Energia berriztagarriak, guztion eskura
Eguzki plaka fotoboltaikoak edo airesorgailuak (haize errotak) enpresa eta erakunde handien eskura bakarrik egoteari utziko diote aurki. Orain, eskala txikiko energia berriztagarriak Gipuzkoako ikastetxe, kiroldegi, elkarte, baserri, ostatu, enpresa txiki, eraikin berezi eta abarretara iritsiko dira horien autohornikuntza elektrikoa bermatzeko, energia garbia sortzeko eta CO2 isurketak murrizteko.
Datozen bi urteetan, Energiaro proiektuak eskala txikiko 60 energia iturri berriztagarri instalatuko ditu. Horretarako erabiliko dituen teknologiak eskala txikiko eguzki plaka fotoboltaikoak eta airesorgailuak izango dira, eta proiektuko parte-hartzaileek ez dute inolako inbertsio ekonomikorik egin beharko.
Eskala txikiko eguzki plaka fotoboltaikoek 20 kw-ko potentzia dute eta familia baten urtebeteko energia beharrak asetzeko gai dira.
Lehen instalakuntzak Orioko ikastolan, Ordiziako Majori kiroldegian, Kaikuko egoitza sozialean (Urnietan), Donostiako Larramendi Kristau Eskolan eta OƱatiko Elkar Hezi Kristau Eskolan, besteak beste, adostu dituzte.
Enegiaro Ennera enpresak eta Kutxa Ekoguneak elkarlanean garatutako proiektua da. Oraingoz Gipuzkoara soilik mugatuta dagoen arren, proiektua beste lurraldetara zabaltzeko lanean dihardute.
Egungo egoera
Energiaren Aurrezte eta Dibertsifikazioaren Institutuko datuen arabera (IDAE), egun Gipuzkoak 4.500 kw/ordu kontsumitzen ditu batez beste urtebetean. Nahiko kontsumo altua da Espainiako batezbestekoarekin alderatzen badugu: 3.400 kw/ordu. Gainera energia horren guztiaren %6 soilik dator iturri berriztagarrietatik.
Europako Batasunaren helburua 2020 urterako kontsumitzen dugun energiaren %20 iturri berriztagarrien bidez lortzea da. Oraingoz helburu hori lortzetik nahiko urrun gaude, baina, pixkanaka, bideak urratzen hasi garela dirudi.