Gasteizko Michelin enpresan amiantoa zegoela aitortu du epaile batek
Gasteizko Michelin Enpresan amiantoa zegoela eta Javier Martinez bertako langilea material horrekin kontaktuan lan egiteak sortutako kantzer baten ondorioz hil zela aitortu du Gasteizko Gizarte Epaitegiak.
Hasiera batean Gizarte Segurantzak 53 urteko langilearen heriotza amiantoa arnastearen ondorioz sortutako lan gaixotasun baten emaitza zela aitortu bazuen ere, multinazional frantziarrak helegitea aurkeztu zuen erabaki horren aurka.
Apirilean gauzatu zen epaiketa eta orain Gizarte Epaitegiak helegitea gutxietsi eta lan gaixotasun bat dela berretsi du.
Euskadiko CCOOko lan osasun ordezkariak adierazi du sententzia honen ondoren “epaiketa gehiago etorriko” direla kalte-galerak direla eta, familiarentzako kalte-ordain posibleekin. Honez gain esan du ez dutela espero enpresak Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian helegitea aurkeztea, “aurrera irteteko oso aukera gutxi izango lituzke” eta.
Hiltzaile isila
Amiantoak Kaltetutakoen Elkartearen datuen arabera, aurreko urtean 15 lagunen heriotza eragin zuen gaur egun galarazita dagoen material honek Euskal Autonomia Erkidegoan. Uste da azken 30 urteotan 25.000 euskal langilek egin dutela lan amiantoarekin kontaktuan.