Zarauzko balea
Roke Etxabe zarauztarrak sartu omen zion baleari arpoi hilgarria, eta berari zor dizkiogu baita ere baleari buruzko bertsoak, Zarautzen oraindik kantatzen direnak:
Mila zortzireun da
setenta y otxuan
Zarauztik txalupa bat
baletara juan;
Anton getariarra
lagun hartu zuan,
gizon balientia
hori zalakuan;
hobe zuan Kaperok
ikusi ez bazuan!
Jakin-mina duenak, Auspoa sailan aurkituko ditu bertso guztiak (“Arrantzaleen bizitza”, A. Zabala). Euskaltzaindiaren webean erraz topatuko dituzue.
Benito Lertxundik ez ditu bertso hauek kantatu eta ez dira, inolaz ere, Euskal Herrian Oriokoak bezain ezagunak, baina Zarauzko balearenak baditu, bertakoa ez denarentzat ere, kontu interesgarri askoak. Bi bai, gutxienez.
Lehena, hasierako esaldia irakurri duen asko harrituko zuen datu bat: Zarauzko balea izan zen gure uretan modu tradizionalean ehizatu zen azken balea. Modu tradizionalean: traineruetan eta arpoi hutsez, alegia. Jakina denez, euskal kostan harrapatu zen azken balea Oriokoa baita, 23 urte beranduago (1901ean). Ordurako, ordea, ez zen, antza denez, lehengo erara harrapatzeko gai zen inor geratuko eta kanoien laguntzaz (“arpoi ta dinamita / eta soka pila”) arrantzatu zuten Orioko balea.
Bigarren kontua, eta niri beti interes gehien sortu didana, harrapatu eta gero Zarauzko balearekin sortu zen xextra ikaragarria da. Bi talde aritu baitziren uretan, bale hura nork lehenago ehizatuko: batetik zarauztarrak (oriotarren laguntzaz) eta bestetik getariarrak. Arpoia, datuen arabera, zarauztarrek sartu zioten, baina Getariako portutik gertuago egon, eta hara eraman zuten lehorreratzera.
Portuan hasi ziren benetako liskarrak. Talde bakoitzak beretzat jotzen zuen hildako balea. Egunak iraun zituen norgehiagokak. Epaitegietara eta guzti iritsi ziren. Azkenean, Iruñeako epaile batek zarauztarrei eman zien arrazoia. Ordurako, baina, berandu zen. Bi aldeak borrokan ari ziren bitartean, balea Getariako portuan usteldu zen. Gure herriari buruzko parabola egokia, inondik inora.
A, portzierto, eta balearen hezurrak ez ziren ez Zarautzen ez Getarian geratu: donostiarrek eraman zituzten eta urtetan egon dira beraien portuan, Aquariumeko sarreran hain zuzen ere.
[…] This post was mentioned on Twitter by Asier Erramuzpe, Oier Aranzabal. Oier Aranzabal said: Duela 133 urte euskaldunok azken balea harrapatu genuen modu tradizionalean: Zarauzko balea http://t.co/Cutieyq […]
Marka duk gero… orain Donostian izatea harrapatutako azken balea.
Zuk esan bezala, parabola bikaina. “Bi aldeak borrokan ari ziren bitartean, balea Getariako portuan usteldu zen”.
Lekzioa ikasi dugulakoan…