Zarauzko balea

NDQzNQ==

Roke Etxabe zarauztarrak sartu omen zion baleari arpoi hilgarria, eta berari zor dizkiogu baita ere baleari buruzko bertsoak, Zarautzen oraindik kantatzen direnak:

Mila zortzireun da

setenta y otxuan

Zarauztik txalupa bat

baletara juan;

Anton getariarra

lagun hartu zuan,

gizon balientia

hori zalakuan;

hobe zuan Kaperok

ikusi ez bazuan!

Jakin-mina duenak, Auspoa sailan aurkituko ditu bertso guztiak (“Arrantzaleen bizitza”, A. Zabala). Euskaltzaindiaren webean erraz topatuko dituzue.

Benito Lertxundik ez ditu bertso hauek kantatu eta ez dira, inolaz ere, Euskal Herrian Oriokoak bezain ezagunak, baina Zarauzko balearenak baditu, bertakoa ez denarentzat ere, kontu interesgarri askoak. Bi bai, gutxienez.

Lehena, hasierako esaldia irakurri duen asko harrituko zuen datu bat: Zarauzko balea izan zen gure uretan modu tradizionalean ehizatu zen azken balea. Modu tradizionalean: traineruetan eta arpoi hutsez, alegia. Jakina denez, euskal kostan harrapatu zen azken balea Oriokoa baita, 23 urte beranduago (1901ean). Ordurako, ordea, ez zen, antza denez, lehengo erara harrapatzeko gai zen inor geratuko eta kanoien laguntzaz (“arpoi ta dinamita / eta soka pila”) arrantzatu zuten Orioko balea.

Bigarren kontua, eta niri beti interes gehien sortu didana, harrapatu eta gero Zarauzko balearekin sortu zen xextra ikaragarria da. Bi talde aritu baitziren uretan, bale hura nork lehenago ehizatuko: batetik zarauztarrak (oriotarren laguntzaz) eta bestetik getariarrak. Arpoia, datuen arabera, zarauztarrek sartu zioten, baina Getariako portutik gertuago egon, eta hara eraman zuten lehorreratzera.

Portuan hasi ziren benetako liskarrak. Talde bakoitzak beretzat jotzen zuen hildako balea. Egunak iraun zituen norgehiagokak. Epaitegietara eta guzti iritsi ziren. Azkenean, Iruñeako epaile batek zarauztarrei eman zien arrazoia. Ordurako, baina, berandu zen. Bi aldeak borrokan ari ziren bitartean, balea Getariako portuan usteldu zen. Gure herriari buruzko parabola egokia, inondik inora.

A, portzierto, eta balearen hezurrak ez ziren ez Zarautzen ez Getarian geratu: donostiarrek eraman zituzten eta urtetan egon dira beraien portuan, Aquariumeko sarreran hain zuzen ere.

Irudia | Balea | X.E | Creative Commons By SA
arrantza, baleak, zarauzko-balea

(Zarautz, Gipuzkoa, 1974) Idazle zarauztarra.

3 pentsamendu “Zarauzko balea”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude