Mondo difficile (Euskara hizkuntza zailena dela diotela eta)

 ODQy

Akaso enpresako afari batean James Bond (hura ere Foreing Office-ko nominan dago, ezta?) hasi zen kontatzen Bilbon zebilela zapatofonotik abisatu ziotela han “basque” egiten zela, eta Guggenheim-eko kafetegiko terrazan jarrita dagoela galdez hasi zela “shaken, not stirred” nola eskatu behar den “in basque”, eta hango pertsonalak ez zion jakin erantzuten, edo baten batek zerbait esan eta halaxe-edo eskatuta martinia barik kaña atera zioten basotubo batean… Badakizue, James hau ezinbestekoa da enpresako afariak animatzeko orduan. Pentsa zelakoa izan daitekeen diplomatiko britainiarrez betetako afaria bestela.

Diplomazia britainiarrak itzal handia du mundu honetan oraindik orain hala ere, eta King Charles Street-etik datorrenari kasu eman behar zaio, izan ere polito janzten du edozein albiste “diplomatiko britainiarren ustez…” batek, eta King Charlesek euskara munduko hardest language dela esaten badu, hardest language izateko puntu asko ditu, dudarik ez. Titular indartsua ematen du gainera.

Well, batzuei aspaldian lau haizetara zabatzeko deseatzen egon direna zabaltzeko “argumentum ad verecundiam” ederra jausi zaie esku artean (latina bai hizkuntza argia!), eta hortik “argumentum ad nauseam” izateko bidean laster jarriko digute, abilak izaten dira horretan gero! Honez gero “argumentum ex populo” bihurtu ez denean.

Tira, beste aldetik era askotako argumentum-ak zabaldu dira: zailtasunaren erlatibitatea, interesak, auctoritate horren auctoritate eskasa horrelakoak esateko… eta abar.

Edozelan ere, gauza bat ezin da ukatu, euskararen zailtasuna topikoa da, eta topikoa izanda errazagoa da hori pentsatzea kontrakoa baino. Eta, zailtasun hori nabarmentzeko interes batzuez gainera, zerk zabaldu du topiko hori? Horren atzetik honako zerbait egon daiteke?

– Hizkuntza berezia, desberdina, propioa, eta apartatua izatearen fama. “Ez da besteak bezalakoa”, horrelako baten aurrean erraza da “zaila izango da orduan” pentsatzea, ezta? Misterio ikutu hori ez diogu geuk ere ematen askotan? Besteetatik zenbat eta urrunago geureago delakoan-edo.

– “Nola esaten da euskaraz?” eta “Nola esan behar da?” galderak nahastea. Alegia, ez duzue inoiz ikusi jatorrizko euskaldun oso natibo aktibo betikoa euskaraz beti esan duen zerbait galdera horri erantzun modura onartu ezinda dudan eta noraezean? Hizkuntza zaintzea eta hizkuntza deskribatzea ez dira gauza bera, ala bai? “Argumentum ad auctoritatem” baten faltan edo.

– Eztabaida linguistikoak. Honela esan behar dela, hala esan behar dela… gustatzen zaigu gero! Baina zer pentsatzen ote du urrunago dagoenak hizkuntzaren misterioaren jabe horiek misterioak argitu ezinik ikusita? Eta bera nori kasu egin ez dakiela.

– “Egingo dizut erdaraz, bestela ez duzu ulertuko”. Ummm, honekin ez ote dugu misterioa areagotzen? “Zaila izan behar da gero!” erraz pentsa dezake solaskideak, edo aurretik pentsatuta badauka, hipotesia baieztatzeko zantzua emango diogu.

– Boligrafo gorria. “Ze txarto egiten dudan!”. Inoiz bururatu zaigu ikasleari ondo egiten duenagatik zoriontzea? Seguru nago odolez betetako orri horietan gehienetan gehiago izango direla zuzenak erratuak baino, ez da hala izaten?N-a-ki-o-ke, g-a-itza-te-n, ukan, dautza, elkarrenganako, zaintzuriak, almandrongilak… Ez duzue ukatuko euskarak iniziatuentzako zeinu kabalistikoez betetako kodearen antza har dezakeela askorentzat.

– “Nire inguruan ez dago euskaldunik”. Askoren begietara euskalduna eta bere hizkuntza ez dira halako leienda urbano baten antzerakoak? Ba omen dira, baina ez dira nigana arrimatzen, ez zaizkit agertzen… ez dira izango orduan. Jakina, halako hizkuntza zailarekin, ezinezkoak dira.”Eske euskaldun zaharrei ez zaie ezer ulertzen, oso “itxiak” dira”. Ene! Euskaldun zahar peto apartatua, baserrian gordeta. Beste hizkuntza bat da hori, bi hizkuntza orduan, bata bestea baino zailagoa, eta hikan egiten badute, misteriorik misterioena. Zaila da bai, solasaldi bateko partaideekin jardun gabe ulertzea, edo zer esaten den ulertzea zelan esaten den begira bagaude. Areago ezer ulertuko ez dugula asumitu ondoren.

– “Zer polita den euskara!” Bai, polita, Laboa handiaren kantu hartan bezala, gure barruan pizten diren bazter miresgarriak askotan, lanbroak irudimenean sortutakoak. Baina lanbroak izkutatu egiten du bidea, eta gogortu, eta atertzen duenean bazterrak ez dira hain ederrak izaten.

Zaila da euskara? Ez dakit, diplomatiko britainiarrei egin diezaiekegu kasu, edo bederatzi urteko neskato japoniarrari. Zuek erabaki.

Benito. Karrajua. Euskaltegien mundutik izeeneko gunetik hartua (cc-by-sa)

Irudia | euskara munduko hizkuntzarik zailena? | Tommy the Pariah | Creative Commons By SA

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

2 pentsamendu “Mondo difficile (Euskara hizkuntza zailena dela diotela eta)”-ri buruz