“Futbola eta ikasketak ez dira bateragarriak”
“Futbolaria zara, kontratu profesionala duzu. Ikasketak ez dira futbolarekin bateragarriak. Entrenamenduak amaitzean egin behar duzuna atseden hartzea da, ez ikastea”. Halaxe mintzatu zaio Juan Eduardo Esnaider entrenatzailea Zaragoza B-ko Ramiro Mayor futbolariari, ez baitio aste honetako unibertsitate atariko hautafrogara aurkezten utziko.
Entrenamenduak amaitzean Ramiro Mayorrek egiten duenak ez du Esnaider arduratu behar, ez behintzat egiten duen horrrek bere forma fisikoan eragiten ez badu. Noski klubarekin sinatutako kontratua bete behar duela, baina entrenamenduen ostean liburuen aurrean egoteak kalte baino mesede gehiago egingo dio Mayorri, eta baita klubari ere.
Futbolarien ibilbide profesionala motza izan ohi da eta amaitzean, elitean jokatzen duten gutxi batzuk bakarrik bizi daitezke futbolean irabazitakoarekin. Zer esanik ez bigarren mailako taldeetako jokalariek. Gehienenek ibilbide berriari ekin behar izaten diote eta, horretarako, ikasketak izatea oso lagungarria da.
Ez hori bakarrik, etorkizuneko ogia alde batera utzita, buru jantzia izatea beti da mesedegarria bizitza honetan, baina badirudi oraindik horretaz jabetzen ez den jendea badagoela, futbolarien lana baloiaren atzetik korrika egitea eta telebista iragarkietan ateratzea besterik ez dela pentsatzen duen jendea. Bost axola babo hutsak badira.
Zentzuzko esaldirik osatzen ez dakiten zenbat jokalari ikusi edo irakurri ditugu hedabideetan? Eta kazetarien galderei nekez erantzuteko gai direnak? Beste batzuetan, aho zabalik uzten gaituzte botatako perlekin, Cristiano Ronaldoren azkena kasu: “Futbol zelaietan txistu egiten didate ederra, aberatsa eta futbolari handia naizelako, eta bekaizkeria didate”. Txo, utz iezazkiok horiek amonari!
Berripaper askotan zabaldu zenez, Javi Poves futbolari gorriak azkenean nazkatu eta kirol profesionala utzi zuen. Ez omen zen integratua sentitzen.