ETAren agiriari buruzko iritzi ezkor bat

ETAren agiriari buruzko iritzi ezkor bat

Vicent Partal, Vilaweb-eko zuzendariaren iritzi artikulu honek eraman nau hau guztia pentsatzera. Vicent Partal ezagutzen dugunok badakigu bera dugula euskaldunok babesik handienetakoa geure mugetatik kanpora, eta eskertzen zaio asmo ona eta hitz aberatsa, baina bada zerbait, inon baino lehen eta behingoz, geure artean konpondu beharrekoa.

Vicent Partalek dio, ETAren oraingo hau ezberdina dela: “Aquest cop és diferent perquè ETA ja no pretén ser reconeguda com a representant del poble basc, ans accepta que un procés polític democràtic decidesca el futur del seu país. El gran canvi és que ETA renuncia a tutelar el procés i es posa al servei del procés polític, no a l’inrevés.”

Alegia ETAk ez duela bere burua aitortzen herri honen ordezkari bezala, prozesu demokratikoaren esku uzten duela Euskal Herriaren etorkizuna,  eta jada ez duela berak babesten (tutelatzen) prozesua, aitzitik, prozesuaren zerbitzura jartzen dela erakundea.

Bo, bo, bo. Agiriko zein puntutan dio ETAk azkeneko hori, “el gran canvi és que ETA renuncia a tutelar el procés” delako hori? Egingo al dit baten batek mesede agirian non datorren esatekoa? Zein hitzetatik erator daiteke halako ustea? Hain juxtu horrexen zain daramagu urteak eta urteak, ETAk noiz benetako konfiantza erakutsiko defendatu uste dituen herritarrengann.

Pentsatzen dut ez dela erraza izango tenore honetan kartak  jokatzea, eta erantzunkizun itzela izango dela hainbeste preso, iheslari eta militanteren etorkizuna kudeatzea. Alegia ETAk ere ezin esango duela zernahi eta nolanahi, geroago damutuko ez bada. Baina agirian ez dator inon “ETA renuncia a tutelar el procés” horren antzeko ezer. Aitzitik ETAk dio, “gaur, atzo bezala…” dagoela prest. Eta hortxe jarraituko duela denok borrokan jarri eta gutxieneko baldintza demokratikoak lortzen ditugun artean: “Euskal Herriaren eskubideak ezagutuak eta bermatuak izango direnean irekiko baitzaigu gatazkaren benetako konponbidearen atea”.

Alegia, puntu horretara iritsi artean, berak aldarrikatzen duena lortzen ez den/dugun artean, bera izango dela herri honen etorkizunaren berme.

Egia da, eta poztekoa esaldi hori: “hilabete batzuk direla eraso ekintza armaturik ez burutzeko erabakia hartu zuela”, baina Barajasko T4ko atentatua baino lehen ere, egoera horrexetan geunden. Gertatuko da ala ez da gertatuko, baina orain ere halaxe gaude, auskalo noiz, —bi hilabete, bi urte…—, zartako bat edo tiro bat ager daitekeen mamua urdailean barneraturik. Horri ere ez baitio ezetz esan ETAk.

Agian prozesu politikoaren aitzinatzeak kenduko digu izu hori barnetik, denborak esango du hori, baina gaur gaurkoz agiriak behintzat ez gaitu libratu sentipen betiereko horretatik. Dena bukatua dela sinetsi nahi dugu, baina letrak ez dakar horrelakorik.

Ez du esaten “berriz” ez duenik ekintzarik egingo, edo behingoz, alde batera utziko dituenik armak. Atzo bezala jokatuko duela gaur ere, horixe esaten du.

Eta nik lerro artean ulertzen dudanez, euskal herritarrok ez garela gai geure buruak libratzeko eta bera hortxe geratuko dela zaintzan, badaezpada ere. Geure onerako. Beharrezkoa dela oraindik. Bide zibila errespetatuko duela, baldin eta berak nahi duen lekura iristen bagara. Bestela…

Horixe ulertzen dut nik ETAren azken agirian. Zoritxarrez.

Eta orain banoa jendartera, ea lortzen dudan ni baino baikorragoa den norbaiten iritziak kutsatzea.

ETAren agiriari buruzko iritzi ezkor bat

Ez dut hankarik eta, batez ere, ez dut bururik. Begi bat bai, ordea. Eder askoa.

15 pentsamendu “ETAren agiriari buruzko iritzi ezkor bat”-ri buruz

  • Azken albistearen harira, medioetan entzuten ari naizen hitz hutsalen ondotik sortutako ernegutik idazten dut (egia hasieratik aitortzea komeni da batzuetan). Esan direnak ondo gogoan hartzea komeni zaigu, hemendik denbora batera norbait lotsagorritzeko arrazoi bat baino gehiago izango baitu. Kontua da, ETAk esaten duenari baino, esan ez duenari ematen diozuela batzuek garrantzia gehiago eta galdera sinplea da; zergatik? zein da jokaera horren arrazoia? zer da lortu nahi duzuena? gure telebista publikoan inongo lotsarik gabe esan dezaten gero “alderdi demokratiko guztiek” gutxiegi iritzi diotela azken agiriari. ez al da ba euskal gizartearen gehiengoa poztu albiste honekin? ez al da ba gehienontzat aldaketa baterako abiapuntua? hain kritikoak zaretenok, zeri ari zarete itxaroten zuen ipurdiak mugitzeko? zinemagile etsituaren ametsak, amets gaizto bihurtzeko ordua ailegatu da eta horretarako bideak asko dira. osasuna eta bitamina!

  • Lukas Mateo 2010-09-06 15:31

    Basquiat adiskidea, esaten dituenetan oinarritzen naiz ni idatzi dudana idazteko. ETAk dio “atzo bezala gaur” jarraituko duela borrokan berak optimotzat jotzen duen egoera erdietsi arte. Niri hori gurasokeria iruditzen zait, eta defendatu uste duen herriarenganako konfiantza gutxi eta errespetu eza. Besatlde zeu bai oinarritzen zarela ezjakintasunean besteok inmobilismoaz akusatzeko. Zer dakizu zuk guri buruz? Nola dakizu mugitzen garen ala ez?
    Hala ere nire irudipena borobilduko dizut: sinetsi nahi dut ETAk ez duela sekula gehiago atentaturik egingo. Errealitate politikoak gainditua duela aspaldi. Baina, zoritxarrez hori ez du azken agiriak ez esaten eta ez bermatzen. Eta zeuk ere badakizu ederki. Ez esan ezetz.

  • lukas mateo da herri honen ordezkari eta berme bakarra… edo bestela esan, zerbaiten alde zerbait egiten duen orok pentsatu ohi du bera baino handiagoa den zerbaiten ordezkari ari dela: berdin da zer hori herria edo arrazoia, jainkoa edo natura, egia edo soldata duina izatea… kasu guztietan unibertsal baten izenean aritzean baitago zeozer (bidezkoa ala bidegabea) egiteko zilegitasuna… aktibismo oro pikutara lihoake nork bere izenean aritu beharko balu… ai, baina, gaur aktibista izatea ze itsusia den! batez ere, biolento minoritarioen kasuan… eta zer esanik ez, bermerik ematen ez duten terroristen kasuan (halaxe da, gaur egin ezin zara fidatu ezta terroristekin ere…)
    zabaldu begiak, mesedez, egun politak datoz euskal herrira..

  • Lukas Mateo 2010-09-06 18:12

    Lukas Mateo ez da ezeren bozemale. Ez da inoren ordezkari. Asmorik ere ez. Atsegin du aktibismoa, orohar, bai baitaki mundua nola den aldatzen. Idatzitakoparekin soilik nahi izan du bere iritzi zuzen edo okerra plazaratu libertatez, eta beste batzuenak ezagutu. Tartean Basquiat eta Edurenak. (Eskerrik asko, bide batez). Dogmak ematen dio min berari, alde bateko eta besteko disidentziak onak direla uste du jeneralean, (lastima disidentzia ere ez izatea arrazoia edukitzeren berme eta sinonimo). Bera ere desiratzen dago aldarrikatzen dituzuen egun polit horiek bizitzeko, baina saiatzen den arren, gurasokeria ikusten du ETAren agirian, eta hori ez du batere gogoko. Horregatik idatzi du horixe, eta ez besterik.

  • Hainbeste lukas eta mateorekin, ni ere galduko naiz azkenean egoera bibliko eta surrealista honen erdian. Unean unekoa egitearen aldekoa nauzu eta horregatik esaten nizun borroka armatuarekin hain kritiko izan diren horiek orain dutela momentua ipurdia mugitzeko (eta arrazoia duzu, ez dakit zein den zure kasua). hala ere, ETAren tutela, euskal gizartea gutxiesten duela, betiko planean jarraitzen duela… horiek guztiak, Lukas Mateo jauna, nazkatzeraino entzun ditugun aitzakiak baino ez dira. Ezer egin gabe biziraun eta gainera besteak kritikatzeko aukera bikaina eskaintzen duten aitzakia merkeak. Eta galdera bera egingo dizut beste behin, zer da kritika edo dena delako horrekin lortu nahi duzuna? entzun al dituzu hango eta hemengo espainiar nazionalistak gaur? haiek behintzat oso argi dute zer den egin behar dutena, herri hau bide politikoetatik independentziara eraman nahi dutenen zilegitasuna zalantzan jarri, herri hau herri izateko esperantzan bizi garenoi ahal bezain beste traba jarri bide horretan eta batzuk, bide hori bultzatu beharrean trabak jartzen tematuago zaudetela ematen du, benetan. Gauza bat kritikoa izatea baita (eta hori beti da aberasgarria), beste bat herri hau zapaltzen mendeak dirautenen jokoan buru belarri sartzea. sentitzen dut nire gordintasuna.

  • Lukas Mateo 2010-09-07 06:55

    Basquiat, bego zure gordintasuna horrexetan, Zeuk jakingo duzu topiko latzak esan baina benetan ez sinesteak, kritikoa izatea ona dela eta abar, nora eramango zaituen. Nigatik zaude lasai, hortxe izanen nauzu zeure alboan herrigintzako borrokan, ez izan zalantzarik, orain arte ere ez baikara egon geldirik, baina atzoko agirian ikusi nahi ez duenak bakarrik ez du ikusiko gurasokeriarik. Horixe egia. Zoritxarrez (berriro).

  • “Horixe da egia”: baina iritzi kontua denez, nekez egia bakarra. Etak dioenari garrantzi handia emanez eta egiten duenari (eta ingurutik eragiten dionari ere) kenduz, erratuta gabiltzala uste dut (eta ez dakit egia den). Aktibismo hutsa izan da Etarena, ezta? esan nahi dut diskurtso urri eta eskasa egin duela azken urteetan, borroka terrorista deritzoten horretan aritu izan da gehien bat. Eta hala ere, zer nolako garrantzi ematen dieten hitz apurrei!! Ekintzetan eta ez hitzetan ibili denari, ekintzak entzun behar dizkiogu eta azken bolda honetan hots gutxi… (eta berbaro gehiegi, ez dago txarto baina)

  • gotzon barandiaran arteaga 2010-09-08 15:08

    Gaurko egia frogatzeko modukoa ez da gurasokeria hain gutxi umekeria, inposizioa, errepresioa, ezintasun politikoaren adibidea eta indarkeria baino. Larunbaterako ADIERAZIEHk deitutako manifestazioa debekatzeko txostena Patxi Lopez buru duen Jaurlaritzak abiatu du eta nabarmen erakutsi du nor ari den Euskal Herrian eskubide zibil eta politikoak urratzen. Gatazka konpontzeko milaka euskal herritarrek dugun itxaropena zapuztu gura digute zeintzuek eta berez dituzten ardura politikoen arabera gatazka konpontzeko ardura duten horiek.

  • Eztabaida hau irakurrita, déjà-vuren sentsazioak hartu nau goitik behera. Norbaitek libreki iritzia eman (Lukas Mateok egin bezala) eta ortodoxiarekin (Batasuna/ETAren ortodoxia) bat ez datorrenenez, ortodoxia horrren zaintzaile santuak hasi zaizkigu erasoka. Eta ez argudioetan oinarritutako iritziak emanez, hori demokraten kontua da. Hemen batzuek darabiltena betiko kontsignak dira: zapaltzaileen (jainkorren, non bizi dira morroi hauek!) jokoan sartu, immobilismoa (gero etorriko dira, traidore, kolaboratzaile eta, deskuiduan, txibato hitzak)
    Egia esanik miresten dut batzuen gauzak azaltzeko modua eta pazientzia, Lukas kasurako; baina, ni neu kokotaraino nago Batasuna-ETA mundu horretatik datozen konsignak eta betiko leloak entzuteaz, benetan. Aitortuko dizuet, sortarazten didaten sentimendu bakarra nazkarena da; zinez, ezin ditut jasan haien hipokresia eta faltsukeria, haien biktimismoa. Egunero zapalkuntzaz eta zapaltzaileez berbetan eta hitz bat bera ere beraien pistolen mehatxupean bizi diren pertsonentzat. Haien sufrimenduarekin gora eta behera orduro eta hitz bat bera ere Jose Mari Korta bezalako aberkide batentzat, edo bere hiltzaileentzat. Adibideak milaka. Esandakoa, Basquiat, Edu, nazka.

  • aupa txabi

    Eduk eta Basquiatek sortzen dizuten nazka hori berori ematen didazu zuk. Nola konponduko gara? Biktimismoa diozu? Zer deritzozu ADIERAZI EHk deitutako manifestazio debekatzeari? Eta espainiako gobernuak ezker abertzalearen proiektua sustengatzen dugun milaka eta milaka herritarrek botorik eman ezin dezagun legea aldatzeari? Hipokresia eta faltsukeria ezker abertzalearen doaiak ei dira. Eta zein dira gainontzekoenak?

    jazinto

  • Gure azkenengo 40 urtetako historian sarritan gertatu den bezala, honako debate honetan ere gertatu da: Lukas Mateok ireki duen eztabaida interesgarria- ETAren oharrean zer esaten den – alde batera utzi eta betiko fundamentalismora bueltatu, ia Espainikao gobernuak zer egiten duen Ezker Abertzaleakin edo zergatik galerazten den larunbateko manifestazioa. Horrela ez dugu sekula aurrera egingo.

  • ai amatxu maitea!!! zuekin laster naz kartzelan. eztakit ze opio klase erretzen dozuen baia segi zure bidean (txabi jauna), ez zaitut eta nirean faltan botako. esanekoa, borroka garaia da eta ez tontokerietan ibiltzekoa. osasuna eta bitamina!! larunbatean denok bilbora!!

  • aupa mendi

    Nire ustez Lukas Mateok ez du ETAren agirian esaten denaz iritzik eman, ETAren ustezko gurasokeriak sortzen dion ezinegonaz baino eta ETAren agiritik horixe azpimarratzea penagarria iruditzen zait. Zer aurreratuko dugu ETAk gurasokeriaz jokatzen duen ala ez argituta? PNVk zenbat urtetan jokatu hitz egin du herri honen izenean? eta noren izenean ari dira orain Ares, Pastor eta Francisco Lopez? eta Basagoitik ez ditu esaten dituen astakeriak ” la sociedad vasca”ren izenean botatzen? eta Patxi Zabaleta edo Aintzane Ezenarrok ez dituzte behin eta berriz baldintzak eta baldintzak eskatzen euskal gizartearen izenean?

    jazinto elosegi

  • […] diodana esateko, irudipena bai, ordea. Irakurketa bera, gozoagoa eta baikorragoa da gaurkoan ordukoan baino. Idazkuntza burutsuagoa iruditu zait, nazioarteari begira idatzi beharrak diskurtsoa […]

  • […] politiko zenbaitek bezala, Lukas Mateok ZuZeun ETAri prozesua tutelatzeko nahia ikusten zioten ETAk puntu hori aipatzea aipagarria iruditu zait. Hauxe da pasartea: “Bada marka, Espainia eta […]