeizten guziak” (I.LEIZARRAGA, Konfesionea, 20).

Hortaz taldekotasunak dakarren guztiaren artetik, behin den-dena arbuiatzen (abohrritzen) hasita, behin gehiengoaren eta goikoen borondatea kendurik, eta behin arau eta betebehar guztiak erauzirik, gauza guztiak maila berean nahasten dituzten horiek guztiei diet bereziki higuin, “gauza guztiak komun eta konfus egin nahi lituzketen guztiei”, taldetik knpo edo kontra, noski.

Igor Goitia

Ardi deslaiaren ezinak

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude