Sute erradiaktiboak Errusian
Sute erradiaktiboak Errusian
Sergei Shoigu Larrialdi Ministroak azaldu du azken egunotan lurraldea errausten ari diren suteek partikula erradiaktibo kaltegarriak aska ditzaketela, Errusia, Ukraina eta Bielorrusiaren mugan dagoen Bryansk eskualdean. Chernobyldik 300 bat kilometrora dagoen inguru honek bete betean jaso zuen ezbehar nuklearrak eragindako haize erradiaktiboa. Adierazi du zuhaitz eta landareetan dauden erradionukleidoak airera pasa daitezkeela “partikulen errekuntzarekin” eta horrek “eremu kutsatu bat” sortuko lukeela.
Frantzia, adi
Honen harira, Frantziako Erradiobabes eta Segurtasun Nuklearrerako Institutuak ostiralean komunikatu baten bidez iragarri zuen arreta “berezia” eskaintzen ari zaiola “gure lurraldera hel daitezkeen partikulen jarraipenari” eta bere web orrian plazaratuko dituela egindako azterketen emaitzak.
Gogorarazi zuen 2002 eta 2006 urteetan “airearen kutsatze oso ahul bat” atzeman zutela Frantzian, orduan Bielorrusia, Ukraina eta Errusian. Hala ere, gaineratu zuen partikulen zesio maila horren zela baxua, ezin ziezaiokeela osasunari kalterik “inolaz” egin.
Gehienezko monoxido maila onargarria baino 6,6 bider gehiago
Bitartean, Moskuko karbono monoxido mailak 6,6 aldiz gainditzen du dagoeneko gehienezko maila onargarria, hiria inguratzen duten 500 sute baino gehiagoren erruz. Azken jardunaldian 14.000 hektarea zabaldu dira suteak, 1936 kilometro koadro bete arte. Orain arte 50 hildako baino gehiago eragin dituzte suteek Errusia erdialdeko eskualdeetan.
Errusiak aurtengo sute denboraldiari hasiera eman zionetik, 25.280 sute jaso dira dagoeneko, 2009an baino %20 gehiago. Lurraldearen alde europarra jasaten ari den 40 gradu inguruko tenperaturak dira Igoera horren zergatia. Une hauetan 577 sutek indarrean jarraitzen dute.