Arrautzak irakurtzen

Arrautzak irakurtzen –

Arrautza

Patata tortilla egiteko arrautzak hozkailutik hartzean, kode berezi bat grabatuta dutela ohartuko zinen. Arrautza kraskatu eta zakarretara botatzen duzu gero, eta kode horri esanahirik aurkitu gabe jarraitzen duzu. Zer ote da arrautza-oskoleko zenbaki eta hizki segida hori? Jatera zoazen arrautzaren informazioa jasotzen duen kodea da, askorentzat kode hutsa, baina kalitatezko jakiak kontsumitu nahi dituztenek nahitaez ezagutu beharko lukete.

 

Arrautzek ere “matrikula” daramate: iraungitze data, jatorrizko herria, nola produzituak izan diren. Hartu dezagun adibide gisa irudiko kodea:

3 ES 20 043 10
5E 1704

Atzetik aurrera has gaitezen. Bigarren ilarako azken lau zenbakiek iraungitze data adierazten dute, apirilaren (04) 17a. Arrautza noiz jarria izan den jakiteko, data horri 28 egun kentzea besterik ez dago.

Lehen ilarako segida luzeko hizki pareak arrautza zein herritan produzitu den adierazten du. Kasu honetan, ES-ek Espainiakoa dela esaten digu. Jarraian datorren zenbaki segida, ekoizlearen identifikazio kodea da: Lehen biak probintzia adierazten dute (20, Gipuzkoa), hurrengo hiruek udalerria (043, Idiazabal) eta azken biek udalerri barruko ekoizlea.

Zenbaki bat falta zaigu, lehena, beti 0 eta 3 bitartekoa. Horrek emango digu informazio garrantzitsuena, arrautza jarri duen oiloa nola hazi den esaten diguna, alegia:

0.      Arrautza ekologikoak. Oiloak libre daude larreetan eta pentsu ekologikoz elikatzen dira. Pentsuok ekoizpen ekologikoaren Europako Batasuneko araudi guztiak bete behar dituzte.

1.      Baserriko arrautzak. Oilo hauek ere libre daude eta pentsu naturalez elikatzen dira.

2.      Oilo hauek argi gutxiko nabe handietan hazten dituzte, non libreki mugi daitezken, nahiz eta gehienetan pilatu samar egon eta toki gutxi izan mugitzeko.

3.      Hauek dira egoera txarrenean hazitako oiloak, baita dendetan aurki ditzakegun arrautza gehienen amak. Oiloak bertikalki pilatutako kaiolatan hazten dira, egoera artifizialetan. Hori dela eta, gaixotasun eta sufrimendu ugari pairatzen dute, eta hori guztia geure gorputzera pasatzen da arrautza hori jatean.

Azken horien hazkuntza penagarria dela eta igo da arrautzen prezioa. Europako Batasunak kaiolen tamaina 200 zentimetro kubiko handitu nahi baitu oiloak gutxiago sufri dezaten eta kalitate hobeko arrautzak jar ditzaten.

Diru-zorroan gero eta diru gutxiago dugun garai honetan, oinarrizko gaien prezioak igotzea ez da albiste pozgarria inondik ere. Baina kasu honetan, poztu beharko ginateke. Edo ez?

Arrautzak irakurtzen

4 pentsamendu “Arrautzak irakurtzen”-ri buruz

  • ZuZeu

    Eskerrik asko, Elena. Oso interesagarria zuere ekarria. Guk ere tratatu genuen gaia, PAPEREKO ZUZEU egin genuen garaian.

  • Elena Barandiaran Liden 2012-04-11 13:16

    Beno, gauzak errepasatzea eta berriro burura ekartzea ez dator gaizki, hain erraz ahazten ditugu…

  • Aitor Sarriegi Galparsoro

    Ez litzateke oinarrizko gaien prezioa igotzea. Baldintza egokietan ekoiztutako oinarrizko gaiei beren benetako balioa ematea litzateke. Kaka jaten jarraitu nahi duenak badu aukera toki askotan.

    Eta oraindik bide asko dago egiteko, ez dugu behar bezala baloratzen baldintza egokietan ekoiztutako janaria

  • Erramun Gerrikagoitia 2012-04-12 21:15

    Niri ondo etorri zait irakurtzea ze holan repasatu dut lehendik nekiena baina egia esan ahazturik neukana. Niretzat importanteagoa da baina animalien zuzena -nahiz gero gainera jaten edo devoratzen ditugun- ezen ez zer jaten dugun eta bere qualitate alimentario edo gustativoa. Eskerrak regogoratzearren numeruena: 0, 1, 2 eta 3. Nik nire aldetik erosiko ditut edo 0 edo 1 numero -dunak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude