Dantzan Euskal Herrian bideoaren egilearekin elkarrizketa berezia Australiatik
Albisteak 2.0 webtv saioan, albiste teknologikoak, Interneteko euskal aktualitatea lantzen dugu astero Hamaika Telebista eta sarerako. Denboraldi berri honetan, hilero elkarrizketa bat ere gehituko diogu gure jardunari.
Eta ikasturte hasiera honetan, Dancing in the Basque Country bideoaren egile eta sortzailea ekarri gura izan dugu gurera. Iñaki Goiko Australiara joan berri da, hainbat astetan saiatu izan gara -bai bera, eta bai gu- harremana egiten ostiraletarako, baina bera bertara heldu berria izaki, ez bide da erraza izan.
Azkenean Sydneyko hanburgeseria batean zita egitea lortu dugu. Platoan, ordenadoreak eta pantailak prest, kamara ezberdinak grabatzeko gertu… eta saio honetan eskaintzen dugun elkarrizketa hau egitea lortu geneun. Youtuben nekez topatuko duzu bisita gehiagorik izan duen euskal ekoizpenik, eta horrek bide bat ireki du euskaldunontzat: sormena, ausardia eta lana. Ia bi urtez aritu dira Iñaki Goiko eta lagunak kantuak grabatzen, dantzan, batetik bestera kamera eskuan. Hau da emaitza, zoriontzekoa.
Albisteak 2.0 saio honetan, asteko albiste teknologikoak (tartean umap.eu twitter mezuen agregatzailea), Internet eta sarea gai hartuta datozen asteotan Altsasun, Bilbon edo Gasteizen burutuko diren jardunaldiak edota bideo Gomendioak eskaintzen jarraitzen dugu.