Mugako kontu ttikiak: Aittona, Mesié Kamio eta konpainia

MTIzOQ==

Gabon bezperan  alabaren lagun bat etorri zen bisitan Aittonaren etxera, eta bisitariaren txakurra oiloen atzetik hasi zenean segika, leihotik danba eta danba, egin zizkion bi tiro  Aittonak eskopetarekin. Ez zuen aberea hil, baina ia ia: herrenka eraman zuten zakurtxoa albaitariarengana eta ez da giro izan gure auzoan aspaldion, aita-alaben artean: Nola izan zaitezke hain salbaia, aita?, galdegiten dio frantsesez alabak, eta Zaaakur alua!, erantzuten du Aittonak behin eta ehun bider. Eta hori, zakurrak oso maite izan dituela Aittonak.

Pertsonaia izandakoa, bai, zinez. Bizimodua ateratzeko beti bere txaluparekin arrantzan eta karramarrotan ibilia, erretreta hartu zuen egunean bertan, kaskoaren erdian zuloa egin eta urpean hondoratu  zuen ontzia. Ez zion inori utzi nahi izan berari hainbeste atsekabe emandako lan-tresna.

Aittonaren beste pasarte bat ere bada, oraindik ere lekukoek gogoratzen dutena eta dozena bat aldiz entzun dudana. Gaur bertan azkenekotz. Zabaldua zen jendarme-buru berri bat bidali behar zutela Hendaiara, Marrac izenekoa. Aittonak hori jakin zuenean, bere txakurtxoetako bati berehala jarri zion izena: Marrac.

Polizia berria Hendaiara  iritsi zenean, han aurkitu zuen gizon zaratoso bat Marrac alua!, Marrac zakila!  Marrac putakumia! garrasi egiten zuena noiznahi, jende guztiaren aitzinean etan ozen, eskubide guztiarekin, gainera, halaxe baitzuen izena bere txakurrak. Algaratan lehertuta ingurukoak, jakina. Jendarmeak kafea non hartuko, hantxe agertzen zen Aittona bere zakurtxoekin: Marrac alua, nora hoa? Hago geldik urde halakoa! Ez zuen pixka batean kafe gozorik aurkitu jendarmeak Hendaiako bazterretan.

Gaur Aittonaren lagun Migel Kamio aurkitu dugu portuan. Hondarribitarra jaiotzez, hendaiarra bizitzez eta biziraupenzalea izatez, ontzigilea eta kontrabandista izandakoa da Kamio, bideo honetan onartzen duenez. (Eman asti pixka bat karga dadin, otoi).

 

HTML Kodea

 

Beste herri askotan bezala, galtzen-galtzen doa denbora bateko gertaera eta neurrien memoria Txingudiko bazter honetan ere. Hemen, Gipuzkoak eta Lapurdik bat egiten duten leku honetan, Espainiak eta Frantziak ere egiten dute talka. Pobrezia ankerrenean hazitako itsas-jendeak, eta legearen gordetzaile funtzionari andanak ere bai. Galdetu bestela Loti zaharrari.

Bidasoa inguru hau beti izan da ospetsua kontrabando eta pirata kontuetan. Munduko Tijuana guztiei dagokien eran, bizimodua atera beharrak, gordintasun erromantikoa eta gaizkiletza lokal moduko bat izan dira bertan, duela urte batzuk arte. Ederki ikusi zuten Barojak eta beste idazle askok hori.

Ezagutzen dugu beste gizonezko bat, Piarres izenekoa, portuan baino, ibaian gora joanda bizi dena, Biriatuko lurren aldera. Berak erran zigun hildako gizonak berpiztutakoa dela: portugesak, marrokiarrak… Ibaian itota aurkitutakoak, edo ezkutuan eta galduta hotzez hildakoak, ukuiluko behien artean etzan eta halaxe pizten zituela, abereen berotasunarekin,  umetxo hura Belemgo estalpean bezala. Eta ez bat eta ez bi, eta ez behin etan bitan.

Polizia mota guztietakoak bildu izan dira bazter honetan, kolore bateko eta besteko, eta bertako biztanleek, belar txarrekin eta eltxoekin egiten den bezala, ikasi behar izan dute haien artean bizitzen. Azken finean, paisaiaren zati izan dira hemen poliziak. ETAren iheslariekin areagotu egin zena 70 hamarkadatik aurrera.

Gailurra, hala ere, II. Mundu Gerrarerkin etorri zen: polizia frantses eta espainiarrez gain, alemaniarrak hasieran eta jugoslabiarrak gero… Gure lagun Andoni Etxarriri galdetzen diotenean bera euskaldun-frantsesa, vasco-espainola edo zer arraio den, azkar erantzuten du bera euskal-alemana dela, jaio zenean, III. Reicha baitzen nagusi Hendaian… (Hurrengo bideoan Migel Kamiorekin hizketan ageri dena da Etxarri laguna).

Kamiok Aittonaren ibileretako bat kontatu digu gaur goizean, baina behin eta berriz entzun behar izan dugu ondo ulertzeko, ez baitaukagu belarria ohituta halako euskara inperfekto bezin adierazkorrera.

Mugako euskara mestizoa erabiliz funtsean kontatzen du Mantxota deitzen zioten besamotz batek, hondarrez betetako gabarra nahi zuela portuan deskargatu, Rufino izeneko baten ondoan. Ez dakigu zergatik, baina ez ziola lekurik egin nahi izan Aittonak portuan. Rifleak ere kargatu zituela horretarako, Kamiorenak hain zuzen ere, bai baitzituen bi, bat 7koa eta bestea 13ko kalibrearekin. Bidenabar kontatzen du Marseilla aldeko poliziak ere etorri izan direla Hendaiara bazter hauek zaintzera, eta etorri bezala joan ere bai, isatsa hankapean dutela.

 

 

 

HTML Kodea

Irudia | Migel Kamio, azken piratetako bat? | hec | Creative Commons By SA
Hendaia, hondarribia, kontrabandoa, Txingudi
Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Mugako kontu ttikiak: Aittona, Mesié Kamio eta konpainia”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude