Son Goku vs Superman
Son Goku vs Superman > Supermanen 8. pelikula estreinatu berri dute gure zinemetan. ‘Altzairuzko gizona’ izena jarri diote, akaso, ‘Superman 8’ oso Rambo geratuko zelako. Edo ez zelako cool. Edo batek daki zergatik. Ixtear dauden zine horietako batean izan nintzen ikusten atzo, eta gauza batek harritu ninduen: Dragoi Bolaren zeinen antzekoa den altzairuzko gizonaren istorioa.
Son Goku eta Clark Kenten profilak berberak dira. Biak unibertsoko planeta urrun batean jaio ziren (Vegeta eta Cripton), eta berau suntsitzear zela espaziountzi batean bidaliak izan ziren lurrera. Bien gurasoak planetarekin batera desagertu ziren leherketan. Eta biek hazi behar izan zuten arrotza zitzaien lur batean. Hori gutxi balitz, kozkortutakoan, haien planetako leherketatik biziriraun zuten gerlari bakarren bisita jasotzen dute. Haien planeta traizionatu zuten gerlarien bisita. Eta jarrai genezake ñabardura gehiagorekin.
Edonork esango luke batek besteari kopiatu ziola.
Hain txarra zen Supermanen film berria, ezen halako kontuetan pentsatzen igaro bainuen zintak irauten duen 143 minutu amaigabeetan zehar. Pentsatzen, Zack Snider zuzendariaren lanean borrokek nolako Dragoi Bolakoen antza duten. Eta imaginatzen Dragoi Bolaren filma, presupuesto berberarekin eta antzeko moduan grabatuta. Hori dena pentsatu nuen, baina oraino ez zen filma bukatu. Demontre.
Eta orduan, geure buruari txikitan egiten genizkion galdera morboso horietako bat etorri zitzaidan burura. Supermanen eta Son Gokuren arteko balizko borroka batean nork irabaziko luke? Eh? Eh? Erantzunik ez zuen galdera hark ustez, baina, sarean bilatzen hasi, eta honako bideoa topatu dut.