Aitxaren kontuak 1
Aitxaren kontuak 1 –
Gure aitxa Felixek beti esan digu bere amaren sabelean zegoeneko oroitzapenak dituela gordeta, han barrutik zer entzuten zuen ederki dakiela berak. Irri eta trufa egin izan diogu horregatik, baina haren seme-alabok ederki dakigu benetan dabilela, ez baitaki gezurrik.
2006ko Urtarrilean, bere oroitzapen zenbait hasi zen idazten, kitatu nahi baititu zorrak memoriarekin, errealitatearena eta ametsarena bereiziz. Horiek denak poliki-poliki hona ekartzeko asmoa dut, baldin eta honako hau ikusten duenean, antzarrak perratzera bidali eta bide honetatik ez jarraitzeko agintzen ez badit.
Lehenengo txanpona
1931. urtea izango zen. Botazio garaia. Elgoibarko Sallobente izeneko gure auzoan, Euskal jaiak antolatu zituzten eta bertan dantzariak, antzerkiak[1], hitzaldiak eta abar ospatu ziren.
Dantzariak Azpeitia-Tolosa aldetik etorri ziren. Itxuraz ez zegoen modurik Sallobentera autobusez iristeko, eta dantzariak gure baserria den Parapanen jaitsi ziren gero handik Sallobenteraino oinez joatekotan edo.
Autobusa, txirikorda eginez, bete-betea zetorren AzKarate gaineko errepidean behera, eta galgak ezin zuen autobusa geratu. Hala ba, dantzariak autobusetik jauzi eginez eta eskuekin heldurik gerarazi zuten autobusa. Oso mantso zetorren, baina, hala ere, ezin geratu eta 200-300 metro egin zituen erabat geratu arte.
Ondoren, gure etxetik, Parapandik, Artazo baserrian zehar lerro luzean jaitsi ziren dantzariak Sallobenterantz. Geu ere geure gurasoekin joan ginen ondotik.
Ondo gogoratzen naiz antzerkiaz, J. Aranberri, Leontzio eta Kanuto Gabilondo, Andonegi anaiek eta abarrek nola antzeztu zuten.
Garai bereko beste pasarte bat datorkit burura. Estellako Estatutua zela ete propaganda zabaltzen ari zen BI matrikula zeraman auto bat. Parapan inguruan zegoen geratuta. Ordurako aitak jarria zidan bizkarrean propaganda-orria, eta autora hurbildutakoan bost xentimoko txanpona oparitu zidan gidariak: nire bizitzan lehenbizikoz irabazi nuen txanpona izan zen hura.
Nik garai hartan 5 urte nituen…
[1] Gaur oraindik (2006-01-13), antzerkian lana egiten zuen Jerónimo Aranberri bizi da.
Aitxaren kontuak 1