Euskaldunen Hiria? Bai, Toledon

Euskaldunen Hiria? Bai, Toledon

Euskaldunen Hiria? Bai, Toledon

Izenaren jatorria ez da ‘Ciudad de Vascos’-eko misteriorik handiena. Inork ez daki zer gertatu zitzaien murruaren barruko bizilagunei, ez baitute harria baino aztarna handiagorik utzi. Eta ez da gutxi. 

Espainiaren erdian, Navalmoralejo udalerrian, Toledo probintziako bazter bateko muinoaren goienean dago ‘Ciudad de Vascos’ aztarnategia. Iberiar penintsula Al-Andalus zen garaikoa da (711-1492). 3.000 lagunetik gora bizi izan zitezkeen. Hala ere, ez dago herriaren jaiotzaren eta heriotzaren arrazoiak ezagutzen dituenik.

XVI. mendekoa da lekuaren idatzizko lehenbiziko aipamena. Ordurako ez zegoen ‘Ciudad de Vascos’-en giza bizitzaren arrastorik. Bai, ordea, harresi, ate, meskita edo hilerrien egitura eroririk. Metalezko, zeramikazko edo beirazko gailuak ere aurkitu zituzten lur azpian. Ikerketa lan serioak egin dira ordutik, eta misterioak osoki argitu ez badituzte ere, hipotesien jolasa zabaldu dute.

Euskaldunik?

Tokiaren izenak berak nahastuta dauzka ikerlariak. ‘Ciudad de Vascos’ bezala izan da beti ezaguna. Euskaldunik izan zitekeen gotorleku urrun hartan? Erromatarrek familia euskaldunak eraman zituzten hara metalurgia garatzeko? Hipotesi horiek zabaldu izan dira gaiari buruzko dokumentuetan, nahiz eta hari muturrak lotzeko modurik ez dagoen. Harritzekoa eta bitxia behintzat bada Euskaldunen Hiria sortu izana, non eta Euskal Herritik ehunka kilometrotara, dozenaka egun eta gauetara.

Baliteke gaur ‘Vascos’ gisa ezagutzen dena beste hitz baten moldaketa izatea, adibidez, bakzeo tribuarena. Edo inguruko leku izena besterik ez da, kasualitateak euskaldunekin lotua. Izan ere, ezezaguna baita arabieraz zuen izena, eta ‘Ciudad de Vascos’-ek besterik ez du biziraun. Aurkikuntza berrien esperoan, ezezaguna da nork eta zergatik deitu zion gotorlekuari ‘Ciudad de Vascos’.

Euskaldunen Hiria? Bai, Toledon

Euskaldunen Hiria? Bai, Toledon

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra