Tuyuca omen munduko hizkuntzarik zailena, eta ez euskara
Hainbat hizkuntzen ezaugarriak aztertu ondoren, Tuyuca izendatu dute The Economist-ekoek munduko hizkuntzarik zailena. Hitz egiteko ez omen da Ubykh edota !Xóo bezain zaila, kontsonante eta bokal nasal gutxi batzurekin osaturiko sistema baitu oinarri. Baina baditu bestelako zailtasunak.
Hizkuntza “aglutinatzailea” dela diote. Hóabasiriga hitzak adibidez, “ez dakit nola idazten den” esan nahi omen du.
Lehenengo pertsonaren plurala egiteko bi modu ezberdin dituzte. Eta are bitxiagoa dena, aditzaren atzizkien bitartez, hitz egiten duenak esaten duena nola dakien esaten dute. Adibidez Diga ape-wi-k, “mutikoa futbolean aritu da (ikusi dudalako dakit)” esan nahi du, eta diga ape-hiyi-k, aldiz “mutikoa futbolean aritu da (uste dut)”.
Zaila delako ez da izango, baina, 1.000 hiztunetik behera ditu Tuyucak.
Tuyucaz gain, artikuluak aipatzen ditu bestelako hizkuntzen zailtasunak ere. Adibidez, Kwaio-z, Solomon irletan hitz egiten den hizkuntzan, “gu” esateko modu ezberdinak dituzte. “ni eta zu”, da horietako bat, “ni eta beste bat (zu ez)”, bestea. Baina baita “gu biok”, “gu, gutxi batzuk” edo “gu, asko”, ere. Eta horietako bakoitzean, solaskidea plural horretan sartzeko edo ez sartzeko hitz bana dute.
Çekoslovakyalilastiramadiklarimizdanmissiniz bezalako hitzak sortzeko gai den turkoaz ere hitz egiten da. Horren esanhaia, “Txekoslovakiar bilakatu ezin duen horietako bat al zara?”.
Halakoak irakurrita, euskarak erraza dirudi. Baina horiek, zertzelada batzuk baino ez dira. Hizkuntza bakoitza ingelesarekin alderatu eta ezberdinenak diren elementuak nabarmendu baizik ez dituzte egin. Parekotasunak ere izango dituzte noski. Aipaturiko zerrenda horretan euskara ez da agertzen, ez zailena eta ezta errazena bezala ere.
Hizkuntza bat “zailena” dela esatea ezinezkoa baita. Noski, badira logika gutxiagokoak edo besteak baino errazagoak diruditenak, baina beti zerbaitekin alderatuta. Aipaturiko bi ikerketek ingelesa zuten oinarri, eta emaitza oso ezberdina izan da. Batarentzat euskara, bestearentzat Tuyuca.
Munduan dauden 6.000 hizkuntzatik gora, banan-banan ikertzea kasik ezinezkoa denez, ezin esan zein den zailena. Gainera bakoitzari gertukoak, propioak, errazagoak irudituko zaizkio beti, beraz, bakoitzak bere porra egiten jarrai dezala…