Gogoeta erosketarik gabeko egunean

kontsumoaEzin dugu ahaztu neurririk gabeko kontsumoaren ondorioetako bat oreka ekologikoaren galera dela, bai baliabide naturalen gehiegizko kontsumoagatik eta baita ekoizpen prozesuek sortzen duten kutsaduragatik ere.

Gaur, urriak 25, Erosketarik Gabeko Egunaren 20.edizioa ospatzen dugu. Gure egutegietan agertzen den beste egun bat baino ez da, baina urtebetetzeak ospatzen ditugunean urtearen birpasoa egiten dugun bezala, egun hau ere berezia da, guregandik hurbilen daukagun gizartean eta baita gure planeta konpartitzen dugun bestelako gizarteekin daukagun harremanetan norbanakoaren papera zein den aztertzeko eguna da. Hala ere, gaur egungo gizarte eredua aldatzeko benetan beharrezkoak direnak urte osoan zehar, egunero, egiten ditugun ekintza txikiak dira. Ez dugu heroirik behar guk, herritarrok, benetako gizakiok aldaketa honen motorrak izan behar gara.

Eta aldaketa da ustezko krisi garai honetan gehien entzuten dugun hitza, baina, momentu hauek bi gauza izan daitezke aldi berean, abiapuntu bat eta helmuga. Zenbait adituek diote momentu hauetan aldaketei aurre egiteko gure eginbeharrak, gaitasunak, jarrerak aldatzeko joera daukagula. Izan ere, moldatzeko gaitasuna giza espeziearen berezko ezaugarria da baina, ez da beharrezkoa zerbait berria asmatzea, askotan kontsumismoa eta ez gizartea elikatzeko eredu kapitalistek baztertutako portaera zaharrak berreskuratzearekin nahiko izaten da.

Truke sistemak, aldaketa sistemak, komunitate berbereko ala desberdineko kideen artean erlazionatzeko eredu bezala sinonimo positibo ugari izan ditzake hala nola; berrerabilpena, ingurumenarekiko errespetua, berdintasun-gizartea, pertsonen arteko erlazioen hobekuntza, aberastasunaren bidezko banaketa, kohesio soziala… Alderdi hauek guztiak, ez datoz bat neurririk gabeko kontsumoak sorrarazten dituen ondorioekin. Zenbait eragilek gainera, gure gizartea kontsumoaren gizartea bihurtu nahi dute eta horretarako, publizitatea bezalako armak erabiltzen dituzte. Inolako mugarik ez duen tresna arriskutsu honek gizabanakoak objektu bilakatzen ditu, eduki aditzak izan aditza alde batera uzten du, askatasuna kontzeptua kontsumitzeko ahalmenarekin parekatzen du eta zoriontasuna lortzeko bidea iragartzen duten produktua erostea dela jakinarazten digute. Baina, zoriontasuna nekez lortuko dugu baloreak, jarrerak eta kontzientziak aldatzen ez baditugu. Berriro ere, aldaketa hitza agertzen zaigu…

Zenbait pertsona eta erakundeen baitan trukea bezalako ekintzek gero eta indar handiagoa daukate, elkar truke hauek gainera ez dira produktuetara mugatzen eta zerbitzuak ere sistema honen parte dira. Elkar truke hauek berezkoa duten abantaila ekonomikoaz gain, gure bizitzako beste hainbat alderdietan ere ondorio positiboak dauzkate, gure inguruan dauden beste pertsonekin erlazionatzeko aukera ematen duten heinean gure buruarekiko sentimendu positiboa izatea ahalbidetzen dute, beste pertsona batzuen beharrak asetzeko gai garelako eta berdintasuna bermatzen dugulako. Eta nola ez, lurra konpartitzen dugun beste izaki bizidunekiko errespetua mantenduz. Izan ere, ezin dugu ahaztu neurririk gabeko kontsumoaren ondorioetako bat oreka ekologikoaren galera dela, bai baliabide naturalen gehiegizko kontsumoagatik eta baita ekoizpen prozesuek sortzen duten kutsaduragatik ere.

Gaurko egunean, gure kontsumitzeko eraren eta gure bizi filosofiaren inguruan hausnarketa egiteko beharraz konturatzen gara. Baina ez bakarrik hori, erosten ditugun produktuak zein testuingurutan, soziala eta ekologikoa, ekoizten diren jakiteko garrantziaz konturatzen gara eta baita kontsumitzen dugun oro benetan behar dugun ere zalantzatan jartzen dugu.

Behar bada, ez da kasualitatea, kontsumismo hitzaren jatorri etimologikoa «consum?re»  hitz latinoa izatea, honek gastatu edo suntsitu esanahia dauka. Hitz honek gaur egun, bere esentzia negatiboa mantentzen du baliabide naturalen neurririk gabeko erabilerari eta oreka naturala eta sozialaren suntsiketari dagokionez.

Ez gaitezen nahastu, lehen mailako beharrak, gizartean bizi garen animaliak garenez gero, gizartean bizitzeko ezinbestekoak zaizkigun horiek dira. Bigarren mailakoak berriz, alde batera utz ditzakegu, baina hauek lehen mailakoak bilakatu daitezke gizarte eredu kapitalista hauek zabaltzen aditua delako. Eredu honek ekoizpena- kontsumoa- atsekabea amaierarik gabeko zikloaren beharra dauka bizirauteko…baina nork kontsumitzen du nor? Nor da jabea, gizakia ala objektua?

Guzti honengatik, EGUZKI-k gaur egungo kontsumo ohiturak aztertzera animatu nahi zaituztete. Egun hau, benetako aldaketa emateko beharrezkoa den prozesu luzearen abiapuntutzat harturik, baliabide naturalen kontsumo arduratsuagoa eginez eta azkenengo helburua lortzeko, hau da, gizarte ereduaren aldaketa.

kontsumoa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude