Xabier Ormazabal (traceur-a): “Hiriak beste modu batera ikusten ditugu”
Parkourra oso gaztea da gurean, apenas pasatu dira bederatzi urte Irunen aurreneko taldea mugitzen hasi zenetik. Bertakoa da Xabier Ormazabal, desplazamenduaren arteari jarraipena ematera datorren belaunaldikoa.
Bilboko Areatzan egin dugu zita, Leioako campusean ikasten du-eta. Soinean daramatzan arropa zabalek eman digute beregana hurbiltzeko pista; eta asmatu dugu. Argazki saioarekin hasi aurretik berotu behar duela eta, lehenengo erakustaldia egin digu; guri eta harrituta hurbildu diren besteei. Ikusgarria. Zaila da deskribatzea eta azaltzea hirietan etengabe bidea egiten diharduten hauek egiten dutena, beraz, onena, hitza berari ematea.
Denok pixka bat kokatzeko: zer da parkourra?
Parkourra, teorikoki eta betidanik, gorputza entrenatzeko metodo bat izan da. Jendea gimnasiora joaten den moduan, guk hau egiten dugu. Egia da orain, moda kontuak tarteko, askok skate, BMX edo antzeko underground kirol baten modura ikusten dutela, baina puristak garenok beste horri eustea defendatzen dugu.
Baina, zertan datza? Zer egiten duzue?
Inguruak, kasu honetan hiriak ematen diguna, kalea, baliatzen dugu gure fisikoa lantzeko. Eskailerak lau hankatan igotzen ditugu adibidez, edo baranda batetik bestera salto handiak egiten ditugu hankak indartzeko, hormak eskalatzen ditugu, flexioak ere egiten ditugu… Dena dela, alderdi psikologikoa garatzeko ere balio digu honek, izan ere, beldurrak gainditzen laguntzen digu eta, azkenean, hiriak beste modu batera ikusten ditugu. Bi hesiren arteko hutsunea, esate baterako, ez da muga guretzat, ez dugu pentsatzen “hortik ezin dut pasa”; justu kontrakoa: “hortik jauzi egin dezaket”.
Hortaz, baliabide bakarrak hiria eta gorputza dira?
Bai… gorputzak ahalbidetzen digun horretara moldatzen gara baina, era berean, gorputza ere moldatuz goaz. Urteen poderioz indarra eta konfiantza irabazten dugu.
Zein da honen jatorria?
Entrenamendu mota jakin batetik dator, militar frantses batek –Georges Hebert (1875-1957)– asmatu zuena: metodo naturala. Honek Afrikara egindako bidaietan ikusi zuen bertakoek izugarrizko fisikoa zutela, indartsuak zirela, ikaragarrizko erresistentzia zutela, malgutasuna… baina, aldiz, ez zutela inongo metodo planifikaturik jarraitzen halako sasoia lortzeko. Orduan ulertu zuen bizitzea bera zela haien entrenamendua, eta horixe jarri zuen praktikan: Georges Heberten metodo naturalak lau hankatan ibiltzea, eskalatzea, korrika egitea, igeri egitea… proposatzen zuen entrenamendu modura. Hortik eratorri zen amerikar pista ezaguna.
Baina honek guztiak nola egin zuen salto gaur egungo hirietara?
Hori 80ko hamarkadan izan zen, Paris ondoko Evry herrian, horregatik da meka modukoa. Berriz ere militar frantses batek bere semea –David Belle– metodo naturala baliatuta entrenatu zuen, baina azken honek basoetatik edo inguru naturaletik atera eta hirira ekarri zuen. Zuhaitzak igotzetik hesiak eta hormak igotzera pasatu zen. Geroago, Yamakasi (Ariel Zeitoun, 2001) izeneko filma estreinatu zuten eta, orduan bai, mundu osora zabaldu zen….
Elkarrizketa osoa gaztezulo.com-en