Hezkuntza Sailaren Bakerako plana
Badira aste batzuk Indarkeriari Legitimazioa Kentzea eta Bizikidetza Demokratikorako planaz, hau da, bake hezkuntzaren plan berriaz idazteko beharra sentitzen dudala. Badira hiru aste behar hori dela eta, arinak eta interes gutxikoak iruditzen zaizkidala idazteko bururatzen zaizkidan beste gaiak. Gai politiko-polemikoa bihurtu da bete-betean eta bat nator Euskal Autonomia Erkidegoko Eskola Kontseiluak Jaurlartitzari egindako kritikarekin «Indarkeriari legitimazioa kentzea terminoaren esanahiak pentsarazi dezake aurretik legitimazio bat izan dela, eta hori ezin zaio hezkuntza sistemari leporatu» esaten duenean.
Gaur goizean jakin dugu Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Konrado Mugertza Euskadiko Eskola Kontseiluko presidentea kargutik kenduko duela, erakunde horrek aipatu planari buruz txosten kritikoa egin duelako.
Eskoletan haserre gaude. Oso begirune eskasa adierazten du sailburuak “Indarkeriari Legitimazioa Kentzea” izeneko plana aurkezterakoan. Oso begirune gutxi eskola osatzen dugun guztiokin eta batez ere irakasleokin, indarkeriaren hazia eskoletan ereingo balitz bezala aurkeztuz eta eskolak eta irakasleok orain arte ezer egin ez bagenu bezala adieraziz. Eta ez da horrela; etengabeko hausnarketa egiten ari gara aspalditik indarkeriaren -eta bere adierazpen guztien- inguruan eta, bera baino eragile indartsuagoak daudela jakinda ere, eskolak ez du etsitzen duen bokazio hezitzailean. Proposamen asko eta sakontasun maila desberdinekoak jarri dira martxan, baina arlo honetan ezin gara azalean gelditu, Hezkuntza Saila indarrean jarri nahi duen plan partzial eta alderdikoiarekin azalean gelditu den bezala.
Eskola osatzen dugun guztion ardura da eztabaida antzua alde batera uztea eta, benetako autonomiaz jokatuz, heziketa irizpideak beste guztien gainean jartzea. Hori da datorren garai korapilatsu honetan egokitzen zaiguna. Eta hori egingo dugu.