Boxeo mediatikoa
“Nazioa, estatua eta eztabaida” izenpetu du Javier Vizcaínok bere eguneroko zutabea. Eta azken egunotan irakurri dudan titulu esanguratsuena iruditu zait, nazioa, estatua eta eztabaida bereizi baititu hitz jokoan, edo hala interpretatu dut nik, behinik behin. Izan ere, eztabaida telebisatuaren ajeak utzi didan sentsazioa horixe da: nazioak batetik, estatua, gobernua eta oposizioa bestetik eta azkenik, eztabaida eta komunikabideen iritzi publikatua, aurkako norabideetan doazela.
Asteazken eta ostegunean ia medio guztiak zetozen bat: krisi ekonomikoa eta Estatutu Kataluinarraren ebazpena izan ziren aztergai nagusiak parlamentuan. Edonola, zertarako egin gai biei buruzko analisiak “Zapatero vs Rajoy” buruz buruko bizia erakutsi baldin bazezaketen? “Nork irabazi du?” galdetzen zieten irakurleei. Boxeoak gehiago saltzen du, badakizu.
Baina, gaur goizean, telebista piztu eta beste gai batzuez aritu zaizkit sasianalista politiko espainiarrak. Egunkarietan prostituzioa iragartzen duen publizitatea debekatu beharko litzatekeen ala prostituzioa bera ote den ilegalizatu behar dena eta freskagarriak saltzen dituzten makinak eskoletatik kendu beharko liratekeen, besteak beste. Ezustekoa eman dit magazinen gai ordenak, Zapaterok jaurti zien amuak espero baino bizkorrago harrapatu baititu komunikabideak, eta gozo distraitu gaituzte gu ere hark ezarritako gaiekin.
Boxeolari biak izan dira irabazle: Zapatero eta Rajoy. Gobernuaren zein oposizioaren erreformarako ezintasunaz ala gizarteak biengan duen konfiantza eta interes faltaz gutxiegi aritu dira medioak eta Auzitegi Konstituzionaleko magistratuak berritzeko premia salatzen duten eztarriak goxatu eta ixilarazi dituzte, presidenteak nazio direnei ahoa estali ezin zitzaiela esan zuen arren. Ahoa estali ez, baino haiek esango dituztenek ez dezatela zerikusirik izan estatuarekin. Nazioak, estatua eta eztabaida ez baitira gauza bera.