Hitano barnetegia: udan ere, mintza hadi, lagun!

Badator uda, eta urtero bezala udako barnetegien eskaintza zabalik dute euskaltegiek eta irakaskuntza zentroek. Aurten, ordea, eskaintza berria plazaratu du Maramara* taldeak. Izan ere, lehen aldiz hitano barnetegia egiteko aukera eskainiko du, Mintza hadi, lagun! programaren baitan.

 

Uztailaren 16tik 21era, Lizarrustiko parketxean, hika hitz egiten ikasteko aukera eskainiko du Maramara* taldeak. Sei eguneko barnetegirako, 45 orduko programaketa prestatu du. Horrela, hitanoaren zirrikituak metodologia teoriko-praktiko baten bidez ikasteko parada izango dute ikasleek. EGA gaindituta duten edo euskaraz eroso aritzen diren guztiek dute parte hartzeko aukera, baina bereziki euskararekin lan egiten duten profesionalei zuzenduta dago ikastaroa, hau da, irakasleei, itzultzaileei eta euskara teknikariei. Oinarri teoriko sendo bat eman nahi zaie, euren lanean hitanoa zuzen eta egoki landu ahal izan dezaten.

 

Hori lortzeko xedearekin, goizean bost ordu eskainiko zaizkio hitanoaren lanketari, eta arratsaldetan hiru orduz mintza praktikan aritzeko hainbat ekintza egingo dituzte: hala nola, Lareoko txoko paregabeak eta inguruko landaredia ezagutzeko mendi irteerak, bisita gidatuak eta bestelako jarduerak. Astelehenetik hasi eta larunbat eguerdira arte, hitanoaren ezagutzan eta erabileran murgiltzeko hainbat modu izango dituzte. Barnetegiaren bukaeran, ikastaroa egin izanaren agiria jasoko dute ikasleek.

 

Maramara* taldeak hainbat urte daramatza hitano ikastaroak eskaintzen. Jadanik 25 ikastaro baino gehiago eman ditu, eta hitzaldi mordo bat ere egin ditu Ritxi Lizartza filologo eta itzultzaileak. Hitanoaren estandarizazioan bultzada handia eman zuen Hitanoa. Mintza hadi, lagun! izeneko bere proposamen didaktikoak, eta guztira 300 ikasle baino gehiago pasa dira Ritxi buru duen Maramara*taldeak emandako ikastaroetatik. Orain, Eneko Haritza irakaslea lagun, online formatura ere jauzi egin dute, eta barnetegia eskainiz hitano ikaskuntzaren eskaintza borobildu nahi izan dute. Hain zuzen ere, Ritxi Lizartza eta Eneko Haritza izango dira barnetegiko irakasleak.

 

Informazio gehiago eta izen ematea: www.hitanoa.com