Espainia existitzen da orain

Hamar egunez ibili naiz Europan barna, hiri ezberdinak bisitatzen. Venezia, Zagreb, Liubliana, Budapest, Praga eta Friburgon egon naiz Iruñeko Amaiur Dantza Taldearekin batera. Uda oro atera naiz Euskal Herritik gure herriko dantzak erakustera, eta sekula ez nuen aurtengoa ikusi: Espainia existitzen da Europan.

Venezian izan ginen lehen egunean. Postuetan maskarak, gondolarien txapelak eta espainiar selekzioaren kamisetak (!). Karrikan ere, aunitz ziren kamiseta gorria soinean zeramatenak. Liublianan eta Zagreben espainiarrek harro jantzi zituzten haien selekzioaren kamisetak eta Budapesteko souvenir dendetan Villa eta konpainiaren atorrak salgai ziren. Hungariako selekzioaren kamiseta aurkitzea zailagoa zen “la rojarekin” topatzea baino.

Iaz Szegeden (Hungaria) egon ginen, eta emakume batek galdetu zidan ea nongoak ginen. Nik euskaldunak ginela esan eta berak ez zuela nire herria ezagutzen. Azaldu nion Espainiarekin mugan ginela eta berak orduan: “Spain is Italy?”. Orduan ikusi nuen, Espainia ez zela existitzen Europan. Aurten baina, berpiztu egin da estatu europarra. Espainiar turistek harro janzten dituzte haien ator gorriak, atzerrian ere aixe saltzen dituzte “la rojaren” kamisetak. Dudarik gabe, Estatu espainiarrak konkista handia egin du Munduko Futbol Txapelketaren kontura.

MzA4MQ==

eta Euskal Herrian?

Gurean ere bonbardaketa mediatiko izugarria izan dugu. Uztaileko garaipena luzatu egin dute udaran. Iruñeko karriketan ezohiko irudiak ageri dira: haurrek zein helduek jantzi dituzte espainiar selekzioaren kamisetak eta bada ere balkoneko bandera gorri eta horia kendu ez duenik. Patxi Lopez bera ere, hor dabil, Espainiaren eta espainiar selekzioaren propaganda egiten. I need Spain atzerrian, Euskaltel Spagne txirrindularitzan eta “Espainian sinisten dut, Espainia gara!” lelodun kamisetak Gasteizen. Nola eginen diogu aurre inbasio berri honi? “Kirola da, kirola baizik ez”. Baina kirola aspaldidanik erabili izan da xede politikoak lortzeko. Ikurren gudaren tenorea heldu da.

Irudia | Espainiar selekzioaren txaketa | pittaia | Creative Commons By SA
espainiar selekzioa
Iker Tubia

BARDO GORRI NAFARRA

Zer duzu buruan “Espainia existitzen da orain”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude