Greziako Gobernuaren erabakiek haien aurka egiten dute KKEren aburuz

Greziako Gobernuak martxan jarri du alderdi politikoen finantziazioaren inguruko legeri berria. KKEk haren aurkako erasotzat jo du eta ez duela agindua beteko esan du. Neurri honen bidez, alderdia diruz laguntzen dutenen datuak eman beharko dituzte “gardentasuna” dela kausa. KKE alderdiak 2, 3 eta 10 euroko kupoien bidez lortzen ditu diru-laguntzak, gisa erabat anonimoan, eta horregatik azaldu da neurri honen aurka. Aleka Papariga KKEko Idazkari Orokorrak azaldu du alderdiko kide, lagun eta diru-laguntzaile aunitz kartzelan edo erbestean izan direla iraganean. Beraz, ez du legea onartuko eta ez ditu emanen bere laguntzaileen izenak. Gainera, haien diru iturriei ez dietela muzin egingo gaineratu du, kupoiekin jarraituz eta “sostengua ematen duten milaka langileen” izenak bildu gabe.

MzMyMA==

Greziako Kanpo Arazoetarako sailburu Ragkousisek irmo defendatu du bere Gobernuak hartutako neurria. “Legea halabeharrez betearaziko da” eta alderdi komunistari mezua helarazi dio: “KKE ez bada honekin konformatzen ondorioak jasango ditu”. Legea betetzen ez duena ez dela Autoritate Lokaletan ordezkaturik egonen gaineratu du sailburuak.

KKEk argi du zein den Gobernuaren helburua. “Alde batetik egiten dituen politika ez-sozialak makilatu nahi ditu eta bestetik KKEren ekintza politikoaren aurka egin nahi du, Gobernuaren politiken aurka baitago”. Haien aburuz neurri honek ez du “diru beltzarekin” amaitu nahi, aitzitik, alderdiak diruz laguntzen duten pertsonen izen-abizenak “estatu burgesaren esku uzteko neurria” da. “EBko eta Europa osoko ideologia ofizialari, antikomunismoari, men egiten dio”.

Azaroaren 7an izanen dira eskualde eta udal hauteskundeak Grezian.

Irudia | Bandera gorriak KKEren aldeko kontzertuan | karpidis | Creative Commons By SA
grezia, kke, politika
Iker Tubia

BARDO GORRI NAFARRA

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude