Emakumeei gutxiago ordaintzen dieten enpresak zigortuko ditu frantziar estatuak
Bestalde, arbuiatu egin zituen erretiro-pentsioaren ehuneko ehuna jaso ahal izateko emakumeek gizonezkoek baino urte gehiago izan arte lanean jardun beharra emakumearen aurkako diskriminazioa dela diotenen kritikak.
Frantziar estatuan 65 urtekoa da egun erretiro osorako adina, 60ra jaisteko aukera dagoen arren 40,5 urtean ekarpenak egin badira (41 urtean 2012tik aurrera). Pentsio sistemaren eraberritze honek 67 urteko mugara eraman nahi du adin hori, orain baino bi urte gehiagora.
Ministroak jakinarazi zuen sistema berriak bi pentsio urte gehiago emango dizkiela amatasun baimenaz gozatzeko aukera izan duten emakumeei.
Woerthen hitzetan “emakumeei dagokienean, arazoa ez da ordainketen iraupena, jasotzen dituzten soldatak baizik. Emakumeen soldatak lan berbera egiten duten gizonezkoenak baino baxuagoak dira” eta bere iritziz “hau gure demokraziari eta gizarte ereduari zuzenduriko irain bat da”.
Gaineratu zuen erreforman “gizonezkoen eta emakumezkoen soldaten artean beren soldata-masa osoaren ehuneko 1a baino gehiagoko aldea duten enpresak zigortzeko erabakia hartu” dutela, eta hori “sekulako aurrerapausoa” dela.