Aitxaren kontuak 2

Aitxaren kontuak 2 – 

Aurreko sarreran idatzi nuena ez dela egia esan dit, seme-alaboi ez digula sekula esan bere amaren sabeleko oroitzapenak gogoratzen dituenik, beste bat dela kontua: hilabetetako haurra baizik ez zela, hartzen zuenean aitak edo amak besoetan eta Parapan baserriko atarira ateratzen, oroitzen dela nola sentitzen zen askoz hobeto leku zehatz batera eramaten zutenean. Artaso baserrira begira jartzen ziren lekuan bertan, zoriona edukitzen zuela Felix haur jaio berriak. Gaur bertan balitz bezala oroitzen dela. Eta gero, nahi gabe, ezagutzen ez nuen hitz bat erakutsi dit kontakizunean: karena.

Esaten du, bere ustez bazegoela arrazoi bat haur garaiko zorion hura horrela gertatzeko: han, leku zehatz hartan, bera bilduta eduki zuen karena egongo zela lurperatuta seguru asko. Dio. Karena hitzak zer esan nahi duen galdetu diodanean, plazenta erantzun dit. Eta gero beste gauza bat gaineratu du: ez zuela sekula adorerik bildu bere amari hori galdetzeko, alegia, hantxe, Artaso(ro) baserrira  begirako leku  zehatz hartan ote zegoen lurperaturik karena.

Ostera, zuzentzeko eman zizkidan bere memoriako kontutxoak hemen argitaratzeari buruz ez dit gauza handirik esan. Munduko gauza normalena iruditzen zaio berak darabilen borroka, buruan gordetzen dituen oroitzapenak errealak ala asmatuak  ote dituen deliberatzeko lana, alegia. Beraz, hementxe dakart bigarren bat.

Poliomelitisa.

Ez dakit zenbat urte izango nituen, baina, gutxi gora behera, bi edo hiru. Poliomielitis garai zen eta baziren gaitz horrekin kutsatutakoak.

Egun batez elurra sendo eta ama kalera jaitsi omen zen mandatuak egitera. Nik, nork zaindurik ez nuen izango, elurretan aurrera egin nuen txorien ondoren eta konturatu zirenerako elurretan erorita nengoen.

Ez dakit nor konturatu zen, baina ama etorri zenerako jasoa ninduten eta ezin nintzen zutik egon. Jartzen ninduten zutik eta ni lurrera erortzen nintzen. Jarri berriz zutik, eta berriz ere erori. Ama negarrez, polioa neukalakoan. Berehala manta batean bildu eta oinez Don Antonio Arrillaga medikuarengana eraman ninduten.

Ondo gogoratzen naiz mahai baten gainean nola jarri ninduten. Don Antoniok manta kendu zidan eta ondoren zangoak igurtzi eta esan zuen: haur honek ez dauka ezer, eta lurrean jarri ninduen, zoaz amarengana, esanez. Halaxe joan ere, taka-taka, ezer eduki ez banu bezala. Nonbait, mantaren berotasunak neure onera ekarri ninduen.

Ondorengo egunetan, ez dakit zenbat denboratara, gertakari hau dela eta, amak promesa egin omen zuen San Antoniora ni eramatekoa. Ondo gogoratzen naiz trenean joan ginela. Bai, trenez, eta nola zuhaitzak leiho ondoan abiadan pasatzen zirela ikustean, beldurtu egin nintzen tren barrura sartuko zirelakoan.

Durangon autobusa hartu eta eta San Antoniora. Urkiolara maldan gora gindoazela, gizon bat hesolari eskuekin helduta ikusi nuen, hesitura pasatu nahian, hanka artean txarrantxa edo hesitura-alanbrea zuela, txapela txiki batekin, autobusari begira, inoiz autobusik ikusi ez balu bezala.

Bizi guztian garbi eta lausotu gabe daramadan argazkia da.

Aitxaren kontuak 2

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Aitxaren kontuak 2”-ri buruz

  • […] baina bere oroitzapenetako batzuk fotografikoak dira, gaurkoa kasu, edo  lehengoan argitaratutako alanbre pasatzailearena bezala. Beste batzuk emozioei lotuta daude (txanponarena) eta azken batzuk zentzumenei zuzenean, […]