‘Vasco’en postureoa

1308914166147_fOporretan Mediterraneo aldera doazen ‘vasco’ tropelen ezaugarrietako bat postureo-itxurakeria da. Euskaldun izateak badu erakarpen puntu bat… beraz nola erakutsi arrotz bati ‘euskalduna’ zarela ez bazara lagunartean euskaraz aritzen? Arrasto garbiak uzten dituzte. Hemen gertakari errealetan oinarritutako batzuk.

Futbol kamiseta: Athletic-ekoa gehienetan, eta gizonezkoek nabarmen. Edozein futbolazalerekin (ez da aurkitzen zaila) elkarrizketa bat erraz hasteko moduko seinalea uzten du: ‘Bilbotarra zara ala Athletic-en kamiseta jazten duzu egunero?’. Nesken kasuan, Loreak Mendian markako kamisetek eta lauburu lepokoek erakusten dute ‘vasquitatea’.

‘Gora Euskadi’ kapela: Euskal Herriko jaietako mitikoaren esportazio masiboa hasita dago. Burua kiskaltzea eragozteko mila kapela badituzte ere, Gora Euskadi! zuri-gorri-berdea aukeratzen dute oporretarako. Hori baino postureo nabarmenagorik gutxi.

Erdaraz euskaraz ari balira bezala: Euskal azentua dutela esaten diete, eta haiek, gustura, inoiz ez bezala eramaten dute hizkera hori muturrera. Hortik aiba la ostia Patxi esatera bi urrats.

Euskaraz uler ez diezaieten: Euskal Herritik atera orduko euskaraz hitz egiteko bulkada hasten zaie. Hautsez estalitako ikastolako euskara garbitzen dute inork uler ez diezaien. Lizunkerientzako oso baliogarria omen zaie. Ez dira konturatzen “dauzka petxote batzuk…” espainolez dakien edonork ulertzen duela.

Fortzudokerian hasi: Atzerritarrek euskaldunak indartsu eta astapotro irudikatzen dituzte. Horregatik, euskalduntasuna demostratzeko moduetako bat estereotipo hori baieztatzea da. Astakeriak egitea, pisu ikaragarriak altxatzea edo botatzea, oso potureo ‘vascoa’ da.

Hotza mespretxatu: Klasiko metereologikoa. Euskal Herria Mordor bailitzan azaltzen dute exagerazio ariketa itzela eginez. Beraz, Mediterraneoan hotz egiten badu manga motzean joango dira, hotzez dardarka, baina itxurari eutsiz. Zaparrada botatzen badu (zurrunbilo eta guzti) indarrez defendituko dute ez dela hainbesterako, xirimiria besterik ez dela izan.

Gehiago ezagutzen al dituzu?

2 pentsamendu “‘Vasco’en postureoa”-ri buruz

  • Postureoa? Hori zer arraio da?

  • Euskaraz itxurakeria. Plantak egitea da azken finean, lekuz kanpo dauden gauzak egitea edo espreski jokabide bat hartzea komenigarria zaien itxura bat emateko. Azken aldian espainieraz asko erabiltzen hasi da sare sozialetan.