Barkazioak

G_K_ChestertonBakarren batek pentsatuko du Xabier Etxabek, artikulu honetan, Aita Santuak Madrilera gazteekin egindako bidaiaren inguruan idatziko ote duen; izan ere, “barkazio” hitzarekin izan zezakeen lotura artikuluaren izenburuak, eta bidebatez aipa nitzakeen laizismoaren aldekoei edo Aita Santuaren bidaiaren kontrakoei –ez derrigorrez biak batera– entzundako iritziak, eta baita haiek bisitaren aldekoekin izandako gorabeherak ere. Edo, gizarte gero eta sekularizatuagoa omen den honetan, milioi bat gazte otoitzean elkartzeak sortu dizkidan gogoetak. Komunikabideek bisita horri eskainitako tartea eta enfokea ere aztertzeko moduko kontuak iruditzen zaizkit. Baina beste batean beharko du izan; izango da eta, seguru, horren inguruan idatziko duenik.

Gure aitona zenaren esamoldea nahi nuen ekarri gogora, besterik ez, udaberria etortzen zen bakoitzean aguro galdetuko baitzigun hark: “Honezkero laster izango dituzue barkaziyuak?”. Grazia egiten zigun, artean ez genekien eta, nahiz eta sumatzen genuen, euskara jator erabiltzeko ez zela derrigor garbizalea izan behar: “opor” versus “barkazio”, “askari” versus “merienda”, “garrantzitsu” versus “inportante”, “iritzia” versus “oponiyua”…

Ez nago seguru zergatik den: elkarri ezer esatekorik ez dugulako, edo isilik egoten jakin ez eta zerbait esateko premia dugulako; kontua da azkenaldian, kalean ezagunekin topo egitean, askok modu berean agurtu nautela: “Animo Xabi, gutxiago falta zaizula!” (Barkazioak bukatzeko, alegia). Akaso inbidia izango da, irakasleen opor luzeak, badakizue. Beti iruditu zait oso ohitura txarra egunak kontatzen aritzekoa: zenbat egun falta diren klaseak bukatzeko, zenbat lanean hasteko, zenbat jubilatzeko… denboraren esklabo beti. Ez al da hobe kontabilidaderik ez egitea? Etorriko dira lan-egunak bere kabuz, eta berriro barkazioak ere bai. Egia horretaz jabetzeko ez da askorik estudiatu behar; edo, bestela, hain famatuak diren “autoayuda” liburu bat erosi edo, askoz hobeto, horren inguruko hitzaldi garesti horietako batera joan zaitez: Donostiako Miramar-en izan zen bat iaz, edo aurreko urtean, idazle –eskritore, esan beharko nuke?– ezagun batek emana. Igual inork pentsatuko du oso erraza dela nire diskurtsoa hainbeste opor-egun edukita. Baina, xelebreena da, irakasleekin topo egin dudanean ere oso antzeko komentarioak egin dizkidatela: “Gutxiago falta zaigula, erdia pasa da!”.

Ez al dituzue udan, edo lanera joan behar ez duzuen egunetan, egin beharko zenituzketen gauzen zerrenda egiten? Mentalak, edo idatziak batzuetan? Eta, ez al dira horietako asko edo gehienak egin gabe gelditzen? Nireak bai, behinik behin; nahiz eta, saiatzen naizen, egindakoak baloratzen eta egin gabekoengatik gehiegi ez estutzen. Egin gabeen artean jarri beharko ditut oraindik bizirik ditudan familiakoei bisitak; pasa dira hilabete batzuk azkenekoz Maria bisitatzera joan nintzela, aspaldiko urteetan Ondarrun bizi dena. Harrigarria da baina, hura ikusita, gure aitona zena ikusten dut aurrez aurre; nola da posible, etxe berean hain urte gutxi bizi, eta hainbesteko antza izatea? Karakterrean, pentsamoldean, jestuetan, hitz egiteko posturan… Irakasle, sendagile eta, oro har, pertsonekin lan egiten dugunontzat irakatsi handia da hori: oraindik orain, norbere izaera, marka, deitu jeneak nahi baldin baduzue, hori dela gure osasuna eta etorkizuna finkatzen duen ezaugarririk nagusienetakoa.

Bukatzeko, azken aldian irakurri ditudan liburu horietako bat aipatu behar dizuet –badakizue, eskritore handiek beti ematen dituzte, uda-garairako, hainbat titulu gomendagarri jendeak irakur ditzan, eta ni ez naiz ba gutxiago izango!–. Lagun batek pasa zidan erreferentzia, idazle horren liburu-poliziakoak irakurtzen hasi baitzen bera eta, zeharo engantxatuta, beste idatzi batzuk ere irakurri zituen gero. Niri pasa zidan liburua ez da poliziakoa; artikulu motzez dago osatua eta titulu sujerentea du oso: La mujer y la familia.

Esaten baldin badizuet idazlea apaiza izan zela, seguru asko joango zaizkizue irakurtzen hasteko gogoak. Baina prejuiziorik gabe irakurri zaleak baldin bazarete, hasi eta bukatu di-da batean egingo duzue eta disfrutatuko duzue idazlearen argumentazioen zorrotzaz eta idazketako gaitasunaz. Idazlea Chesterton da, eta haren liburu poliziakoen detektibe protagonista, Brown apaiza. Nahiko informazioa badu sarean, idazle horren arrastoen atzetik joan nahi duenak. Ez zaio damutuko.

Irailean bueltatuko naiz, ordurako barkazioak bukatuta.

Ondo izan.

Xabier Etxabe Zulaika

2011ko abuztuaren 22an

Zarautz (1974). Xabier ingeniaria izateaz gain, idazlea eta folklorean aditua....