Mikrofono aurreko hooliganak

Futbola gustuko baduzue seguraski jakingo duzue pasa den asteazkenean Stade de Francen Frantziak eta Irlandak jokatu zuten partiduak sortu duen polemika. Futbola gustuko ez baduzue ere, ez litzateke harritzekoa izango jakinaren gainean egotea. Dena den, laburpen bezala:

Frantzia vs. Irlanda, 2010an Hegoafrikan jokatuko den Munduko Txapelketarako txartelaren bila. Joanekoan, Frantzia 0-1 nagusitu zen Irlandan. Itzulerakoan, Irlanda jaun eta jabe Frantzian, 0-1 irabazten eta oso itxura ona ematen. Frantziarrak ezinean… eta halako batean, 82. minutuan Thierry Henryk baloi bat eskuarekin kontrolatu (jokoz kanpo egonda gainera), pasea lagunari, eta Gallasek gola. 1-1 markagailuan eta Irlanda kalera. Oso jokaldi garbia izan bazen ere, epaileak ez zuen adierazi, batez ere marrazainak ez zuelako gola baliorik gabe uzteko ausardiarik izan (hasieran balio gabe uztera joan zen, baina gero atzera egin zuen).

NzUw

Gauzak honela, eta esan bezala, Frantziak aurrera egin du eta Irlanda kalean gelditu da, sekulako kanporaketa jokatu ostean. Baina harritu ninduena Frantziako komunikabideen jokaera izan zen. Partidua amaitu bezain laister, TF1eko (Frantziako telebista publikoa) narratzaileek, sailkatu izana ospatu beharrean, Irlanda txalotu zuten, oso zigor gogorra jaso zutela esanez, ez zela justua horrelako jokaldi baten ondorioz kaleratu izana, nahiz eta, beraiek frantziarrak izaki, beraien alde gertatu zen zerbait izan. Ildo berean mintzatu zen Bixente Lizarazu, TF1ko narratzaileekin partiduetan egoten den “aditua”, eta ezer baino lehen, Frantziako selekzioaz harro ezin dela egon esan zuen, ikusitakoa ikusita. L’Equipe ere, “antzerako-parezido”. Partidua bukatu bezain azkar, beraien webguneko azal bezala, Henryren argazki handi bat jarri zuten, baloia eskuarekin kontrolatuz.

Eta Galdera da: Santiago Bernabeun Fernando Torresek gauza bera egin izan balu, gure bizilagun espainiarren erreakzioa berdina izango litzateke? Uste dut galdera erretorikoa dela nahiko argi dagoela.

Ingenieria izateak, zientzia gustuko dudala suposarazten du. Asko irakurri eta bidaiatzea gustuko izateak, beste interes batzuk dauzkadala. Denen artean kamuflatuta, kirola. Eta nahaste horren emaitza Julen da. Ni neu.

Zer duzu buruan “Mikrofono aurreko hooliganak”-ri buruz

  • Gari Garaialde 2009-11-23 12:26

    Nik orain dela 10 bat uteko Eurokopako partida batean “Dios existe y ademas es español” aditu nuen esatariaren ahotik, Españak gola sartu ondoren…