Hemen psikoanalista bat behar da, premia handiarekin

MjE5Nw==

Ez, ez naiz oraindik erotu.

Duela gutxi atzerrira egindako bidaia batek piztu dit bizitza guztian neurekin txertatuta eraman dudan trauma (edo). Ni, izatez, Hegoaldekoa naiz, baina Iparraldean bizi gara gaur. Nire emaztea, ostera, Iparraldekoa da. Gure seme-alabak Iparraldekoak dira, Hegoaldeko euskaran mintzatzen diren arren. Kontua da, estranjerian ibili garela egun batzuetan eta, normala den bezala, nongoak garen galdetzen zigutela. Nongoak zarete? edota, Zer zarete?

Egia esan niri inbidia handia ematen didan beste gauzetako bat da hori, atzerrian jende normala zein izaten den normala egiaztatzea. Joaten zara Suitzara, esaterako, eta hangoek berehala esango dizute suitzarrak direla. Suitzako suitzarrak, alegia. Joaten zara Txinara, Brasilera edo Hegoafrikara, eta berehala esango dizute  nongoak diren. Zer diren. Izan ere normalak dira. Erabat. Ez dute batere zalantzarik edukitzen kontu horretan.

Gu, ostera, anormalak gara.  Zer gara, ba, gu bestela?

Hasteko, zein da gure ereserkia? Jeiki-jeiki, Eusko Gudariak, Martin Larralde,  Txoria txori… ala besteren bat? Gainera, ba ote dago denon ereserki bakar izateko balio duen kanturik? Zein da gure Marsellaise?

Gauden bezala, hiru administrazio politikotan banaturik egonda, ez dago erraza ezer. Egia da hori. Horregatik egiten zaigu aldrebesa, estranjerian, gabiltzanean nongoak garen esplikatzen ibiltzea. Zer garen esatea.

Gogoa ematen dizu espainola naiz eta kito egitekoa, baina horrek,  egia ez izateaz gainera, ez du balio nire familiako gainerako kideentzat. Frantziarrak garela esaten ere ezin hasiko gara ba, oraindik ere zapu mihinez eskatzen ditut eta croissantak.

Amerikako gringoekin nahastu izan naute, alemaniar eta ingelesekin ere bai, baina sekula ez naute hartu izan frantziartzat ibili naizen bazterretan.

Gure seme-alabek ez daukate askoz errazagoa

Pirenées Atlantiques-en sortuak dira eurak, Frantziako 64.garren departamentuan, zer den ere ezagutzen ez dute Aquitaineko erregioaren baitan. Arraioa, hasi zaitez hori guztia suitzarra bezalako hitz bakarrean sartzen.

Nire mihinak ere ez du oraindik ikasi neuretzat  Euskal Erkide Autonomokoa naizela esaten. EAE aipatze hutsa, ostera, lotsagorritzeko modukoa egiten zait.

— Nongoa zara?

— Ni EAEkoa naiz, eta zu?

Adarrik ez jo, faborez. Suitzar normal bat ez litzateke sekula inongo EAEkoa izango. EAE ez da herri baten izena. Ematen du Diputazioaren elkarte baten akronimoa dela, ez besterik. Gaizki jarritako laburdura da, gainera: zatarra irakurtzeko, zaila esateko eta ezer adierazten ez duena.

Errazena, sinplifikatzea izango da. Ez da?

Onena, ni euskaldun-espainola (euskainola?) naizela eta nire familiakoak euskal-frantsesak (euskotsesak?) direla esatea dela irudi lezake, baina hori egingo banu, haserretu egingo litzaideke Hendaiako nire lagun handi bat. Izan ere berari zer den galdetzen dioten bakoitzean (euskainola ala euskotsesa), beti gauza bera erantzuten du, bera eusko-alemana (euskomana?) dela. Izan ere, bera jaio zenean, alemanak zeuden agintzen Iparraldean eta Frantzia osoan.

Gogora datorkit Milan Kunderaren anekdota bat, 68an sobietarrak orduko Txekoslobakian sartu zirenekoa. Bi poliziak estu hartu zuten Kundera kale bazter batean,  galdetuz ea bera zer zen. Jakina, txekiarra zela erantzun zuen Kunderak. Orduan bi poliziak borrak atera eta jo eta jo hasi ziren, berriro galdetu arte, ea Kundera zer zen.

Kunderak ez zekien nola irten ataka hartatik eta halako batean poliziei eurei galdetu zien ea zer izan behar zuen euren ustez, ea zer erantzun behar zien bakean utz zezaten: Sobietarra!, erantzun zioten.

— Ederki, ba, orduan sobietarra naiz, baina zuek esan hori nire barruko erraiei, eurak txekiarrak direla sinetsita daude eta.

Benetako jipoia, orduantxe hasi zela esaten da.

Baina utz ditzagun urruti/aspaldiko kontuak, bertara eta gaur egunekora itzultzeko.

Badut beste lagun bat ere, Jota izenekoa eta usu Madrilen ibiltzen dena lan kontuetan. Hegoaldekoa da izatez, baina Hendaian bizi da bera ere. Hala ba, Madrilgo lagunek sarri esaten diote Tú eres del norte. Eta jakina, berak, No, yo soy del Sur, pero vivo en el Norte. Pentsa dezakezue zein aurpegirekin begiratzen dioten madrildar unibertsalista guztiek. Ez dute fitsik ulertzen, Jotak erabateko egia esan arren.

Hori baita beste arazo bat, gure herriaren benetako izena.

Txirritak Kantabriako partia deitzen zion sarri edo Nortia, Aranak Bizkaia eta Euskadi, baina Iparragirrek berak ere, Hendaian xoraturikan zegoen batean, Hara Espaini, lur hoberikan… ez zuen abestu ba!

Bera ere frantziarren sindrome berak jota, antza, Le Pays Basque Bidasoan amaitzen baita haientzat. Hegoalderik ez da inon frantziarrentzat, Pay Basque guztia, Frantziako lurretan baizik ez da biltzen. Gernikan arbolarik badenik ere ez dakite, galiar gaizoek.

Oroitzen naiz, Paul Dutournier, Sarako alkate zaharrak (gerra eta kontrabandoko hamaika abentura zituenak, nazien kontzentrazioguneetatik birritan ihes egin zuenak, Agirre lehendakariaren ikurrina urtetan gorde zuenak…) Euskadi izena esaten nion bakoitzean nola erantzuten zidan:

– Ai, ai, ai… Euskadi deitu ordez, Euskal Herria deitu izan balitz, gauza zein diferente izango litz!

Eta ondoren argitzen zidan, bera bezalako Iparraldeko askorentzat, Euskadi eta Bizkaia, sinonimoak zirela, eta ezin zutela eurek izan bizkaitar. Euskadi izenak, asko bereizi zuela Iparraldea Hegoaldetik…

Gainera, zein herri mota gara euskaldunok?

Irrintzi eta txalaparta soinu artean gudua egiten duen herria, erromatarrentzat. Sagarrak jaten duen herria, Voltairerentzat eta Pirinioaren oinetan abestu eta dantzatzen zen herria. Forro polarra jantzita dabilen herria, Fermin Etxegoienentzat…

Hau ez da batere serioa, jaunandreok. Ez, ez gara batere normalak.

Nola nahi duzue, ba eskizofrenia honekin aurrera egitea?

Baten batek esan dezake, psikoanalistak gabe, historialariek konponduko digutela auzia. Esate baterako, Eneko Bidegainek oraintsu argitaratu du Gerla Handia, muga sakona izeneko liburua, eta bertan ikusten da, nola batzuk frantziartzen eta besteak espainoltzen hasi ginen, gutxienez, duela ehun urtetik hona, Gerla Handiarekin. Morts pour la patrie. Bai, bai, baina zein patrie?

Beste batzuek ordea, gurean historia kontuak gehien gurtzen dituzten horietakoak seguru aski, ez dira, ba, hasi ez Euskadi, eta ez Euskal Herria, Nafarroa dela gure aberri guztia! Galdetu, bestela gure, Palazioberri maiteari. Nafar, iparnafar eta mendebaldeko nafar, hemen ez dagoela besterik. Arraioa.

Berriro galdera bera, nola nahi duzue eskizofrenia honekin aurrera egitea?

Zer gera gu, nor gera gu, euskotarrak gera gu….! Polita kantua zinez, baina izenarekin bezala, adjektiboekin ere badugu nahikoa kakanahaste: euskotarra, euskalduna, baskoa, vascongadoa, vasconavarroa, nafarra, mendebaldeko nafarra... La Virgen!

Juanito Oiartzabal mendizale euskalduna da, ala euskal mendizalea, ala biak, ala mendizale baskoa, ala beste zerbait? Bai, bai, egin farre eta algara, baina, zein da erantzun zuzena?

Erabaki bat hartu beharra dago.

Bai, ez dago beste biderik, guztiz erotuko ez bagara. Premia handikoa da zirt edo zart egitea.

Bazterrean utziko ditut irizpide historikoak, tradiziozkoak, politikoak… baita soziologikoak ere, eta erabakia irizpide komertzial soiletara makurtuko dut, ekonomiak agintzen duen mundializatze garaiotan.

Gogora datorkit Telebista frantsesko telejournal batean Patxi Nobliak behinola esan zuena. Ez baldin badakizu, Patxi Noblia ekintzaile garrantzizkoa da Iparraldeko ekonomian. Orain erretreta hartu badu ere, Sokoa  enpresako sortzaile eta buru izan da azken hamarkadetan, besteak beste.

Egun hartan Iparraldean departamendua sortu ala ez zen gaia, aipatu telejournalean. Nobliari iritsi zitzaionean aukera, honelako zerbait erantzun zuen berak: “Hara, ni mundu guztian ibiltzen naiz bulegoetarako altzariak saltzen eta beti galdetzen didate nongoa naizen. Zer hasi behar dut erantzuten? 64garren departamedukoa naizela? Mendebaleko Piriniotakoa naizela? Akitanoa naizela?… Erotu egin gara ala? Nik beti esaten diet euskalduna naizela, Euskal Herrikoa, eta ederki ulertzen didate mundu guztian, lehenengoan, Alemanian eta Txinan”.

Horixe, beraz, neuk ere neuretzat, psikoalanista jaun edo anderea, euskalduna naiz, Euskal Herrikoa. Besteek jakingo dute eurak zer diren, baina neu horixe, Kunderaren tripak txekiarrak diren bezala. Ezinbestean gainera, barraskiloa barraskilo den antzera.

Bai, bai, baina zein da gure herriaren geografia?

Honetan bai ez naizela sartuko. Ez dut denborarik galduko batere. Beti izan naiz oso txarra geografia kontuetan, eta ez naiz hasi ere egingo Bardeak Euskal Herria ote diren ere pentsatzen.

Kontu honetan nire emaztearen iritzi berekoa izango naiz, eta ez, hain juxtu, berak historia eta geografia erakusten dituelako, bai zera!

Inoiz edo behin gure herriaren mugez hitz egin izan dugunean, non hasi eta non bukatzen diren gure lurrak, alegia, berak emearen zentzu ezkutuko hori edo nik ez dakit zer erabiliz, argiki erantzun izan du:

— Gure mugak zeintzuk diren? Hori besteek badakite ederki, haiek badakite non hasten eta non bukatzen diren gure herriaren mugak

Jakina, besteek dioenean, jende normalaz ari da, gu ez bezalakoak diren auzoez dihardu, espainol eta frantziarrei buruz, jakina. Eta egia da, haiek ederki dakitela non hasi eta non bukatzen diren gure mugak. Ez da?

Batzuetan ez dago ezer hoberik emazteari kasu egitea baino.

Irudia | Erotze bidean? | Ben Garney | Creative Commons By SA
aberria, Euskal Herria, euskaltasuna, nongotasuna, nortasuna
Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

4 pentsamendu “Hemen psikoanalista bat behar da, premia handiarekin”-ri buruz

  • Paradoxa-festa honetan nik argi dudan gauza bakarra, Oiarzabalena da. Erantzuna ez da, ordea, ez identitatiroa ez hemen agertzeko modukoa.

  • Hara! identitarioa esan nahi nuen. Barka.

  • Testu hau irakurri eta nire paper arteko zirriborro zahar bat berehala etorri zaiit gogora. Bertan zera nion besteak beste:

    “‘Euskal Pilota’ liburuan […] idazle humanista, etnografo eta Euskaltzaindiako kidetzat aurkezten den José María Satrustegik zera dio bere ekarpenean:

    Me acuerdo de cuando era joven, he tenido grandes maestros, y me acuerdo de que una vez vino Nick Holmer de Suiza y quiso comprar una casa en Urdangain y me dijo: “Reza para que no hagáis lo que, tontos de nosotros, hemos hecho en Suiza. Muy avanzados y amantes de la conversación y esto y aquello, y hemos perdido nuestras venas. Y qué no daríamos ahora para recuperar aquellas venas nuestras. Y ahí estamos, buscando. Haréis un buen árbol, pero si perdéis vuestras venas, no seréis vosotros, seréis otra cosa. Como nosotros.

    Exactly. (Denok!) nahi dugu Suizako tontoak izan. Nik bai behintzat!. Ez hobe ez okerrago: berdinak… arruntak… independienteak: Como vosotros.”

    Geroztik aldatu dut eritzia ze tontoa izatea eta islamofoboa izatea gauza bera baldin badira pues ni neu ez! Baina tira!

    Psikoanalisia hollywoode(s)koa dela-ta, don’t worry man! gozatu zure sintoma eskizofrenikoa!

    http://www.youtube.com/user/txurrimus#p/a/u/0/SO4Uw5zO0i4

  • Iñigo Rubert 2010-05-05 22:31

    Lagun alemaniarraren erantzuna Euskal Herritik:
    Zalantza daukat Euskal Herria, bere horretan, existitzen ote den: momentu honetan, eraikuntza baten fruitua da, hizkuntzarena. Eraikuntza zaharra, egia da, baina egunero berritu eta berrasmatzen ari dena. Euskal Herria ez da existitzen izatez, proiektu horretan parte hartzen duten pertsonek osatzen dute. Raul Zelik. Argia.
    http://www.argia.com/argia-astekaria/2228/raul-zelik/osoa

    Lagun euskaldunaren erantzuna erbestetik:

    Harriak eta herriak
    Munduan bada bazter bat (ez genuen guk sortu orduko hautatu) gure herria erizten duguna. Eta mundu guzia da gurea gure herria geurea bada. Baina guk harri bustiak sartu genituen gure boltsilo zulatuetara. Egin genuena ez zen beti izan egin behar genuena, hildakoak eta distantziak ugalduz joan ziren, eta gure herriaren sei mila halako den mundua mugarriz pikatuta dago.

    Mugetan, Henri Rousseau aduaneroak nondarrak garen eta norantz goazen galdetuez gero gure harri bustiak erakusten dizkiogu, ezen eta harriak ditugu: “Harri hau, uharri hau ikusten duzu, halakoa zen gure etxea…”

    Inongo lur nehurtzaileak, ez den herrialdearen kartografoak gara. Egunak atzoz bete zaizkigu, geure oinen bila gabiltza. Gogoratzen duzu, galdu genuen aintzinako sorterri hura?

    Harriak ditugu baina ez dugu herririk. Harriak ditugu boltsilo zulatuetan, baina ez dugu inon eraikiko betirako etxerik. Harriak ederragoak al dira harresian?

    “Hau da ene ondasun guzia”. Joseba Sarrionandia. Txalaparta & Esan Ozenki, 1999.

    Nire erantzun pertsonala:
    Euskalduna, Euskal Herrikoa. Ez zait besterik bururatzen. Eta benetan sakondu nahi badute, atera dezatela beste garagardo bat.

    Nire erantzun politikoa:
    Behar dugun estatua lortzeko eskizofreniko guztiak beharko ditugu, baita espainol eta frantsesak ere. Emadazu estatu bat eta, lan egutegian euskararentzako orduak ezartzen ditugun bitartean, eztabaidatuko dugu zer garen… biok lokartu arte!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude