Txillarreko mahaian solasean Jesus Egiguren, Xabier Euzkitze eta Pello Rubio


Xabier Euzkitzeren ETB1eko Bisitaria saioak Jesus Egiguren izan du gonbidatu. Biak Elgoibarko Txillarre baserrian izan ziren, bertako jabe Pello Rubiorekin batera. 2006ko bake prozesua eraikitzen hasi ziren Txillarre baserrian, Arnaldo Otegi eta biak. Bilera horiek urte luzez gauzatu ziren mahaiaren bueltan izan ziren Euzkitze, Egiguren eta Rubio.  Hitz eta pitz aritu ziren kokaleku pribilegiatu horretan. Euzkitze eta Egiguren izan ziren hitz egiten sarrienak, Pello Rubio ere, bilera sekretuetan bezala, bertan egon zen: gizon diskretua, Txillarre kazetariengandik babestu duena. Harek ere hartu zuen parte, dioena baino askoz gehiago ixiltzen duen itxuraz. Rubiok alderdien arteko balizko elkarlan eta koalizioez ari zirela zera galdetu zion Egiguren lagunari: -Eta Bildurekin ez?

Baserriaren jabeak dioenez, ahoz gorako eztabaida gutxi bizi izan zituen mahai horretan. Lehenbizikoz ireki da Txillarre kameren aurrean. Aurretik, Imanol Murua kazetaria ere izana zen bertan, eta egongelaren deskripzioa egina zuen Loiolako Hegiak liburuan.

Mingainetik tiraka, zenbait titular azalerazi zituen Xabier Euzkitzek, Jesus Egigurenen ahotik:

  • “Arnaldo Otegi mendeku politikoagatik dago kartzelan”
  • “Nazionalista sentitzen naiz”
  • “Thierryk bota zuen Loiola. Ezagutu nuenean andreari esan nion: alferrik da, ez dago ezer egiterik”
  • “Ez daukat gorrotorik eta ez dut nahi barkamena eskatzerik”
  • “Nahiago dut EAJ sostengatu Gobernuan egon gabe, egonda baino”
Xabier Euzkitzek Egiguren “hustuta” ikusten zuela esan zuen, itxaropenak piztu eta zapuztu dizkiotenaren nekeaz. Familiaz galdetu zion, ideologia politikoaz, presoez, Otegi lagunaz, Txillarreko bileretaz, espioitzaz, mehatxuaz, ETAren amaieraz, etorkizuneko koalizioez… Egigurenek hain bere duen itxura lasai eta ganoragabea izan zuen Bisitaria saioan ere. Pausa luzeen ondotik atera zituen hitzak. Buruan etengabe dituen ideiak adierazteak xixko egingo balute bezala, “errimarik gabe, baina esanahiz beteta”. Xabier Euzkitzek, dotoreziaz josi zituen narrazioekin, ordu beteko saio interesgarria gauzatu zuen Izarraitz mendi puntaren begien pean. Norekin eta Jesus Egigurenekin hizketan, gustatu ala ez, Euskal Herriko pertsonaia politiko ezinbesteko batekin. Ikustekoa saioa eta zoriontzekoa Bisitaria saioa bera ere.

Egiguren, etb, euzkitze, txillarre

Zer duzu buruan “Txillarreko mahaian solasean Jesus Egiguren, Xabier Euzkitze eta Pello Rubio”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude