“20.000 hormona errezeta”. “20.000 especies de abejas” filmari kritika feminista [KONTUZ, SPOILER]

“20.000 especies de abejas” filmari kritika feminista. [KONTUZ, SPOILER] –

Marina Pibernat Vila

[Itzultzailearen oharra: Marina Pibernat Vila @pivimarina Historian lizentziaduna da eta Gizarte eta Kultura Antropologian Doktorea. La coeducación secuestrada: Crítica feminista a la penetración de las ideas transgeneristas en la educación liburuaren egileetako bat. Kritika honen jatorrizko testua El Comun hedabide elektronikoan argitaratu zen 2023ko maiatzaren 26an. Euskaratzea eta Zuzeun argitaratzea erabaki dut, zinez ideia interesgarriak dakartzalako. Eta baita ere, izugarrizko gozatua hartzen dudalako gai honekiko erakusten duzuen paniko morala zeinen irrazionala eta absurdoa den ikusaraziz. Bai, zuek, badakizue zeini buruz ari naizen].

"20.000 hormona errezeta". "20.000 especies de abejas" filmari kritika feminista. [KONTUZ, SPOILER]Lehengo astean, estreinatu berri den 20.000 especies de abejas filma ikustera joan ginen, Estibaliz Urresolaren lehenengo lana. Filmak gaurkotasun bizi-bizia duen gai bat jorratzen du: neska izan nahi duen mutiko bat. Bere identitateaz ohartzen den “neskato trans” baten istorioa da, Aitor izatetik Luciara, eta nola bizi duen bere familiak. Esan behar da filma ondo eginda dagoela eta egoki betetzen duela bere eginkizuna, sentiberatasun eta irudimenez bete ere; alegia, naturalizatzea haur batek bere gorputza arbuiatzea, zirugia eta hormonen bitartez aldatzera bideratuz.

Filma uste ustel batetik abiatzen da: badirela neska-mutiko batzuk, zehazten ez diren motiboengatik, euren gorputzak arbuiatzeko joera daukatenak: “haur trans” izenekoak. Ez da sartzen ikertzera nola, ezta zergatia ere; dirudienez “hala tokatu zaio”, besterik gabe.

Filman zehar hainbat osagai ageri dira, ikuslea “haur transak” naturalizatu eta onartzera daramatenak. Horietatik lehena fedearen kontzeptua da. Dialogo batean, txalupa batean doazelarik galdutako santu-irudi baten bila, Aitorrek galdetu dio gizon zahar bati fedea zer den. Gizon zaharrak erantzun, fedea halako ziurtasun bat dela, zeure baitan duzun eta zerorrek baino ez dakizun zerbait. Aitorrek berak soilik dakien gauza hori da bera neska dela; izan ere, hala uste izatea fede-ekintza hutsa da.

Elkarrizketa gertatzen den bitartean, pertsonaiak txalupan doaz, inguru natural eder batean. Natura da filmeko beste osagai inportante bat; izan ere, paraje berde, mendi garai eta ibaiko ur gardenen artean jakiten eta jakinarazten du Aitorrek bera Lucia dela. Halaxe, mutiko protagonistaren ibilbidea erlazionatzen da gauza natural, puru eta egiazko, orbainik gabekoak direnekin. Horrek zentzua du, hau da, ibilbidea ez gertatzea hiri-giro batean, sozialak diren gauzen metafora gisa, zeren ideologia transgeneristaren arabera “genero-identitatea” haurtzaroan azaleratzen da modu misteriotsu eta zinezkoan, eta gizarteratzearen aurretik existitzen den zerbait da. Pentsaera antizientifiko baten aurrean gaude, identitate guztiak beti baitira gizarte-konstrukto bat, salbuespenik gabe. Baldin mutiko batek, filmaren kasuari jarraiki, neska dela esaten badu, da berak barneratu egin duelako eskema soziokultural sexista bat, zeinaren arabera mutikoen gauzak eta nesken gauzak baitaude, eta berak bigarren motakoak nahiago.

Filmeko beste momentu batean, izeba batek Aitor femeninoan aipatzen du, honen amarekin hizketan ari dela. Amak erantzuten dio bera aspalditxotik dabilela Aitorri ulerrarazi nahian ez dagoela nesken eta mutikoen gauzarik, eta orain zer eta, gainera, hari buruz jendea femeninoan ari dela, zergatik eta Aitorri ile luzearekin ibiltzea gustatzen zaiolako. Izebak, amaren ikuspuntu feministaz ezaxola, erantzuten dio berak soilik Aitorrek egiten duena egiten duela, Aitor bere buruaz femeninoan mintzatzen baita, elkarrekin mendian daudenean, erleen artean. Izebaren pertsonaiak apiterapia praktikatzen du, oinarri zientifikorik gabeko pseudoterapia bat, erleen eztenkadak eta pozoia darabiltzana, ustez, eritasunak sendatzeko.

Parodoxikoa da, are zinikoa ere, nola zuzendariak “genero-trantsizioa” erlazionatu nahi duen “naturalarekin”; izan ere, trantsizio farmako-kirurgikoek ez dute ezer “naturalik”, eta aldiz, bai asko, gorputz erabat osasuntsuak dauzkaten haurren medikalizaziotik, hartarako baliatuz pubertaro-blokeatzaileak, kontrako sexuko hormonak eta gorputzatalen erauzte kirurgikoak. Eta trantsizio hauek hasteko irakasbideak apiterapiarenak bezain antizientifikoak badira ere, kalteak ez dira inondik ere erle-eztenkada batenak bezain txikiak, baizik eta osasun ondorio larriak dakartzate epe labur, ertain eta luzean.

“Sexu-aldatzea” edo “sexu-berresleitze operazioak” (faltsukeria ezinezkoak) beste sexuaren itxura imitatzeko asmoz egiten diren operazio eta medikalizazio estetikoak dira, ez besterik. Gorputzaren moldatze mediko-kirurgiko sakona da. Gorputz-moldatzearen gaia ere filman ageri da, baina artearen ikuspegitik, Aitorren amaren lanbidearen bitartez, artista baita. Argizari solido bete balde baten aurrean azaltzen dio amak Aitorri, argizaria berotutakoan oso moldaerraza dela, batek nahi duen forma eman diezaiokeela. Tailerrean ama ikusten dugu argizari horrexekin giza irudi genitalik gabeko bat egiten. Eta bere umeei autoerretratu bat egiteko esaten dienean, Aitorrek sirena bat egiten du. Horrela adierazten du mutiko protagonistak bere gorputzarekin ez dela konforme, batez ere gerritik behera. Konforme ez egote hori eta gorputz-moldatze hori ere adierazten du jolasean, panpin baten beheko partea beste panpin baten soinari itsasten saiatzen ari dela. Modifikazio transgeneristari buruzko metafora hauek, guztiak, zeharo maitagarriak dira, komeni den moduan. Metaforetatik kanpo, ordea, errealitatea aurki dezakezue “baginoplastia” edo “faloplastia” YouTubeko bilatzailean idatziz.

Filmeko puntu gorena bukaera aldean dator, Aitorrek lehengusuaren bataiotik ihesi alde egin duenean, eta bere identitate berriaren bataioa burutu, erlauntzak astinduz erleei kontatzeko bere izena Lucía dela. Familia haren bila atera da, desesperaturik, basoan gauez “Aitor, Aitor!” garrasika. Baina badakigu Aitor dagoeneko ez dagoela, eta Ama ere jabetzen hasten da, aitari esan diolako hori ez dela bilatzeko modua. Aitak erantzuten dio hark nahi duen moduan deituko diola, onik itzultzea besterik ez duela nahi. Eszena hori oso transposizio zinematografiko ona da genero-disforiadun haurren familiek sentitzen dutenari buruz, Naizen bezalako elkarte transaktibistengana gerturatzen direnean. Elkarte honetako kidea da Sofía Otero, Aitorren papera jokatzen duen mutiko transfemeninoa. Elkarte horiek haurraren heriotzaren edo trantsizioaren artean zirt edo zart egiteko atakan jartzen dituzte familiak, eta esaten diete umeak ez badu trantsizioa egiten seguru asko suizidatu egingo dela. Badakigu, ordea, genero-disforiadun adingabe gehienek nerabezaroa igarotakoan gainditzen dutela.

Aitorren anaia hasten da “Lucía, Lucía!” ohiuka eta gero, negarrez, amak berdin egiten du. Geroxeago, filmaren bukaeran, Aitorren familia osoak eta, batez ere amak, onartu dute Lucíaren identate berria, “neskato trans” bat dela. Zuzendariaren eta transaktibismoaren ikuspegitik, hau da istorioaren gauza inportante, polit eta azpimarragarriena.

Ondoren datorrena kontakizunetik at uzten da, alegia, ondorioz iritsiko diren hormonazio eta ebakuntzen errealitatea, zeina ez baita pantailaratzeko hain atsegina, ez behintzat “neskato trans” bat bere ustezko identitate errealaz jabetzen deneko istorio xamurra bezain. Urresolak kontatzen ez duena da zein izan beharko den, nahitaez, inoiz ikusiko ez dugun bigarren partearen izenburua: “20.000 hormona errezeta”.

“20.000 hormona errezeta”. “20.000 especies de abejas” filmari kritika feminista. [KONTUZ, SPOILER]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude